Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak garapenerako lankidetzako programa estrategikoetarako laguntzak berreskuratu ditu. (2014-03-18(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko martxoak 18

LABURPENA

Zortzi milioi euro bideratuko ditu aldaketa-prozesu integralak eta epe luzekoak laguntzera; horrelakoek herrialde hartzaileetan garapena eragozten duten kausen gainean eragiten dute.

Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzaren konturako programetarako laguntzen deialdia baimendu du gaur. Izaera estrategikoko, iraupen luzeko eta ahalmen eraldatzaile handiko ekintzak finantzatzeko dira programa horiek, Giza Garapen Jasangarriaren ikuspegitik abiatuta, pobreziaren aurkako borrokan egiturazko aldaketak sor ditzaten. Honako sektore hauek hartuko dituzte aipatutako programa horiek: lehentasunezko gizarte-beharrek, herri-ekonomiak, tokiko botereak, giza eskubideek eta kultur nortasunak.

Diru-laguntzen lerro horrek 8 milioi euroko diru-zenbatekoa izango du 2014-2017 aldirako; horrenbestez, aurreko aurrekontu-ekitaldietan garapenerako lankidetzara bideratutako zenbatekoak legealdi honetan berreskuratzeko konpromisoa beteko du Eusko Jaurlaritzak.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 2014ko ekitaldi honetan banatzeko dituen funtsen % 20 dira gaur onartutako laguntzak (39,8 milioi euro ditu guztira). Halaber, garapenerako lankidetza finantzatzeko beste lerro batzuk ere deituko dira datozen hiletan; besteak beste, proiektuetara bideratutakoa (25 milioi euro guztira).

Beren espezializazio-maila handiagatik eta gizarte-, finantza-, estrategia- zein kudeaketa-gaitasunagatik Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak aldez aurretik egiaztatu dituen lankidetzako euskal erakundeek jaso ahal izango dituzte laguntzok (GKEak, fundazioak...).

Programaren % 80 finantzatzeko erabiliko dira laguntzak, eta gehienez 1,2 milioi eurokoa izango da bakoitza. Gainerako % 20a beste erakunde batzuen edo erakunde sustatzaileen beraien ekarpenekin finantzatuko da. 2 eta 3 urte bitarteko iraupena izango dute.

Laguntzak eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea EHAAn argitaratu eta hilabetera amaituko da. Datorren martxoaren 27an argitaratzea dago aurreikusita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau