Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Ospitaleko botiketako baterako ordainketaren eta OTIarean arauketaren aurkako auzia sartuko du Eusko Jaurlaritzak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan

2014.eko martxoak 09

• Gaixotasun kroniko bat duten pertsonei ospitaleko gastuak kobratzeari dagokionez, Jaurlaritzak eskatu du Espainiako araua ez dadila aplikatu, badaezpada, funtsari buruz ebatzi bitartean.

• Baterako ordainketa ekitate-printzipioaren aurkakoa da, Jaurlaritzaren ustez, gaixotasun kronikoa duten pertsonak oinarririk gabe zigortzen dituelako.

Administrazioarekiko bi auzi jarri ditu Jaurlaritzak, bata Osasun eta Farmaziako Sistema Nazionalaren Oinarrizko Zerbitzu Zorroaren Zuzendaritza Nagusiaren 2013ko irailaren 10eko Ebazpenarenkontra, zeinak Nazio Osasun Sistemaren botika-prestazioaren baitan dauden sendagaien finantzazioaren baldintzak aldatzen dituen erabiltzailearen ekarpena esleituta; eta bestea, berriz, osasun-txartel indibiduala arautzen duen urtarrilaren 30eko 183/2004 Errege Dekretua aldatu zuen irailaren 30eko 702/2013 Errege Dekretuaren aurka.

Horiek berraztertzeko eta erretiratzeko eginiko eskaerei Espainiako gobernuak muzin egin ondoren etorri dira bi errekurtsoak.

OSPITALEKO BOTIKA ANBULATORIOAK BATERA ORDAINTZEA

Ospitaletan gaixo kronikoei ematen zaizkien botikak gaixoek berek ere ordaindu behar dituztela xedatzen duen ebazpenaren kasuan, Gobernuak, gainera, badaezpada ebazpenaren aplikazioa indarrik gabe uzteko eskatu dio Epaimahaiari, etorkizunean aldeko epaia izanez gero ordaindu beharko liratekeen kalteak argudiatuta. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du baterako ordainketa ezartzeak kalteak eragingo dizkiela osasun-sistema publikoko pazienteei, tratamendu farmakologikoen segimenduan dituen eraginak kontuan hartuta, dela bertan behera uzteagatik, dela segimendu eskasagoa egiteagatik.

Errekurtsoaren funtsari dagokionez, berriz, Jaurlaritzak uste du, lehenik, Osasun eta Farmaziako Sistema Nazionalaren Oinarrizko Zerbitzu Zorroaren Zuzendaritza Nagusiak ez daukala neurri hau emateko eskumenik, de facto erabiltzaileari ekarpen bat egitea exijitzen dion farmazia-espezialitateak finantzatzeko sistema berri bat delako. Beraz, maila juridiko handiagoko arau baten bidez arautu behar litzateke hori.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren ustez, ekitate printzipioaren kontrako neurri bidegabea da, gaixotasun kroniko larriak dauzkaten pertsonak modu arbitrario eta desberdinean zigortzen baititu.

Azkenik, erabiltzaileen ekarpena kalkulatzeko erabilitako prozedura «bidegabea» eta «eraginik gabea» dela iritzita ere ipiniko du Jaurlaritzak errekurtsoa; izan ere, abiarazteko kostua neurriaren bidez bilduko dena baino handiagoa da.

OSASUN TXARTEL INDIBIDUALAREN (OTI) ARAUTZEA

Horrez gain, Jaurlaritzak uste du Espainiako gobernuak bere eskumenetatik harago abiatu da OTI berriak zer forma eta ezaugarri teknikoak izan behar dituen arautzean. Espainiako gobernuak hain zorrotz eta hain zeharo arautu du hori guztia, non ez baitu zirrikiturik utzi Eusko Jaurlaritzak bere behar operatibo eta antolamendukoak garatzeko.

Hori dela eta, Jaurlaritzak gogorarazi du Euskal Autonomia erkidegoarena dela Osasun Txartel Indibiduala jaulkitzeko eskumena eta Espainiako gobernuak hain neurrigabe jokatuta bere oinarrizko legeak erre urratzen dituela.

Jaurlaritzaren ustez, gainera, estatuan OTIaren formatu komun bat ezartzearen goi-muga informazio-sistema guztietan eta horiek euskarri dituzten gailu informatiko guztietan erabili ahal izatera mugatu behar litzateke. Inola ere ezin da autonomia-erkidegoei beren eskumenak gauzatzen eta OTIaren formatua erabakitzen ez uzteko aitzakiatzat argudiatu prestazioak jasotzeko eskubidea duen pertsonaren nortasuna estatu osoan akreditatu ahal dela bermatzea.

 
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)