Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurkezpena

2014.eko martxoak 11

XXVI. ediziora iritsi da aurten sariketa

 

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Ainara Rodriguezek, Andoaingo Udaleko alkateordeak eta Arantza Aguadok, Andoaingo Udaleko Euskara teknikariak, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien aurkezpena egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzan.

Ainara Rodriguezek eta Arantza Aguadok bertan azaldu duten bezala, dagoeneko mende laurdena gaindituta, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren hogeita seigarren edizioaren atarian gaude, eta aurreko edizioetan bezalaxe, helburua du euskarazko kazetaritzan, edozein euskarritan -prentsa idatzian, irratian, telebistan, interneten-, 2013ko maiatzetik 2014ko maiatzera bitarte egin diren lan ugariren artean bikaintasunagatik eredugarri direnak nabarmentzea eta saritzea.

Andoaingo Udalak sortua da Saria eta berak kudeatzen du, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta babesarekin. Aurten, bi atal izango ditu Sariak:

  • XXVI Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, 9.000 euroko sariarekin
  • Kazetari Berria Saria, 3.000 euroko sariarekin

Era berean, kazetaritza profesionalez osaturik dagoen Epaimahaiak (Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias) erabaki dezake  sari ekonomikorik ez duen Epaimahaiaren Sari Berezia ematea.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak honako hau adierazi du bere agerraldian: “26 urte bete ditu Rikardo Arregi Sariak. Mende laurden pasatxo honetan berak irabazi du, bere merituei esker, euskarazko kazetaritzaren Sari Nazionala izatearen aitormena”.

“Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezko ildoa da euskara komunikazioaren eta hedabideen munduan gero eta gehiago sendotzea, euskarazko informazio eta entretenimenduak gero eta kontsumitzaile gehiago izatea, euskarazko hedabideen jarduna babestea eta gaztelania nagusi duten hedabideetan ere euskararen presentzia areagotzea”, gehitu du sailburuordeak.

Bukatzeko, Patxi Baztarrikak esan du “euskarazko komunikazioak badauka abantaila bat: euskarazko kontsumitzaile potentzialak dira beste inor baino gehiago hazten ari direnak, etengabea izan delako euskaldun berrien hazkundea azken bizpahiru hamarkadotan. Kontsumitzaile erreal bihurtzea da erronka, eta denok asmatu beharko dugu, baina bereziki kazetaritzako profesionalek eta hedabideek asmatu beharko dute erronka hori gainditzen”.

 

                                        Donostian, 2014ko martxoaren 11n.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Arantza Aguado, Andoaingo Udaleko Euskara Teknikaria; Ainara Rodriguez, Andoaingo alkateordea