Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Erakunde Autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen eta lan-kontratudun langileen 2014 urteko lanaldi eta ordutegiei buruzko zirkularra onartzeari buruzkoa. (2014-03-11(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko martxoak 11

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK FUNTZIONARIOEN ETA LANGILEEN LANALDIEI ETA ORDUTEGIEI BURUZKO ZIRKULARRA ONARTU DU

Urteko lanaldia, guztira, 1.614,5 ordukoa izango da, eta Euskal Administrazio Publikoaren langileek erabilera libreko 4 egun edukiko dituzte.

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegorako eta bere organismo autonomoetarako lan egiten duten langile funtzionarioen eta lan-kontratudunen 2014ko lanaldiei eta ordutegiei buruzko zirkularra onartu du gaur. Horren arabera, 2014ko urteko lanaldia 1.614,5 ordukoa izango da, eta langile publikoek erabilera libreko 4 egun edukiko dituzte.

Aurreko urteetan legez, zirkularrak erreferentziazko hiru lanaldi mota zehazten ditu:

Lanaldi zatitua: langile publikoek astelehenetik ostegunera egingo dute lan goiz eta arratsaldez, gehienez 8 ordu eta 15 minutuz. Ostiraletan, aldiz, lanaldi etengabea izango dute, 7 ordukoa.

Lanaldi etengabea: urte osoan zeharrekoa, astelehenetik ostiralera bitartekoa, gehienez, egunean 7 ordu eta erdi lan eginda.

Lanaldi mistoa: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan lanaldi jarraitua izango dute, eta, astearteetan eta ostegunetan, berriz, zatitua.

Lanaldi jarraitua duten langile publikoek 20 minutuko atsedenaldia egin ahal izango dute 10:00etatik 12:00etara bitartean, eta lan efektibotzat joko da. Lanaldi zatitua dutenek, aldiz, ordu erdi eta bi ordu arteko bazkaltzeko atsedenaldi ez ordaindua egin ahal izango dute.

UDAKO LANALDIA

Lanaldi zatitua edo mistoa aukeratzen duten langile publikoek edo organismo autonomoetako langileek erreferentziako 6 orduko eta 30 minutuko eguneko lanaldi jarraitua izango dute udan, 2014ko ekainaren 2tik irailaren 28ra bitartean (biak barne).

BATERATZEA

Beren kargura 12 urtetik beherako adin-txikikoak dituzten langileek ordutegia malgutu ahalko dute; goizeko sartzeko ordua 9:30era arte geroratuta, bazkaltzeko etenaldiarena 15:30era arte geroratuta eta arratsaldeko sartzeko ordua ordu erdian geroratuta. Langile horiek hilero berreskuratu ahalko dituzte denbora-tarte horiek, harik eta erreferentziazko asteko lanaldia osatu arte.

Horrez gain, mugitzeko zailtasuna edo gaixotasun larriren bat duten senideak zaindu behar dituzten langileek, egoera hori egiaztatuta edukiz gero, bi ordu gehiagoko malgutasuna izango dute sartzeko eta ateratzeko.

BAIMENAK ETA OPORRAK

Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsona guztiek ordaindutako 4 baimen-egun eta oporretarako 22 lanegun izango dituzte 2014 urtean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau