Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriarte sailburuak bidaia ofiziala egingo du Txinara

2014.eko martxoak 21

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek Bidaia ofiziala egingo du Txinara martxoaren 24ti 28ra bitartean. Herrialdeko hainbat erakunde akademikorekin lankidetza-bide berriak zabaltzea eta dagoeneko indarrean diren beste hitzarmen batzuk sendotzea eta bultzatzea izango da bidaiaren xedea, hala Lanbide Heziketan nola Unibertsitatean.

Pekinen eta, bereziki, hiriburutik 125 kilometro eskasetara dagoen Tianjin hirian izango da egonaldia. Tianjin Txinako bost hiri autonomoetako bat da, eta 12 milioi biztanle baino gehiago ditu. Azken urteetan, Shanghairekin batera, herrialdeko berrikuntza akademikoko gune nagusia bilakatu da. Gaur egun asmo handiko plan bat aplikatzen ari da hiria, munduko konplexu unibertsitariorik handiena eraikitzeko: 200.000 ikasle biltzea nahi dute sustatzaileek. Konplexu unibertsitarioan da Tinajingo unibertsitate ospetsua (Txinako Oxford ere esan izan zaio), bai eta Ipar Txinako Lanbide Heziketako zentro nagusia ere (AFZ), 9.000 ikasle dituena.

Bidaiaren lehen zatiak Lanbide Heziketa izango du protagonista. CSMC (Tianjingo Fabrikazio Mekanikoko Lanbide Heziketako Institutua) da AFZ, lehen esandako LHko zentro nagusi hartan dagoenetako bat, eta, hango presidenteak gonbidatuta, Cristina Uriarte sailburuak haren instalazioak bisitatuko ditu. Halaber aztertuko du institutu haren eta IMH - Euskadiko makina Erremintaren Institutuaren (Eusko jaurlaritzaren LHko zentro publikoa) artean gaur egun dagoen elkarlan-maila. Dagoeneko 10 urte bete ditu elkarlan oparo honek, eta oraingoan areago sendotuko da.

Aurtengo ikasturtearen hasieratik bertatik hartzen dute parte lehen aldiz bertako ikasleek «Fabrikazio mekanikoaren arloko ekoizpena programatzeko goi-teknikaria» izeneko goi-mailako heziketa-ziklo arautu batean, zeina EAEko Lanbide Heziketari zuzenean lotua baita. IMHk hartu du bere gain hezkuntza-eredua, curriculum-materiala eta zentroko irakasleen prestakuntza egituratzeko ardura. Beren inguruko enpresa industrialen eskaerei (euskal enpresenei, batik bat) erantzuteko moduan nahi ditu prestatu ikasleak proiektuak. Euskadiko Lanbide Heziketako zentroen eta euskal enpresen arteko harreman estu horixe izan da, hain zuzen ere, Txinako agintariek gehien baloratu duten elementua akordio honi bultzada ematerakoan. IMH eta AFMren (Makina Erreminta Fabrikatzaileen Elkartea) arteko harremana, erreferentziazko bihurtu da Txinan, formazioa eta enpresen arteko harremanei dagokienean. Halaber, orain arteko ildo beretik, IMHko ikasle batzuek Txinako enpresetan egingo dituzte urtero praktikak, eta alderantziz.

Ekimen horren bitartez emango zaio bultzada «Euskadiko Lanbide Heziketa 2015 Agenda Estrategikoaren» helburuetako bati: euskal Lanbide Heziketaren nazioartekotzeari, hain zuzen, euskal LHari etengabe hobetzeko moduko berrikuntza eskain diezaioketen lekuetako eragileekiko lankidetza indartuz.

Bidaiaren lehen zatian Fagor Automotionek Pekinen duen lantegia ere bistatuko du Uriartek. Oso lotura estua du horrek CSMCrekin, eta are estuagoa izango da zenbat eta ikasleek prestakuntza hobea jaso eta han kokatuta dauden euskal ikasleek eskulan trebea kontratatzeko beharra handituta.

 

Tianjingo Unibertsitatea.

Lanbide Heziketako zentroek eta Tianjingo Unibertsitateak campusa partekatzen dute. Unibertsitate hark, azken urteotan, apustu sendoa egin du maila altuko programak sustatzearen eta ikerkuntza-zentroak bultzatzearen alde. Tianjingo Unibertsitateko arduradunekin egin beharreko topaketan, Cristina Uriarte sailburuak EAEko unibertsitate sistemaren ordezkari gisa eta haiekin koordinatuta jardungo du, eta unibertsitate haren eta Euskadiren artean dagoeneko existitzen diren harremanak sendotzea eta zabaltzea izango du helburu, bereziki titulazio teknikoekin lotutako ikasketen kasuan, ikasleen trukaketa-programak bultzatuz, programa akademikoetan elkarri lagunduz eta ikerketa-programak sustatuz.    

Une hauetan, Deustuko Unibertsitateak baditu unibertsitate harekin hitzarmen akademikoak, eta EHU lankidetza-hitzarmen bat ixtear da. Mondragon Unibertsitateak, bestalde, bere ikasleen mesedetan Tianjingo unibertsitatearekin harreman bati ekiteko borondatea adierazi dio sailburuari.

 

BTV Telebista

Irakaskuntzaren eta trebakuntzarekin lotutako hitzordu horien ondoren, BTV telebistako arduradunekin elkartuko da sailburua. Hedabide hau txinako 800 milioi biztanlerengana iristen da.

Gaur egun BTV eta EITB lankidetza-hitzarmen bat ari dira negoziatzen, txinatarrek eskatuta, euskal telebista publikoak ekoitzitako ikus-entzunezko materiala eskura izatearren.

Hitzarmen horretan aurreikusten da BTVk Euskadiri buruz dokumental zabal bat egiteko aukera. Hori egiteko ekipo bat etorriko litzateke Euskadira hurrengo asteetan.  

Lanbide Heziketaren, Unibertsitatearen eta BTV telebistaren inguruko harremanak sustatzea «Basque Country» estrategiaren esparruan aurreikusita daude. Ekimen horren bitartez mugak gainditu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak eta zuzeneko kontaktuak izan hezkuntzako, kulturako, gizarteko eta ekonomiaren alorreko erakunde eta eragileekin. Globala da, irekia, hain zuzen, Euskadiren etorkizuna. Enpresa, unibertsitate, zentro teknologiko eta erakunde kulturalen ildotik, apustu sendoa egin du Eusko Jaurlaritzak guztiok xede beraren atzean egin dezaten arraun.

Nazioarteko proiekzio horrek eta mundu zabalerako irekidura horrek estrategia integral bat izan behar dute oinarri, Basque Country estrategia, hain zuzen. Gure indar eta berezitasunak abiaburu hartuta bikaintasunaren erreferentzia gisa posizionatuko gaitu horrek, bizi-kalitateko eta kohesio sozialeko erreferentzia gisa, lurralde berritzaile eta lehiakor gisa. Euskal gizartearen balio komunak, hala nola ahaleginaren kultura, konpromisoa, gainditzeko gaitasuna eta justizia soziala lotu dakizkiola Euskadiren irudiari eta izan bitez nazioarteko gure bista-txartela.

 

 

 

Gasteizen, 2014ko martxoaren 21ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)