Berriak Segurtasuna
Eu

Dekretua, Euskadiko Bide Segurtasun Batzordearen antolamendua eta jarduteko modua arautzen dituena. (2014-03-11(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko martxoak 11

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK EUSKADIKO BIDE SEGURTASUNEKO BATZORDEAREN ANTOLAMENDUARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO DEKRETUA ONETSI DU

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen dekretua onetsi du gaur.

Bide Segurtasuneko Batzordea 1993ko otsailean sortu zen. Harrez geroztik bitan aldatu da, Batzordearen organoen osaera gobernu ezberdinek Administrazioaren sail-egituretan egindako aldaketetara egokitzeko.

Gaur egun, abenduaren 16ko 212/2008 Dekretuaren bidez zegoen araututa. Data horren ostean Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea onartu zen; horrek Bide Segurtasuneko Batzordea lehen aldiz lege-lerruneko arau baten bidez arautzea ekarri zuen. Gaur onartutako dekretuak aipatutako lege horretan xedatutakoa garatzen du.

Izenari dagokionez, Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzorde berriak Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasuneko aurreko Batzordea ordezten du.

Nabarmendu beharreko beste aldaketa bat Batzordearen osaerari dagokio, haren kide ez baitira izango Lehendakaritza, Industria, Kultura, Ingurumen eta Justizia arloak.

Era berean, Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeko kide izango dira arlo hauetan eskumenak dituzten euskal herri-administrazioak: polizian, larrialdi eta babes zibilean, trafiko eta bide-segurtasunean, hezkuntzan, osasunean, garraio eta errepideetan, bai eta Eudel Euskal Udalen Elkarteko ordezkariak ere. Aurreko Batzordean ordezkaritza zuten unibertsitateak eta erakundeak Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzorde berrian sartuko dira bat egitea eskatu beharrik gabe.

Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen eginkizunak bide-segurtasunean eragiten duten eskumenak erabiltzen dituzten herri-administrazioen koordinazioa erraztea eta haien hobekuntza bultzatzea izango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau