Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskal partzuergo batek landare-, okela- eta esneki-hondakinen % 70 aprobetxatzeko metodologia bat garatuko du

2014.eko martxoak 24

Milaka tona azpiproduktu sortzen dira egunero Europan elikagaigintzaren arloan, eta profitatzen ez direnez, hondakin bihurtzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien sektoreak 4 milioi tona materia organiko, azpi-produktu eta hondakin ekoizten ditu urtean. Haietatik 113.000 tona landare-, okela- eta esneki-hondakinak dira; elikagai ugariko edukia dute eta lehengai bihur litezke berriz, animalien elikaduran erabiltzeko zein bioerregaiak sortzeko.

Adituek diotenez, hondakin horien % 70 baloriza liteke, gutxienez. Hala ere, alferrikakoa da hondakinak balorizatzea, gero merkatuan saltzeko moduko produkturik ez bada sortzen. Galdera honetan laburbiltzen da arazoa: Nola jakin genezake merezi duen ala ez duen merezi azpiproduktu bat balorizatzea halako eta ahalako kondizioetan ekoitzi bada?

Galdera horri erantzun nahi dio GISWASTE proiektuak. Europar Batasunaren LIFE programak parte hartzen du proiektuan, eta AZTI-Tecnalia zentroak koordinatutako partzuergo bat du gidari, non Geograma eta LKS enpresak eta Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketako Sozietatea lankide baitira.

 Erabakitzeko tresna bat

GISWASTE proiektuaren helburua da kasuan kasuko azpiproduktuak balorizatzeko aukeren bideragarritasuna eta errentagarritasuna aztertzeko balio duen metodologia eta tresna bat sortzea. Balorizatzeko aukera egokiena aukeratzeko tresna izango da, GIS (Informazio Geografikoko Sistemak) teknologian oinarritua.

GIS geoinformazioari esker mapa adimendunak sor daitezke, non posizio geografikoa datu-base bati lotua den aldagai bat baita. Datu-base horretan aldagai tekniko, ekonomiko eta ingurumenarekiko guztiak sartuko dira, horiek baldintzatuko baitute balorizatzeko zer aukera diren bideragarriak: zenbat azpiproduktu sortzen den, kontzentratua ala sakabanatuta sortzen diren, noiz sortzen diren, logistika-kontuak, tratamendu-instalazioen ingurumen-egokitzapena...

Proiektua egiten ari den euskal partzuergoak uste du beren tresna hori oso lagungarria egingo zaiela hondakinak balorizatzen diharduten eragileei eta herri-administrazioei beren erabakiak hartzeko unean. Horretarako ez ezik, jarduera ekonomiko berriak eta azpiproduktuen ekoizleen eta balorizatzaileen arteko lankidetza sortzeko ere balioko duela uste dute.

 

Pentsua eta biogasa

GISWASTE proiektuan bi azterketa-eredu erreal abiaraztea aurreikusi du, tresna berria balidatzeko. Asmatzen den metodoaren egokitasuna egiaztatzeko balioko duten bi instalazio izango dira, biogas-fabrika bat eta pentsu-fabrika bat.

AZTI-Tecnalia zentroak hogei urtetik gorako esperientzia dauka elikagaigintzako hondakinak balorizatzeko proiektuetan eta itsasoaren eta elikagaien inguruko ikerkuntzan aditua da. Europar proiektu hau koordinatzeko ardura dauka, eta Geograma (informazio geografikoa biltzeko, hartaz hornitzeko, tratatzeko eta kudeatzeko enpresa espezializatua),  LKS (Mondragon taldeko Zerbitzu Profesionaleko taldea) eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Zentroa izango ditu lankide. GISWASTE proiektuak 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta 2017an amaituko da. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rogelio Pozo, Jaime Zufía, Alejandro Guinea de Salas, Alberto Vázquez