Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak udalerri txikietarako ereduzko Bide Segurtasunerako Plana osatu du

2014.eko martxoak 24
Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak udalerri txikietarako –10.000 biztanle baino gutxiago– eta udalerri oso txikietarako –2.000 biztanle baino gutxiago– ereduzko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Plana osatu du, udalerriok beren planak osatzeko eta herriguneotako istripu-tasak murrizteko baliagarria izango delakoan.
 

Eusko Jaurlaritzaren 2010-2014 aldirako Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintza da hori, eta berritzailea da erabat, orain arteko planak tamaina handiagoko udalerriei begirakoak ziren eta. Euskadin dauden 251 udalerrietatik 204k 10.000 biztanle baino gutxiago dituzte.

«Bide-segurtasunaren esparruan, ezin gara ahaztu euskal udalerri gehienez; hau da, 10.000 biztanle baino gutxiagokoezazaldu du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Horrenbestez, ereduzko bide-segurtasunerako plan bat osatu dugu, udalerriek bere ezaugarriak ebaluatu, eta mugikortasun iraunkor eta segururako neurri positiboak proposatzeko garaian, zeri heldu eduki dezaten».

Udalerrien eskumenekoa da beren titulartasuneko errepideak zaintzea eta hobetzea, ibilgailuen eta pertsonen zirkulazioa antolatzea udaltzainen bidez, halakorik badute (5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriak Udaltzaingoa izatera derrigortuta daude; Udaltzaingoa duten euskal udalerriak 38 dira), errepideen erabilera ordenantzen bidez arautzea (oinezkoentzako eremuak, abiadura-mugak, seinaleen zaintza, etab.) eta estatistikak eta planak egitea.

EUDELek, ekimen honetan partu hartu baitu, azpimarratu nahi du Plan-Tipo hau tresna baliagarri eta eraginkorra dela Bide Segurtasun Planak inplementatzeko interesa duten udalek oinarrizko metodologia izan dezaten, horrek mugikortasun seguruagoa eta jasangarriagoa lortzen lagunduko duelako.

Motorizazio-indize altua

Udalerri txikiek, oro har, motorizazio-indize altuak dituzte, joan-etorrietan ibilgailu pribatua erabiltzeko premia handiagoa delako (zenbat eta biztanle gutxiago, orduan eta zerbitzu-eskaintza txikiagoa; hau da, udalerritik ateratzeko premia handiagoa).

Udalerri batetik bestera, baina, alde nabarmenak egon daitezke. Mugikortasunari eta bide-segurtasunari eragiten dieten elementuen eta mugikortasunaren ezaugarrien artean daude honako hauek: hiri-tipologia, dentsitate txikiko urbanizazioak eratzea eta apartatutako jarduera-guneak –industrialak eta zerbitzuzkoak– sortzea (ibilgailuaren erabilera areagotzen dute), zeharbideak egotea eta lurralde antolamendua (udalerria komunikazio-ardatz batean kokatua egotea, garraio publikoaren eskaintza izan edo ez). Alderdi horiek guztiak hartu behar dira kontuan udalerriko bide-segurtasunerako plana egiteko garaian.

Trafiko Zuzendaritzak proposatutako ereduzko planak hainbat helburu orokor –2020rako bete behar direnak– ezartzen ditu: harrapatzeen kopurua % 30 murriztea, hirigunean hildakoen kopurua zerora murriztea, ibilgailu pribatuaren erabilera burutik kentzea ekar dezakeen garraiobide jasangarriak sustatzea, bizikletazko mugikortasuna areagotzea istripu-maila handitu gabe eta biztanle-segmentu guztien irisgarritasun handiagoko mugikortasuna lortzea.

Helburu orokor horiek udalerri bakoitzaren ezaugarrietara moldatu beharko dira, kontuan hartuta egindako diagnostikoa, eta tokian tokiko datuak bilduta eta egoera aztertuta.

Ereduzko planak helburuak jarduteko esparruekin eta neurriekin lotzen ditu, eta lan-metodologia bat eta udalaren lidergoan eta beste erakunde batzuekiko elkarlanean eta koordinazioan oinarritutako estrategia bat eskaintzen du.

Metodologia eta proposamenen katalogoa

Agirian, Trafiko Zuzendaritzaren web gunean eskuragarri dago (www.trafikoa.net), ereduzko planaren edukiak izan beharko liratekeenak azaltzen dira. Informazioa jasotzeko lehen fasearen ondoren (biztanleen adin-taldekako banaketa, ezaugarri sozioekonomikoak, errepide-azpiegitura, ibilgailu pribatuen kopurua eta istripu-tasa), udalerriko bide-segurtasuneko arazoak eta zerk eragiten dituen identifikatu behar dira. Ondoren, ildo estrategikoak eta tokiko helburu zehatzak ezartzen dira, proposamen egokienak egiteaz gain.

Trafiko Zuzendaritzak argitaratutako ereduzko planak proposamenen katalogo bat dakar, erreferentzia gisa erabili daitezkeen adibideez gainera. Zerrenda luzea da; barne hartzen ditu trafikoa berrantolatzeko neurriak, bidegurutzeen tratamendua, aparkalekuetarako esku-hartzea, zirkulazioa baretzeko neurriak, 30 guneak eta oinezkoentzako eremuak sortzea eta herritarrak kontzientziatzeko kanpainak.

Plana abiaraztean parte-hartze orokorra sustatzeko jarduerei buruzko gomendioak ere badakartza. Horren guztiaren adibide argigarria dakar agiriaren azken atalak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)