Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: «Bizilagunen mugikortasuna eta herrien arteko konektagarritasuna bultzatzen du Oka gaineko pasaleku berriak»

2014.eko martxoak 26

 

  • Bi ibaiertzen arteko 28 metroko baoa urari oztopo ez egiteko moduko altueran gainditzen du
  • Gaurtik aurrera Foruko eta Kortezubiko udalerriak lotzen ditu Atxaga eta Enderika inguruan.
  • Haren azpian uhalde-enarentzako sei habia artifizial paratu dira

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politiketako sailburu Ana Oregiren ustez, gaur zabaldu den Oka ibaiaren gaineko pasaleku berriak «bizilagunen mugikortasuna eta herrien arteko konektagarritasuna bultzatzen du, eta hori Okaren goi-estuarioaren ingurumen-ezaugarriak leheneratzeko bidean urrats berri bat da Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean».

Eskualdeko alkateekin, María Uribe foru-zuzendariarekin eta bestelako gizarte-eragile batzuekin batera, gaurtik aurrera Forua eta Kortezubi udalerriak Atxaga eta Enderika inguruan lotzen dituen oinezkoentzako azpiegitura aurkeztu du gaur goizean Oregik.

1910eko hamarkadan goi-estuarioa bideratzeko hegotik iparrera doan ubidea eginagatik, ibaiaren bi aldeek ez dute elkarrekin komunikatuta atxikitzeko moduko oinezkoentzako konexio finkorik izan. Hori horrela, Gernika-Lumo, Arratzu, Kortezubi, Murueta eta Forua udalerrien artean oinezkoentzako eta txirringentzako konektagarritasuna hobetuko da elementu berriari esker.

Eremuan zurezko bide egokituren sarearekin eta ezarritako seinale eta oholekin batera, bertako biztanleak zein bisitariak ingurumen-balio aparteko ingurura hurreratuko ditu pasalekuak, eta interes kultural eta natural handiko hainbat ibilbide egitea ahalbidetuko du.

«Proiektuaren helburua, Biosferaren erreserben xedeei jarraikiz, bai kontserbazioaren arloko, bai garapeneko helburuak ditu, eta estuarioko eremu horren ingurumen-ezaugarriak leheneratzea eta klima-aldaketak eragindako itsas-mailaren gorakadari aurre egitea da» dio Oregik.

Garapena

Ingurumeneko sailburuak adierazi duenez, «naturaren kontserbazioa eta erabilera publikoa uztartu ditu pasalekuak. Horretarako, jasangarritasunaren gaineko heziketa, mugikortasun jasangarria eta Urdaibairen garapen ekonomikoa sustatu nahi dira, ekoturismoaren bidez. Esparru horri eta azken urteotan egindako bide-sareari esker, bermatu egingo da Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzeko balio naturaletara eta kulturaletara iritsi ahal izatea».

Corten altzairua

Pasalekuaren bi ertzetan lurpeko zimenduak lohian sartutako mikrotantaien bidez ezarri, zubiaren egitura metalikoari eutsiko dioten porlanezko zutabeak egin eta dena muntatu eta gero, akabera-lanak egin ditu Eusko Jaurlaritzak: zurezko oholtza eta eskudelak jarri, porlanezko elementuak estali eta ezker-ertzeko bidearen inguruan bertako landareak aldatu.

Bi ertzen arteko 28 metroko baoa gainditzearren eta urak ez dezan inolako oztoporik aurkitu behar besteko altuera ematearren, tokiaren ikusizko balio altua aintzat hartuta, Corten altzairuzko egitura fin eta lirainez diseinatu dira pasalekua bera eta haren arrapalak, ubide zaharraren ikuspegi linealari oztopo egingo ez diotena. 

Jarduerak

Egituraren zurezko estaldurak eta eredutzat inguruko lezka (Phragmites australis) hartu duen hesiaren diseinuak aukera ematen dute areago nabarmentzeko pasalekua ikusizko balio handiko inguruan, goi-estuarioan, hain zuzen, txertatua dela. Zubiaren azpian uhalde-enarentzako sei habia ezarri dira. Espezie hori migrazio-sasoian baizik ez da ikusten Urdaibain.

Apirilaren 2tik 6ra bitartean, hainbat hitzaldi eskaini eta haur-jarduerak antolatuko dira goi-estuarioaren inguruko herrietan. Zehazki, proiektuari eta faunari, florari, estuarioko historia geologikoari eta ondare kulturalari buruzko mintzaldiak izango dira, hura hedatzeko. Hori guztia estuarioan barrena egingo diren bisitaldi gidatuekin osatuko da.

 

Ortoargazkien iturria: GeoEuskadi 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @protecmadera
    2014.eko martxoak 27

    Comentario de Twitter:
    Abren al público la pasarela sobre el Oka en #Urdaibai que hemos forrado de madera @irekia http://t.co/kc5BOVlMMG http://t.co/uQzmScXvQm

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • María Uribe