Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

EAEk ur-kontsumoa nabarmen gutxitu du azken 20 urteetan

2014.eko martxoak 21

  • Martxoaren 22a, Uraren Nazioarteko Eguna 2014
  •         Herritarren kontzientziazioari esker, industrian jardunbide egokiak aplikatu izanari esker eta EAEko ur-hornitzaile handienek eraginkorrago kudeatzeari esker murriztu du euskal gizarteak ur-kontsumoa

 Azken hogei urteetan nabarmen gutxitu da ur-kontsumoa Euskal Autonomia Erkidegoan toki-administrazioek, udalek eta partzuergoek, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, «kontrolik gabeko kontsumoak» murrizteko egin duten ahalegin handiaren ondorioz. Banaketa-sare batzuek % 50 baino errendimendu txikiagoa zuten; alegia, iturrietatik nahiz erreketatik hartzen zuten ur guztiaren erdia baino gehiago bidean galtzen zuten, eta horixe konpondu da pixkanaka.

 Kontsumo horietatik, herritarrak urez hornitzeari dagokio zati handiena: % 72, hain zuzen. Industriak kontsumitzen du EAEn erabiltzen den ur guztiaren % 14,5. Nekazaritzak, azkenik, beste % 14 kontsumitzen du ia.

 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politiketako sailak eta Uraren Euskal Agentziak nabarmendu dute etxebizitzetako kontsumoan hautemandako beherakada, herritarren kontzientziak hobera egitearekin batera gertatua. Horri gehitu behar zaio industriak gero eta eraginkorrago erabiltzen duela ura. Emaitza, inoiz, zeharo ikusgarria izan da: Añarbeko urtegiak, esaterako, duela 20 urte baino % 40 ur gutxiago banatzen du gaur egun.

 Penintsulako kantauri-alde osoan bezala, estatuko beste lurraldeekiko aldea nabarmena da. Estatuan, arroetako prezipitazioaren % 20, gutxi gorabehera, desbideratzen da giza-kontsumora. Badira penintsularen hegoaldean frakzio hori erditik gorakoa duten arroak. Penintsularen iparraldeko arroetan, berriz, askoz ere balio txikiagoa dute, eta EAErena, ildo beretik, % 8koa da.

 Kopuru totala ez ezik, erabilera ere oso desberdina da. EAEn kontsumo nagusia hiri-erabilera den bezala, penintsularen erdialdeko eta hegoaldeko lur gehienetan nekazaritzako erabilera –ureztatzea, hain zuzen– da, luzez, erabilera nagusia; 14 arroetatik 7tan ur guztiaren % 75 baino gehiago horretan xahutzen da.

 Bilakaera

Uraren Nazioarteko Egunean zera planteatzen da: nola izango da kontsumoaren bilakaera etorkizunean? Planifikazio hidrologikoak dagoeneko egiten du ariketa hori.  2009-2015 ziklorako plan hidrologikoek zenbatetsi dute zer-nolako bilakaera izan lezakeen ur-kontsumoak 2015, 2021 eta 20207 denbora-horizonteen kasuan. 

Azterketa horiek erakutsi dutenez, 2015ean gaur baino % 5 txikiagoa izango da hirietako ur-eskaera. Halaber aurreikusi da populazioak zertxobait handituagatik ere hirietako eskaera totalak nahiko egonkor iraungo duela, haatik gaurko balioaren azpitik, 2015, 2021 eta 2027 urteetan. Banaketa-sareen eraginkortasuna areagotzeari esker lortuko da batez ere ur gutxiago erauztea; izan ere, baliteke etxebizitzetako zein industriako kontsumoak gora egitea.  Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politiketako sailak ez du «gehiegizko konfiantza izan nahi eta horregatik gehiegi lasaitzea; Euskadi herri gisa ari da aurrera egiten pertsonoi zein inguru naturalari ezinbestekoa zigun baliabide hau eraginkor eta jasangarri erabiltzen».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau