Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren kontsultategi berria estreinatu dute Berriatuan

2014.eko martxoak 19
  • Kontsultategiak martxoaren 24an (astelehena) irekiko ditu ateak, eta astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, 08:00etatik 15:00etara
  • Eraikin berria da, eta medikuntzako eta erizaintzako kontsulta-gela bana eta sendaketa-gela bat ditu

Gaur goizean, Berriatuko kontsultategi berria inauguratu dute Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak, Berriatuko alkate Imanol Mugartegik eta Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko kudeatzaile Jon Guajardok. Bizkaiko herri horretako kontsultategiak martxoaren 24an (astelehena) irekiko ditu ateak, eta astelehenetik ostiralera bitartean emango du arreta, 08:00etatik 15:00etara.

Instalazio berriek 180m2-ko azalera erabilgarria dute, honela banatuta: medikuntzako eta erizaintzako kontsulta-gela bana, sendaketa-gela, bi itxarongela, komunak eta eremu libre bat, etorkizunean, behar izanez gero, zerbitzu gehiago jartzeko.

Instalazioetan ezarri dituzten elementu arkitektonikoei esker, eremu zabala, praktikoa, erosoa eta iristerraza egitea lortu dute, bai erabiltzaileentzat bai osasun-arloko profesionalentzat. Hartara, profesionalek behar bezala erantzun ahal izango diete berritxuarren behar eta eskaerei. Orobat, eraikuntzako elementu berri-berriez hornitu dute eraikina, energia eta argi naturala ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta eraikina ingurunera ahal bezain ondo egokitzeko.

Kontsultategi berri honek nabarmen hobetuko ditu osasun-arloko orain arteko azpiegiturak eta horien egoera. Horixe nabarmendu du Jon Etxeberriak, Osakidetzako zuzendari nagusiak; hain zuzen, esan duenez, “osasun-zerbitzuetan herritarren irisgarritasuna eta osasun-arreta hobetzeko asmoz Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila gauzatzen ari diren politikaren barruan beste urrats bat da kontsultategi hau”.

Alde horretatik, osasun-txartela duten Berriatuko 1.056 herritarrak izango dira hobekuntza-proiektu garrantzitsu horren onuradun.

Asistentzia-datuei dagokienez, 2013. urtean 14.000 kontsulta baino gehiago egin ziren medikuntzako eta erizaintzako kontsultategietan.

Etxeberriak baieztatu duenez, “ratio horiek erakusten dute jende asko ibili dela Osakidetzaren kontsultategian, eta erabiltzaileak pozik daudela zerbitzuarekin. Hemendik aurrera, instalazio berriei esker, ziur gaude erabiltzaileek osasun-arreta hobea jasoko dutela”.

 Instalazioek, guztira, 512.554,09 euroko kostua izan dute, eta zenbateko horretatik 158.853 euroko diru-laguntza eman du Osakidetzak. Udalak egin du obra, eta 124.204 euro inbertitu ditu. Gainerako zenbatekoa Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen bidez ordaindu dute (229.495 euro); zehazki, Eusko Jaurlaritzaren ITSASPEN (Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntza programa) eta EREIN (Landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak) programen bidez.

Berriatua, 2014ko martxoa

 

Argibide gehiago, hemen:

 

Pentsa Kabinetea/Gabinete de Prensa

Osasun Saila/Departamento de Salud

945 01 91 94

prensa-san@ej-gv.es

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Imanol Mugartegi, Berriatuako Alkatea. Jon Guajardo, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko Kudeatzailea