Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari goraipamena eman dio Selma Huxleyri, Ternua eta Labradorren euskal presentziaren ikertzaileari

2014-03-11

  • Huxley´ren lanak Kanada´ko eta Euskal Herriko historiaren gertakari garrantzitsuen berri eman du
  • Urkullu lehendakaria: «Huxley´ren lanak gure izaeran eragin handia izan duen zerbait gogorarazten digu: ekaitzen eta oztopoen beldur izan gabe, edozer helbururi ekiteko gai garela, garai bateko baleazaleen eta bakailao-arrantzaleen antzera, nahi ditugun proiektuak gauzatuko ditugula baitakigu».

 

Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari goraipamena eman dio Selma Huxley jatorri kanadarreko eta britainiarreko ikertzaileari. Izan ere, 1530. eta 1700. urteen artean Ternua eta Labradorren izan ziren euskal arrantzantzaleei buruz ikertzen eman du bizitza osoa. Hala, zenbait baleagune aurkitu zituen, eta ordura arte ezagutzen ez zen Kandako eta Euskal Herriko historiaren zati bat ezagutarazi zuen.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ikertzailea saritzeko ekitaldian izan dira. Selma Huxleyrekin batera, haren seme-alaba Michael eta Serena Barkham-Huxley eta zenbait lagun eta senide izan dira, baita Lorraine Choquette ere, Madrileko Kanadako enbaxadako politika- eta komunikazio-agregatua.

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk azaldu du Selma Huxleyren lemak bide berriak ireki dizkiola Euskadiri. «Haren lanak gure izaeran eragin handia izan duen zerbait gogorarazten digu: ekaitzen eta oztopoen beldur izan gabe, edozer helbururi ekiteko gai garela, garai bateko baleazaleen eta bakailao-arrantzaleen antzera, nahi ditugun proiektuak gauzatuko ditugula baitakigu».

«Selma Huxley –gehitu du Urkulluk- Euskal Herriaren lagun ona baino askoz ere gehiago da: gure historia eta tradizioa bere egin ditu, eta zaletasun eta lan gogor hori eredu bikainak dira.  Lagun Onari goraipamenaren bitartez, dedikazio eta ahalegin horiek errekonozitu nahi dizkiogu».

Bestalde Selmaren seme Michael Barkhamek amaren lana nabarmendu du, eta hirurogeita hamarreko hamarkadan Euskadira nola etorri zen gogoratu du: lau seme-alabarekin, txikiena hamaika urtekoa.

Lagun Onari goraipamena

Joan den urrian, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Red Bayko udalbatzari eta alkate Wanita Stoneri aitortu zien bi herrien historiarekiko interes handia zuela eta oso pozik zegoela bi komunitateek kulturaren, turismoaren eta lurralde politikaren arloetako lankidetza abiatu zutelako.

«Lagun Onari» tituluak esker ona eman nahi die Euskal Herrikoak izan ez arren, beren ekintzekin Euskadiren alde egin duten pertsonei eta entitateei, euskal ekonomia sustatzen eta euskal historia eta kultura kanpoan ezagutarazten egindako lanagatik. Halaber, historian Euskal Herriak oso estimatuak izan dituen bertuteak eta baloreak agertzeagatik euskal herritarren lagunak direla aitortu nahi zaien pertsona fisiko nahiz juridikoei eman ahal izango zaie «Lagun Onari» goraipamena, euren eremua gizartea, kultura, ekonomia edo politika dela.

Hona hemen «Lagun Onari» goraipamena jaso dutenen zerrenda: Frantziako Errepublika; José Ignacio Sánchez Galán, enpresa-zuzendaria; Nevada estatua; Mexikoko Estatu Batuak; Argentinako Errepublika; Idahoko estatua;  Vaclav Havel, Txekiar Errepublikako presidentea;  Francesco Cossiga, Italiako Errepublikako eta Senatuko presidentea;   William A. Douglass, Nevadako Unibertistateko irakaslea, Basque Studies Program-eko katedraduna, antropologoa, historialaria eta ohorezko euskaltzaina; Eduardo Frei, Txileko Errepublikako presidentea eta Julio María Sanguinetti,  Uruguaiko Errepublikako presidentea.

Biografia

Selma Huxley-Barkham (Londres, 1927ko martxoaren 8a) Kanadako eta Euskal Herriko historian aditua da.  1972an, Oñatira joan zen Kanadako kostalde atlantikoan, Ternua eta Labradorren, XVI. eta XVII. mendeetan izandako euskaldunei buruzko ikerketak egitera.  Bere ikerkuntzei esker, aurkikuntza historiko eta arkeologiko garrantzitsuak egin ahal izan zituen.

Izan ere, aurkitu zituen dokumentu batzuei esker, Kanadan eta Euskal Herrian batere ezaguna ez zen historiako arloa ezagutarazi zuen: batez ere XVI. mendean, Ternuan zeuden bakailao eta balea arrantza-leku euskaldunak. Hainbat aurkikuntza egin zituen: Labradorko Red Bayn XVI. mendean euskal balea-industria zegoela, balea-portuak, guneen aztarna arkeologikoak, eta portu horietan hondoratutako euskal galeoiak zeudela –horien artean San Juan galeoia (1565. urtekoa).

Artxiboetan, XVI. mendean Kanadako kostaldean eskuz idatzitako hiru dokumentu bitxi aurkitu zituen Huxleyk: txalupen salmentaren agiri bat (1572. urtekoa) eta bi testamentu (1577. eta 1584. urtekoak). Kanadan idatzitako dokumentu zibil original zaharrenak dira. Dokumentuetan oinarriturik, Selmak bazekien portu horietan euskal baleazaleen aztarnak aurkituko zituela, bai lurrean, bai urpean. Ikerketetan oinarriturik, Huxleyk espedizio arkeologikoa antolatu zuen Labradorreko hegoaldera, 1977ko udan.

Kostaldeko zenbait portu aztertu zituen, eta euskal balea-guneen aztarnak aurkitu zituen, baita Red Baykoa ere. Hala, Europan egindako historia-lana berretsi zuen. Espedizioan, besteak beste, Ternuako Memorial Unibertsitateko James Tuck arkeologoak hartu zuen parte.

Huxleyk aurkitu zituen hainbat eskuizkribuk XVI. mendean Badia Handiko portuetan izandako euskal balea-ontzien hondorapenei buruzkoak ziren. Portu horien gaur egungo izenak Labradorko kostaldean identifikatzea lortu zuen: Pasaiako ontzi bat (1563) Los Hornosen hondoratu zen, gaur egungo Pinware Bayn; Mutrikuko Madalena (1565) eta Donostiako María Chateon, gaur egungo Chateau Bay / Henley Harbour-en; eta San Juan  (1565) eta Madeleine (1574) ontziak Buttesen,  Red Bayn. 

Datu horiei esker, 1978an, Parks Canadako urpeko arkeologoen talde batek XVI. mendeko balea-ontzien kroskoak aurkitu zituen Red Bayn eta Chateau Bayn. Huxleyk azterketa historikoak egiten jarraitu zuen, Tuckek eta Grenierrek Red Bayko lurreko eta urpeko indusketak zuzentzen zituzten bitartean. 1979. urtean, Kanadak leku historiko nazional izendatu zuen, eta 2013an, Unescok, Gizateriaren Ondare Historiko.

1981n, Kanadako Gobernuak Huxleyren Kanadako Ordena eman zion, herrialdeko saririk handiena «herrialdeko historiari garai horretako ekarpenik handienetako bat egin izanagatik». Gainera, Huxleyk aurkitutako eta dokumentatutako garai bateko balea-portuetako bat, egungo Red Bay, Labradorren, Kanadako leku historiko nazional izendatu zuten. Era berean, 2013ko ekainean, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen.

Labradorko Red Bay herria bere lanaren erakusle nagusien bilakatu da, eta berari eskainitako ikerketa-zentro bat eta museo bat ditu.  Michael Barkhman semeak oso gustuko du Euskal Herria, eta bertako historia ondo ezagutzen du.

7 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @geoillogicalguy
    2014-03-13

    Comentario de Twitter:
    .@ParksCanadaNL #RedBay @UNESCO #Basque Whaling Station historian Dr Selma Barkham awarded #LagunOnari distinction http://t.co/CrLfY0IKgg

  • Argazkia SN Robot
    @geoillogicalguy
    2014-03-13

    Comentario de Twitter:
    @BerniceCBC http://t.co/CrLfY0IKgg

  • Argazkia SN Robot
    @andercaballero
    2014-03-12

    Comentario de Twitter:
    basque country-canada ties “@Irekia: El Gobierno Vasco concede la distinción “Lagun Onari” a Selma Huxley ► http://t.co/QmKSEU9sLs #eusnet”

  • Argazkia Ramón Martín Sukia
    2014-03-12

    El Archivo Histórico de Protocolos de Oñati, archivo donde desarrolló gran parte de sus investigaciones, se suma al homenaje a Selma Huxley con un post relativo a algunos de los documentos que descubrió http://oinati.gipuzkoakultura.net/es/noticias/163-selma-huxley-lagun-ona.html
    Zorionak Selma!

  • Argazkia Ramón Martín Sukia
    2014-03-12

    Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoak bat egiten du Selma Huxleyri egiten zaion omenaldi horrekin, artxibo horretan egin baitzuen ikerketaren parte handi bat, eta horretarako post bat sortu du: http://oinati.gipuzkoakultura.net/eu/berriak/163-selma-huxley-lagun-ona.html
    Zorionak Selma!

  • Argazkia Inaki Uribe Odria
    2014-03-12

    Zorionak, Montrealetik, Quebeceko ekonomiren hiritik. Hemen Kanadan, Euskal Herriko azken urteetako hobekuntza politikoa zein ekonomia nabarmena izan dela nabari dugu. Ia konturatu barik euskal herriak pausu handiak eman ditu bakeratzeko bidean poliki baina seguru. Quebeceren pausuak jarrai ahal izateko estatuarekin akordatu behar dute. Horretarako akordioak lortu behar ditu beste espainako sozilistakin edo katalanekin,...boterean dagozenean. Poliki baina seguru.
    Iñaki Uribe

  • Argazkia SN Robot
    @JoanesAsua
    2014-03-11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] El Gobierno Vasco concede la distinción “Lagun Onari” a Selma Huxley ► http://t.co/qz67zHHprK #eusnet

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Michael Barkham, Serena Barkham