Berriak Osasuna
Eu

Osasun sailburuak agerraldia izan du Legebiltzarrean Trebiñuko haurraren heriotzaren berri emateko

2014.eko martxoak 26

Gaur goizean, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren arduradun nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean agertu dira, beraiek eskatuta, joan den astean, Anne Ganuza haurraren zoritxarreko heriotza ezagutu bezain laster abian jarritako ikerketa-prozesuaren emaitzen berri emateko.

Osasun sailburu Jon Darpón Eusko Legebiltzarrera joan da, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria, Osakidetzako larrialdietako kudeatzaile Jose María Unanue eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako zerbitzuburu Maria Pilar Botella lagun zituela.

 Agerraldia hasteko, bertaratuek doluminak eman dizkiete haurraren senideei. Halaber, lehen une horietan, Osakidetzak irekitako ikerketa-prozesuan agertutako lanerako azkartasuna goratu da, bai eta ikerketak agerian utzitako erantzun- eta analisi-gaitasuna nabarmendu ere. Era berean, prozesu osoan gardentasunez jokatu nahi izan dela azpimarratu da, une oro jakinarazi baitzaie eragindako pertsonei ikerketa-prozesua zertan zen.

Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumoko Batzordearen aurrean, iragan martxoaren 16an, igandea, Anne Ganuza Arabako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi-zerbitzuan artatu zutenetik aurrera gertatutako zehatz-mehatz kontatu dute. Kronologikoki eta zehaztasun handiz eman dituzte ezagutzera haurrari emandako arreta eta lehen arretan alta emateko erabakiaren arrazoiak. Horren harira, Osakidetzak irekitako espedientearen mediku instruktorearen arabera, «Arabako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi-zerbitzuaren eta bertako profesionalen jardunbidea egokia izan zen».

Hala ere, amak martxoak 17aren, astelehena, goizean 112 Larrialdi-zerbitzura deitu zuenean Anne Ganuzari emandako osasun-arretari dagokionez, espedientearen mediku instruktoreak ebatzitakoaren arabera, osasun-garraioaren ordez guardiako medikua bidaltzeko erabakia «heriotzan eraginik izan ez zuen jokabide desegokia izan zen». Horrenbestez, baliabide medikoak mobilizatzeko ardura duen mediku profesionalari zigor-espedientea irekitzea erabaki du.

Agerraldian zehar, osasun-arduradunek Anne Ganuzaren heriotza zerk eragin zuen jakinarazi diote Osasun Batzordeari; alegia, «bat-bateko shock septiko» batengatik hil zen. Azaldu dutenez, infekzio oso larria da, ezohikoa oso, eta hilkortasun-tasa handikoa.

Legebiltzarrean esandakoaren arabera, Trebiñuko Konderriko 1.400 biztanleei behar dutenean arreta emateko osasun-baliabideak mobilizatzea ohikoa da. Larrialdi-zerbitzuek emandako datuen arabera, 2013 urtean, 123 kasu artatu ziren, beti ere baliabide beharrezkoak mobilizatuta, helikopteroa, bizi-euskarri aurreratuko anbulantziak, bizi-euskarri oinarrizkoko anbulantziak, larrialdietako etxeko medikuak, eta abar barne. Esan dutenez, osasun-baliabideak mobilizatzeko erabakiak irizpide profesionaletan oinarritzen dira.

Gainera, publikoki eman zaizkio eskerrak Gaztela Leongo Juntari, azken egunotako lankidetza absolutu eta erabatekoagatik, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gaztela Leongo Juntak 2012ko urtarrilean lankidetza-protokoloa sinatu aurretik ere lankidetza sendoa, egokia eta eraginkorra zela adierazi dute. Horri lotuta, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioarekin izandako lankidetzaren eta komunikazio-fluxuaren berri eman da.

Bestalde, goizean zehar, azken urteetan beste autonomia-erkidego batzuetan bizi diren euskal herritarrei kezka eragin ahal izan dien gai bat ere izan dute hizpide. Alegia, udalerri mugakideetako biztanleei osasun-arreta emateko lankidetza gainerako herritarrei zuzendutakoaren berdina da: egokia denez, erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa ez lirateke ezbaian jarri behar zorigaiztoko salbuespen batengatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)