Berriak Herrizaingoa
Eu

Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak Euskadiko jokoaren lehen ikerketa soziologikoa argitaratu du

2010.eko maiatzak 07

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak Euskadiko jokoaren eta harekin lotutako patologia eta mendekotasun jokabide zehatzen azterketa soziologiko bat sustatu du. Alderdi horiek hobeto ezagutzea du helburu, horrela gaitz horiei aurrea hartu ahal izateko eta horiei hobeto aurre egiteko. Azterlana egiteko, sektoreko enpresen eta Euskadin patologia horiei aurrea hartzeko lanean ari diren elkarteen lankidetza izan du.

Jokoa gizarte modernoen bizimoduan oso errotuta dagoen aisialdirako jarduera da. Euskadin (jarduera horren araudia Europar Batasuneko parametro orokorren menpe dago), jokoaren sektoreak 3.000 lanpostu zuzen baino gehiago sortzen ditu eta 1.000 milioi euro inguruko negozio-bolumena hartzen du; EAEko Ogasunari diru-ekarpen handia egiten dio, beraz. Gainera, jokoa laguntza garrantzitsua da beste merkataritza-sektore batzuentzat (ostalaritza eta aisialdia), eta elektronika eta informatika alorretan teknologia garatzeko dinamizatzaile garrantzitsua da.

Halere, gizartearen zati bati erasaten dioten patologia jakin batzuekin (batez ere ludopatiarekin) lot daiteke batzuetan jokoa. Harreman hori zehatz-mehatz ezagutzea da Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak sustatutako ikerlanaren xedea, hobeto aurre egin ahal izateko eta horren ondorioak txikitzeko. Lan hori egiteko, sektoreko profesionalen eta Euskadin patologia horiei aurrea hartzeko lan egiten duten elkarteen laguntza izan dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko jokoaren eta harekin lotutako patologia eta mendekotasun jokabideei buruzko Azterketa Soziologikoaren (*) ondorioetan jasota dagoenez, ludopatia EAEko biztanleen % 2,5 batek jasaten duten gaixotasuna da. Beste autonomia erkidego batzuetan (Katalunian, Andaluzian eta Aragoin, besteak beste) egindako azterlanek antzeko kopurua jasotzen dute.

Azterlanaren arabera, Interneten gero eta joko gehiago egotea da Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza gehien kezkatzen duen gaietako bat. Lokal "fisikoetan" jokoa oso era zorrotzean kontrolatzen dute; ez, ordea, Interneten. Horrek ondorio txarrak ekar ditzake eta egungo patologien kopurua hazi.    

EAEko jokalariaren ohiko profila hau da: 30 eta 40 urte arteko gizona, maila sozioekonomiko ertaina edo ertain-baxua duena, ezkondua eta lanaldi osoa duena. Jokoarekin arazoak dituztenen herenak (% 30 eta % 40 artean) 18 eta 30 urte artekoak dira. Tratamendua eskatzen dutenek, berriz, 30 eta 50 urte artean izaten dituzte, batez beste.

Ez da erraza ludopatien fenomenoen inguruko behin betiko datuak ematea. Era honetako azterlanak ez daude oso hedatuta, eta, beraz, ez da erraza konparazioak egitea, azterketa horietako batzuk 90eko hamarkadan egin zirelako, nabarmen aldatu den testuinguru soziologiko batean.

Jokozaletasun patologikoa duen pertsonak maiz eta etengabe parte hartzen du apustu-jokoetan. Jokoak gaixoaren bizitza menderatzen du, haren baloreen, betebehar sozialen, laneko eginbeharren, egiteko materialen eta familia zereginen kalterako.

Jokoarekin arazoak dituen pertsona batek egunero edo oso maiz jokatzen du, eta diru ugari xahutu ohi du. Horrek arazoak sortzen dizkio batzuetan.

Sektorearen laguntza

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoko jokoaren eta harekin lotutako patologia eta mendekotasun jokabideei buruzko Azterketa Soziologikoa EAEn izeneko ikerlana ludopatiaren fenomenoaz Euskadin egin den lehen azterketa zorrotza da eta alor horretan tresna oso interesgarriak eskaintzen ditu. 2007ko abendutik 2008ko martxora bitartean joko pribatuaren egoera aztertzen du.

Sonia Fernandez Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun zuzendariaren hitzetan, "azterlan honek daukagun eginkizun arautzailea are zorroztasun handiagoarekin garatzen eta jokoaren ondorio kaltegarriak gutxitzen lagunduko digu, pertsonek era arduratsuan jokatzeko duten eskubidea bermatuz".

Ostalaritza-lokaletako, joko-aretoetako, kasinoetako eta bingoetako langileek eta ludopatia duten pertsonei laguntzeko elkarteek eman dituzte ikerlanean bildutako datuak, eta horren inguruan lanean dauden eragile guztiak aintzat hartuta egin da: Administrazioa, jokoaren alorrean diharduten enpresa-sektoreak eta jokozaletasun patologikoa duten pertsonak sendatzen espezializatutako elkarteak.

Euskadin, ludopatiei tratamendua ematen dieten hiru elkarte daude, bat lurralde historiko bakoitzean. Sonia Fernandezen aburuz, "kontsumitzaileen eta sektoreko elkarteen, profesionalen, fabrikatzaileen eta operadoreen interesak bateratzeko modurik onena joko arduratsuaren garrantzia gero eta indar handiagoarekin azpimarratzea da".  

(*) Hemen ikus dezakezu azterlana osorik:
                        http://www.interior.ejgv.euskadi.net/r42-6517/eu/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko