Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Txingudiko, Leako eta Urdaibaiko estuarioetako 300 hektarea habitat hobetu ditu ingurumenaren alderditik

2014.eko martxoak 13

LIFE Estuarioak proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifoliaren zabalkundea euskal kostaldean

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak garaturiko eta  Europar Batasunak finantzaturiko LIFE Euskadiko Estuarioak proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifolia landare inbaditzailea –chilca izenez ere ezaguna–  euskal kostaldean hedatzea, Urdaibaiko, Leako eta Txingudiko estuarioetako 780tik gora hektareatan eginiko eliminazio-tratamenduei esker. Guztira espezie inbaditzailearen 570.000 zuhaixka tratatu dira eta 5 milioi plantula kendu dira eskuz; horri esker, Batasun-mailako intereseko 300 hektarea inguru habitat hobeto dira ingurumenaren aldetik.
 
LIFE Estuarioak proiektuak bere lau urteko ibilbidean lorturiko emaitzak biodibertsitatearen arloko ehun bat profesionalei aurkeztuko zaizkie bihar Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Busturian (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredok inauguraturiko jardunaldi tekniko batean.

«Bertakoak ez diren espezieak lurralde berrietara ekartzen direnean, nahita edo nahi gabe, ingurumen-inpaktua oso handia izan daiteke, baita inpaktu ekonomikoa eta soziala ere. Europar Batasunaren kasuan, urteko 12.000 milioi eurotan baloratu dira eragin horiek», adierazi du Barredok.

Natura Ingurunearen zuzendariak nabarmendu duenez, espezie inbaditzaileak ekartzeak eragin negatiboak izan ditzake, esaterako «gizakiei gaixotasunak transmititzea, biodibertsitatea galtzea, baita tokiko espezieak desagerraraztea ere. Horren adibide dira bisoi europarraren kontserbazio arazoak, amerikarraren lehiaren ondorioz, edo estuarioetako habitaten hondatzea eta galera, Baccharis halimifoliaren okupazioa dela-eta. Euskadiko estuarioak leheneratzeko LIFE proiektuari esker, ihitokiak, larre gaziak eta lezkadiak berreskuratu ahal izan dira, guztiak ere habitat garrantzitsuak hegazti-espezie babestuek habiak egiteko», zehaztu du Amaia Barredok.

Eliminazioa
Edozein espezie inbaditzaile behar bezala eliminatzea lortzeko gakoetako bat hark bere inbasio-tresnak martxan jartzea eragoztea da. Baccharis halimifolia espeziearen kasuan tresna horiek hazi-ekoizpen handia, ernaberritzeko gaitasuna eta hazkunde azkarra dira. Planteamendu hori oinarri hartuta hasi ziren 2011n LIFE proiektuaren lanak. Une horretan, eraginik handiena jasotako eremuari eman zitzaion lehentasuna: Urdaibai. Lehenengo urtean landare helduak zituzten 200 hektarea inguru tratatu ziren estuario horretan, eta 80 hektarea plantula erauzi ziren eskuz. Hurrengo bi urteetan, Urdaibain chilca ernaberritutako lekuetan lan egiten jarraitzeaz gain, Lean eta Txingudin ekin zitzaien lanei.

Guztira 780 hektarea gordinetan egin dira basoko lanak, eta, kalkuluen arabera, 570.000 landare heldu deuseztatu dira, eta 75 cm-ra arteko bost milioi plantula erauzi dira eskuz. Lanak urte osoan egin dira, urtaro bakoitzean egokienak ziren metodologiak txandakatuta eta, bai neguan, bai udan, baldintza-meteorologiko oso txarrei aurre eginda, baita itsasaldiei, paduretako irisgarritasun-zailtasunei eta abarri ere, eta, betiere, espezie babestuen ziklo biologikoak errespetatuta.


Lantaldea
LIFE proiektu honek nazioarteko lantaldea sortzeko eta landare inbaditzaile horren eraginpeko Europako kostalde atlantikoko beste eskualde batzuekin harremanetan jartzeko aukera ekarri du, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren gidaritzapean. Galiziako, Asturiasko, Kantabriako eta Frantzia hegoaldeko zenbait eskualdetako ingurumen-arduradunek zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariek osaturiko taldea hainbat aldiz bildu da proiektuan zehar haren aurrerabidea egiaztatzeko eta bakoitzak bere eragin-eremuan lorturiko esperientzia partekatzeko.

Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailak Baccharis halimifolia kudeatzeko gidaliburua argitaratuko du, eta bertan, adierazitako landarea kudeatzeko eta deuseztatzeko prozesua behar bezala gauzatzeko jarraibideak eta irizpideak bilduko ditu. Gidaliburua jardunaldian aurkeztuko dute, eta Europar Batasuneko LIFE proiektuen webgunean argitaratuko, jasotako balorazio positiboa dela-eta.  Proiektuak bi milioi euro inguruko aurrekontua izan du, eta horietatik % 50 Europar Batasunak finantzatu ditu.




Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)