Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeari buruzko azaroaren 24ko 4/2011 Legea aldatzeko, EH Bildu legebiltzarkide-taldeak aurkeztutako lege-proposamena aintzat hartzearen inguruan Jaurlaritzak duen irizpidea adierazteko. (2014-03-11(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko martxoak 11

LABURPENA

BILDUK PROPOSATUTAKO DIRU SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA ARAUTZEN DUEN LEGEAREN ALDAKETAREN AURKA DAGO JAURLARITZA

Eusko Jaurlaritzaren ustez, DBEk ematen duen babes-sistemak ez du parekorik Estatuan; euskal gizartea ahalegin handia egiten ari da DBEk ahalbidetzen duen gizarte-kohesioa lortzeko, eta ez da behar adina denbora igaro lege hau onartzean -hau da, duela bi urte baino pixka bat gehiago- indarrean jarri ziren neurriak ebaluatzeko.

EH Bildu Legebiltzarreko taldeak Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko 2011ko azaroaren 24ko 4/2011 Legea aldatu nahian aurkeztu duen lege-proposamena aintzat hartzearen kontrako jarrera hartu du gaur Gobernu Kontseiluak.

Lehenik, Eusko Jaurlaritzaren ustez ez da behar adina denbora igaro legea onartu zenean (2011ko azaroa) indarrean jarri ziren neurrien ebaluazioa egiteko.

Bigarrenik, proposamena egin duen taldeak 6. artikulua aldatzea defendatu du, aldez aurreko hiru urteko errolda-epea eskatu ordez urte bakarrekoa eskatzeko, aldaketa hori 2015ean indarrean jartzea proposatuz. Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, ez da aldaketa handirik aurreikusten agertoki ekonomikoan hurrengo urteko ekitaldirako; hortaz, aldaketa horrek DBEren aurrekontua nabarmen handitzea ekarriko luke, eta horretarako, beste aurrekontu-partida batzuetara bideratutako dirua murriztu beharko litzateke. Horrela bada, Eusko Jaurlaritzaren ustez, onartutako aurrekontuak estu egokituak, litekeenak eta egingarriak dira, eta gai horretan irizpide berriak hartzea eragozten dute.

Hirugarrenik, EH Bildu legebiltzarkide-taldearen beste asmoetako bat zera da: DBE jasotzen duten pertsonei komunitatearen aldeko lanak egiteko betebeharra ezartzen dien artikulua, 9.a, ezeztatzea. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, azaroan, Lan eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok oraingoz erabat garatu ez diren ekintzarako ikastaro batzuk planteatzen zituen azterketa bat aurkeztu zuen. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren ustez, eman beharreko pauso horiek gauzatu gabe ez da egokia artikulua bertan behera uztea.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, DBEk ematen duen babes-sistemak ez dauka parekorik Estatuan eta euskal gizartea DBEk ahalbidetzen duen gizarte-kohesioa lortzeko ahalegin handia egiten ari da. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzaren ustez ez da Legea aldatzeko momentua, baina gizartearen errealitate aldakorrak berau aldatzea aholka dezakeela onartu du, betiere Legebiltzarreko taldeek horrela deritzotenean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau