Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2014/3/21)

2014.eko martxoak 21

Iñigo Urkulluk Legebiltzarreko taldeek Gobernuaren Kontrolerako Osoko Bilkuran egindako galderei erantzun die:

Galdera, Miren Josune Gorospe Elezkano Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, euskal garapen-ereduari buruz.

Lehendakariak baieztatu du 2014a urte "zaila" izango dela, eta, horrexegatik, Jaurlaritza neurriak hartzen ari dela ongizatearen eta hazkunde jasangarriaren gizarte-egoerari eusteko. Urkulluk azaldu duenez, "ez dago denerako dirudik", baina bai osasunerako, hezkuntzarako eta gizarte-babeserako.

Aurreratu duenez, Jaurlaritzak etorkizun ekonomikoan eragina izango duten erabakiak hartuko ditu hilabete batean: Industria Plana, enpresa eta ekonomia erreala babesteko; Nazioartekotze Programa, kanpo-merkatura irekitzen laguntzeko; eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilu berria.

Horiek "hazkunde jasangarrirako eta giza garapenerako" urratsak dira.

Galdera, Xabier Isasi Balanzategi EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Kutxabanken pribatizazioari buruz.

Lehendakariak baieztatu du Kutxabank "gure errespetu osoa" merezi duen erakundea dela. Errespetua, hain zuzen, hiru euskal kutxak arrakastaz bateratu duelako, gizarte-ekintza bete duelako eta "gaitasun korporatiboa eta profesionala" erakutsi duelako.

Eusko Jaurlaritzak "gainbegiratzeko eta kontrolatzeko rol aktiboa du" arlo horretan, lehendakariak adierazi duenez.

Galdera, Txarli Prieto San Vicente Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, lehendakariak Forum Europan egindako adierazpenei buruz.

Lehendakariak gogorarazi du DeustoForumen Konferentziak "Euskadi 2020: giza garapenaren eta hazkunde jasangarriaren eredu partekatu bat" proiektua planteatzen zuela. Urkulluk baieztatu du konferentzia horretan adostasunaren eta hitzarmenaren alde egin zuela, eta gaur ere egin du, eskua zabalduz eta "etorkizuna adosteko beste aukera bat dugu" esanez.

Galdera, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiko pentsioen eroste-ahalmenari eusteari buruz

Lehendakariak gogoratu duenez, pentsioak Gernikako Estatutuan, "Espainiako Gobernuak betetzen ez duen legean", aurreikusitako eskumena dira. Gehitu di Rajoyren Gobernuak pentsioen errebalorizazioa eten zuela eta kalkulu berri bat "asmatu" zuela KPIren azpitik eguneratzeko. Gainera, horien erreserba-funtsa murriztu du.

Lehendakariak ziurtatu duenez, "Euskadiko biztanleria okupatua Espainiakoa baino 10 puntu handiagoa da"; hortaz, pentsioen bermea 10 puntu handiagoa da ere.

Arlo horretan saldo negatiboaz hitz egiten den bitartean, lehendakariak aipatu du kupoaren % 6,24 aplikatuz gero, 3.400 milioi euro dagozkiola Euskadiri. "Gizarteak badaki Euskadin pentsioak kudeatzea horiek bermatzearen sinonimoa dela", ziurtatu du.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, argitu gabe dauden ETAren atentatuak argitzeko Eusko Jaurlaritzak burutu asmo dituen ekintzei buruz.

Eusko Jaurlaritzak argitu ez diren atentatuak eta giza eskubideen bortxaketak argitzeko jarduerak egingo ditu. 1960-2013 giza eskubideen urraketak frogatzeko txostenaren gomendioen fruitu da ekimena. "Ezagutzea, jardun ahal izateko", lehendakariaren arabera. Jaurlaritzak hiru helbururekin egin ditu jarduerok: behar bezala tratatu ez diren zenbait kasu dauden jakiteko, zer prozesu jarraitu diren egiaztatzeko, eta egun zer egoeratan dauden ikusteko.

"Arretaz egin behar dugu lan eta egoera argitu behar dugu" jardun ahal izateko eta "biktimei egia-, justizia- eta konponketa-eskubideak" bermatzeko.

Galdera, Txarli Prieto San Vicente Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenei buruz.

Lehendakariak adierazi du bozeramaileak bere "errekonozimendua eta estimua" duela, eta Jaurlaritzak hartzen dituen erabakien berri emateko bere lana baloratzen du.  "Bozeramaile baten helburua bere iritzia eta jarrera ezagutaraztea da", esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)