Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Artzain Eskolako makila artzaintzako 13 profesional berrirentzat, 9 gizon eta 4 emakume

2014.eko martxoak 14
  • Oroz sailburuordeak azpimarratu duenez, Arantzazuko Artzain Eskolan prestatutako 225etik gorako artzaiak Euskadiko artzaintzaren profesionaltasunaren isla dira
  • Artzain Eskolako ikasturte amaieraren ekitaldian Juan Joxe Aranguren eta Arantza Segurola artzainei eta Labayru Ikastegiari omenaldia egin zaie, artzaintza sustatzen eta balioesten egin duten lanagatik. 

Artzain Eskolak bere hamazazpigarren ikasturtearen amaiera ospatu du gaur, ardi latxaren defentsan eta artzainen prestakuntzan ibilbide sakona egin eta gero, artzaintza profesionalizatzeko eta artzaintzak Euskadin jarraipena izatea bermatzeko helburuarekin.1997an zentroa martxan jarri zenetik, Arantzazuko Gomiztegi baserrian (Oñati) dagoen eskola honetan 110 artzain baino gehiago prestatu dira, eta ardi sektorearen sare sozioekonomikoan sartzea ere lortu dute. Zentroko arduradunen iritziz, zifra oso ona da.

Aurten 13 pertsona prestatu dira eskolan, 9 gizon eta 4 emakume, eta, horiekin, 223 ikasle dira guztira Artzain Eskolatik pasatutakoak, eskolak egin ditue hamazazpi  urte hauetan. 

Artzain Eskolako ikasturte amaieraren ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek "lehen sektorea gizarte osoaren mesedetan egiten ari den lan garrantzitsua" goraipatu du. Zehazki, artzaintzak izan duen garapena azpimarratu du. Orozen hitzetan, "bilakatzen eta garai berrietara egokitzen jakin duelako iraun du bizirik; instalazioak modernizatu eta teknologiak, gobernatzeko teknikak, elikadura edo produktuaren elaborazioa hobetu dituelako".  Profesionalizazio horren isla dira Artzain Eskolan prestatu diren 225etik gorako ikasleak. 

Orozek artzainen produktua nabarmendu du bereziki, gazta:"Artzainek lortu duzue gizarteari gure gastronomiaren produktu izarretako bat eskaintzea, bitxi preziatu bat.Produktu errekonozitua eta baloratua, hurbileko produktua, konfiantzazkoa, nekazaritzako elikagaien euskal industrian arrakastaz garatzen asmatu duena". 

Ikasleen profila 

Azken ikasturte hau arrakastaz amaitu duten 13 ikasleetatik, 2 gipuzkoarrak dira, 1 bizkaitarra, 1 arabarra, 3 nafarrak eta 5 beste erkidego autonomo batzuetakoak. 

Zifla globalei dagokienez, Artzain Eskolak egin dituen 17 urte hauetan ikasleen %70 EAEkoak izan dira.Ikasle gehien eman dituen lurraldea Gipuzkoa da (75), eta ondoren daude Bizkaia (42) eta Araba (35). Halaber, esanguratsuak dira Nafarroatik etorritako ikasleena (27) eta estatuko beste erkidego batzuetatik etorritakoena (18), bai eta atzerritik etorritakoena ere (26). 

Adinari dagokionez, ikasleek 27 urte dituzte batez beste, eta ikasleen %94 abeltzain gazteen kategorian sartzen dira, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen ikuspegitik. Ikasle guztietatik %51 artzainak edo artzainen seme-alabak dira, eta ardien sektorerako bokazio argia dute.Zehazki, 115ek baino gehiagok artaldea dute dagoeneko, batez beste 355 bururekin. 

Ikastaroaren ezaugarriak 

XVII. ikastaro trinkoa 2012ko urrian hasi zen, eta bost hilabete iraun du:hamar astez teoria eman da, aldi berean 50 buruko artalde bat zainduz, eta bisitak eginez laborategi, instalazio, gestio zentro, nekazaritza eskoletara eta abar; eta beste hamar astez praktikak egin dituzte artzain profesionalen baserrietan. 

Ikastaroaren edukiari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gazta, gaztazahar, mami eta zezinaren elaborazioa.  

Omenduak 

Artzain Eskolako ikasturte amaieraren ekitaldian, ikasleei diplomak eta makilak emateaz gain, Juan Joxe Aranguren eta Arantza Segurola artzainei eta Labayru Ikastegiari omenaldia egin zaie, artzaintza sustatzen eta balioesten egin duten lanagatik.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)