Berriak Osasuna
Eu

Biogurutzeta urrats sendoak ari da egiten Osasun Ikerkuntzako Institutu bilakatzeko bidean

2014.eko martxoak 17
  • Osasun saileko Osasun Ikerkuntza eta Berrikuntzako zuzendariak eta Biogurutzetako zuzendari zientifikoak Biogurutzeta Osasun Ikerkuntzako Institutu gisa akreditatzeko zer neurri ari diren hartzen azaldu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Osasun Ikerkuntza eta Berrikuntzako zuzendari Maria Agirre eta Biogurutzetako zuzendari zientifiko Luis Castaños, Osasun sailburu Jon Darponek lagunduta, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumoko batzordean izan dira gaur goizean eta Biogurutzeta Osasun Ikerkuntzako Institutu bihurtzeko prozesuaren abiada ona azaldu dute bertan. Akreditazio horri esker Biodonostia eta antzeko beste Institutuekin batera ikerkuntzaren elitean izango da Biogurutzeta.

Osasuneko sailburuak agerraldiaren hasieran azaldu bezala, «legegintzaldiaren hasieran bertan iragarri genuen ikerkuntzarekiko eta Biogurutzeta Osasun Ikerkuntzako Institutu bihurtzeko gure konpromiso sendoa, eta egunero-egunero ari gara horretarako egin beharreko urratsak egiten».

 Osasuneko saileko Ikerkuntza eta Berrikuntza zuzendariak zein Biogurutzetako zuzendari zientifikoak Legebiltzarrean eskaini dituzten azalpenek argiro erakusten dute Biogurutzeta akreditazioa eskuratzeko bidean urrats sendoak ari dela egiten, betebehar guztiak betez.

 Beren hitzaldian xehe azaldu dituzte Karlos III.a Osasun Institutuak aitortzen duen aintzatespen horren peskizan apiriletik hona egindako urrats guzti-guztiak, bai eta helburua lortzeko aurrerantzean egin beharrekoak ere.

 Maria Agirrek azaldu duenez, zazpi fase ditu akreditatze-prozesuak, eta lan handia egin beharra eta dokumentazio-lan ugari eskatzen dute guztiek.  Adierazi duenez, 2013ko apirilean, Osasun Saileko Osasun Ikerkuntza eta Berrikuntzako zuzendari izendatu berritan, Biogurutzetako Zuzendaritza-organoa (Kontseilu Errektorea, hain zuzen) bildu zuen bertatik bertara jasotzeko zazpi fase horietan bete beharreko betekizun guztien berri. «Topaketa hartan konturatu ginen Institutua ez zegoela prest akreditatze-prozesuari formalki ekiteko».Gauzak hala, proiektua birplanteatzeko beharra ikusi zen, eta harrezkero atsedenik gabe egin da lana, azkenean Biogurutzetak akreditazioa eskura dezan.

Bere hitzaldian, harrezkero egin diren urrats guztiak eta azken hilabeteetan gainditu diren zedarri nagusiak azaldu ditu Maria Agirrek, hala nola uztailean EHUrekin hitzarmen bat sinatzea, hura baitzen funtsezko betekizunetako bat eta oraindik bete gabe baitzegoen.

 Halaber aipatu du hitzaldian Osasun Ikerkuntzako Institutuak Akreditatzeko Unitate Funtzionaleko Arduradunak, Osasun Ikerkuntzako Institutuak Akreditatzeko Batzorde Teknikoko bi kiderekin batera, 2013ko urrian Biogurutzetara egin zuen bisita. Azaldu duenez, «akreditazio-eskaerak ahalik eta arrakasta-aukera gehienak izateko gomendioak egitea eta auditoria hori eskatzea komeni ote zen eta noiz egin ote litekeen baloratzea izan ziren aldez aurretiko bisitaren xedeak». Horiz dela eta, adierazi du bista hura oso baliagarria izan zela eta «gaur egun, bisita hartako txostenean bildutako puntu gehienak, administratiboak eta dokumentalak, dagoeneko beteak dira».

Halaber eman dio agerraldian Maria Agirrek Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumoko Batzordeari 2014ko otsailaren 20an Biogurutzeta Elkartea sortu izanaren berri, haren esanetan ikertzaileek gehien desiratzen zuten urratsetako bat. Une hauetan, egindako lan guztiaren ondoren, balidatze-fasean dago Biogurutzeta, Agirrek azaldu duenez. Horren ondoren etorriko dira akreditatzeko eskaera, auditoria-fasea, ebaluazio-fasea eta, azkenik, Karlos III.a Osasun Institutuaren erantzuna.

Osasun saileko Ikerkuntza eta Berrikuntzako zuzendariak gehitu du ezen «2013ko apiriletik hona, etengabe aritu dira lanean Biogurutzeta eta bere bazkideak KIIIOIk akreditatzeko exijitzen dituen baldintzak betetzeko. Akreditazioa lehenbailehen eskuratzea da, lehen bezala, helburua. Bien bitartean, bere ohiko jarduera gauzatzen jarraitzen du Biogurutzetak, eta 2013an aurreko bi urteetan baino emaitza hobeak izan ditu».

 Bukatzeko, Biogurutzetako zuzendari zientifikoak 2013an egindako ikerkuntza-lanaren eta proiektu nagusien errepasoa egin du. halaber aurkeztu ditu Biogurutzetako ikertzaileek lortutako emaitzak, bai argitalpen modukoak, bai aintzatespen modukoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)