Berriak Lehendakaritza
Eu

Gero eta gazte gehiagok egiten diote uko guraso izateari

2014.eko martxoak 24

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman du EAEko Familiari buruzko txostena

 

Euskal gizartea irekia agertzen da ohiko familia ez den beste hainbat familia motari. Halaber, gora egiten du seme-alabarik izango ez duen edo seme-alaba gehiagorik izango ez duen pertsonen kopurua (%65 orain,%56 2001ean) eta herritarren gehiengoak (%82) uste du zaintza partekatua egokiena dela seme-alaben ongizatean pentsatzen badugu. Datu horiek Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabineteak egindako EAEn Familiari buruzko txostenetik hartu dira. Txosten hori gaur aurkeztu da eta bertan jasotako informazioa atera da otsailaren bukaeran egin ziren 1.200 elkarrizketetatik.

GIZARTEA IREKIA AZALTZEN DA FAMILIA TRADIZIONALAZ BESTEKO FAMILIEKIKO

Herritar gehienen ustez, planteatutako familia mota desberdinak elkarbizitza modu egokiak dira, nahiz eta ehunekoak desberdinak izan familia motaren arabera. Oso gutxik jo dituzte desegokitzat familia tradizionalaz besteko familia motak.

Tradizionala deituriko familia, ama, aita eta seme-alaba biologikoek osatutakoa, oso edo nahikoa egokia da %99ren iritziz. Horren atzetik datoz ama, aita eta seme-alaba adoptatuek osatutakoa (%95), bikoterik gabe ama izan den emakumea eta seme-alabek osatutakoa (%89) eta aurrez banandutako gizon-emakumeen bikoteak eta bakoitzaren seme-alabek osatutakoa (%84).

Bi emakumez osatutako bikotea eta beren seme-alabak (%75), eta, azkenik, bi gizonezkok osatutako bikoteak eta euren seme-alabak (%73) ere elkarbizitza modu egokiak dira.

Herritargoa ia erdibituta azaldu da seme-alabak hezteko familia mota desberdinen egokitasunari buruzko iritziari dagokionez: %43ren iritziz, haurrak hezteko onena amarekin eta aitarekin bizitzea da, eta %44ren ustez familia mota desberdinak egokiak izan daitezke umeak hezteko.

GERO ETA GAZTE GEHIAGOK EGITEN DIOTE UKO GURASO IZATEARI

EAEko hamar biztanletik zortziren ustez seme-alabak izatea ez da beharrezkoa emakume batek zein gizonezko batek euren burua errealizatua ikusteko. Iritzi hau asko zabaldu da azken urteotan, 2001ean %55ek uste baitzuten ez zela beharrezkoa emakume batentzat eta %59k gizonezko batentzat.

Herritarren %65ek diote ziur ez dutela seme-alabarik izango edo ez dutela izango orain dituztenak baino gehiago. %20k diote izango dutela, %6k segur aski izango dutela eta beste %6 ez daude ziur. 2001eko emaitzekin alderatuta, murriztu egin da ziur edo segur aski seme-alabaren bat izango zutela ziotenen ehunekoa (%33tik %26ra) eta handitu egin da ez dutela izango ziurtasunez diotenena eta ziur ez daudenena (%63tik %71ra).

Esanguratsua da 18 eta 29 urte bitartekoen artean ziur seme-alabarik ez dutela izango diotenen ehunekoa %5etik %21era pasatu dela.

SEME-ALABAK IZATEAK GEHIAGO ERAGITEN DIO EMAKUMEEN LAN BIZITZARI

EAEko herritarrek hautematen dute seme-alabak izateak ondorio desberdinak dituela emakumezkoen eta gizonezkoen karrera profesionaletan: %22k uste dute seme-alabak izateak asko oztopatzen duela emakumearen karrera profesionala eta %45ek nahikoa oztopatzen duela. Gizonezkoen karrera profesionalari buruz iritzi hori bera dute hurrenez hurren %3k eta %11k.

Ildo beretik, herritarren %85 ados daude lana eta familia bateratzeko gaur egun emakumeek gizonezkoek baino ahalegin handiagoa egiten dutela dioen baieztapenarekin.

Seme-alabak dituztenei, izan zituztenean lanaldian egindako aldaketei buruz galdetuta, %62k diote ez zutela aldaketarik egin, %24k ordu gutxiagoz lan egiten hasi zirela eta %13k ordu gehiagoz. Gizonezko eta emakumezkoen arteko aldea esanguratsua da: Emakumezkoen %45ek euren lanaldia laburtu zuten bitartean, gizonezkoen %5ek egin zuten hori bera.

Lan promoziorako aukerei dagokienez, herritarren %10ek diote seme-alabak izatearen ondorioz asko murriztu zaizkiela, %14k pixka bat murriztu zaizkiela eta %64k ez zaizkiela aldatu. Gai honetan ere gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldeak nabarmenak dira: emakumeen %44k uste dute euren promoziorako aukerak asko edo pixka bat murriztu zaizkiela; aldiz, gizonezkoen artean %11k uste dute hori.

GEHIENGO ZABALA ZAINTZA PARTEKATUAREN ALDE

Herritarren gehiengo zabal baten iritziz (%82), bikote bat banantzen denean, seme-alaben ongizatean pentsatuz, zaintza-mota egokiena partekatua litzateke.

SEME-ALABEKIN PARTEKATUTAKO DENBORA

Seme-alabekin pasatzen duten denbora libreari buruz emakumezkoek eta gizonezkoek duten pertzepzioa desberdina da: emakumeen %69k diote beren bikotekideak baino denbora libre gehiago pasatzen dutela seme-alabekin, %27k biek denbora berdina pasatzen dutela eta %4k beren bikotekideak gehiago. Aldiz, gizonezkoen artean, %17k diote beren bikotekideak baino denbora libre gehiago pasatzen dutela seme-alabekin, %42k biek denbora berdina pasatzen dutela, eta %40k beren bikotekideak denbora gehiago pasatzen duela.

2001ean jasotako datuekin alderatuta, badirudi emakumezkoen eta gizonezkoen pertzepzioak orduan baino urrunago daudela dirudi: bi taldeetan handitu da denbora gehien pasatzen dutenak eurak direla diotenen ehunekoa (%10etik %17ra gizonezkoen artean eta %62tik %69ra emakumezkoen artean).

Adin txikiko seme-alabekin gehien partekatzen diren jarduerak dira: hitz egin edo gauzak komentatu (%85ek egunero egiten du), elkarrekin afaldu (%84), mimoak edo ferekak egin (%84), ikasketekin edo eskolako lanekin lagundu (%64), jolastu (%64), telebista elkarrekin ikusi (%61), elkarrekin gosaldu (%55), etxeko lanen bat elkarrekin egin (%49), elkarrekin bazkaldu (%33) eta zaletasunen bat elkarrekin praktikatu (%25).

AITONA-AMONAK BILOBEN ZAINKETAN

Seme-alabak dituztenen %34k diote horien zainketan aitona-amonek asko hartu dutela parte, %24k nahikoa eta %41ek ez dutela batere edo ia batere parte hartu.

Umeen zainketarako aitona-amonengana jotzea 30 eta 45 urte bitartekoen artean dago zabalduen (%46k diote aitona-amonek asko hartu dutela parte zainketan).

FAMILIA DA BIZITZAKO ASPEKTURIK POZGARRIENA

Familia da EAEko herritarrek poztasun handiena duten euren bizitzaren aspektua, neurtutakoen artean. Zehazki, %77k diote oso pozik daudela eta %20k nahikoa pozik daudela euren familiarekin. %46 oso pozik daude euren osasunarekin, %45 euren aisialdiarekin, %37 beren formazio mailarekin eta %33 beren lanarekin.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko martxoak 24

    Estos datos son de sobra conocidos, pero la pregunta es ¿para cuando la corresponsabilidad parental?, ya está debatida en el parlamento vasco
    eskerrik asko

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)