Berriak Segurtasuna
Eu

Billete faltsuen zirkulazioa etengabe murrizten ari da Euskadin

2014.eko martxoak 08

Azken urtean, Ertzaintzak, guztira, 121 faltsutze erretiratu ditu kaletik

Ertzaintzak, 2013an, guztira ehun eta hogeita bat billete faltsu antzeman zituen, eta hogeita bost lagun atxilotu edo penalki akusatu, mota horretako iruzurretan parte hartzeagatik. Konfiskazio kopurua aurreko urteetakoaren antzekoa da, eta delitu mota hori etengabe murrizten ari dela baieztatzen du. Europako joera, oro har, horixe bera da, Europako Banku Zentralak berretsi duenez. Banku Zentralaren arabera, gaur egun zirkulatzen ari diren faltsutzeen ehunekoa oso txikia da. Ertzaintzak azpimarratu du faltsutzeak antzematen dituzten pertsonek horren berri emateko eta billetea entregatzeko betebeharra daukatela; izan ere, ez badute egiten edo berriz ere merkatuan sartzen ahalegintzen badira, penalki akusatuak izateko arriskua daukate.

Duela hiru astean, Santurtziko Udaltzaingoak emakume bat atxilotu zuen, 50 euroko billete faltsu bat herri horretako saltoki batean erabiltzen saiatzen ari zela. Saltokiko antzemate-sistemak ondo funtzionatu zuen, eta horri esker, faltsutzailea atxilotu eta gainean zeramatzan zenbateko bereko beste ale faltsifikatu batzuk ere erretiratu ahal izan zituzten. Gertaera hori urte osoan Euskadin tantaka gertatzen direnen arteko bat gehiago da, eta delinkuentzia mota horren beheranzko bilakaera erakusteko adibide ezin hobea. Euskadiko saltokietan, eta oro har, Europa osokoetan, faltsutzeak kontrolatzeko eta antzemateko mekanismoak ezartzearen ondorioa da beherakada hori, baita Batasuneko polizia-gorputzen arteko koordinazioaren ondorioa ere.

2013an, Ertzaintzak, guztira, ehun eta hogeita bat billete faltsu –hau da, modu iruzurtian eginak edo alteratuak– antzeman zituen Euskadin; horietatik 68 Bizkaian, 27 Gipuzkoan, eta 26 Araban. Azken urteetako bilakaera aztertuz, 2006tik konfiskazioen kopurua nabarmen jaitsi dela ikus dezakegu; orduan, 1.190 billete faltsu konfiskatu zituen. 2011n, mota horretako arau-hausteetan beherakada nabarmena gertatu zen, eta azken hiru urteetan, antzemandako diru-paper faltsuen kopurua egonkorra izan da. Europan, beheranzko joera hori orokorra da, Europako Banku Zentralak baieztatzen duenez. Erakunde horren iritziz, gaur egun zirkulatzen ari diren faltsutzeen ehunekoa oso mugatua da benetako billeteen masarekin alderatuz.

2013an konfiskatutako billete guztietatik bat 500 eurokoa izan zen, hiru 200 eurokoak, hamar 100 eurokoak, hirurogeita hamar 50 eurokoak, berrogei 20 eurokoak eta zazpi 10 eurokoak. Ohikoa denez, hogeiko eta berrogeita hamarreko billeteak izan ziren faltsutuenak, eta bost euroko billete faltsu bakar bat ere ez zen antzeman. Iaz, Bizkaian erretiratu ziren zirkulaziotik diru-paper faltsu gehienak; zehazki, hirurogeita bost billete. Gipuzkoan eta Araban hogeita zazpi eta hogeita sei konfiskatu ziren, hurrenez hurren.

Ertzaintzak 2013an hogeita bost pertsona atxilotu edo akusatu zituen mota horretako delituzko egintzetan nahasita egoteagatik. Kopuru hori aurreko urtekoa baino askoz ere handiagoa izan zen, 2012an bederatzi lagun atxilotu baitzituen billete faltsuak iruzurrez erabiltzen saiatzeagatik. Lurraldeen arabera, Bizkaian hemezortzi pertsona atxilotu zituen, iaz, eta gainerako zazpiak, Gipuzkoan.

Akusazio gehienak ostalaritzako-establezimenduetan, saltokietan, gasolindegietan... billete faltsuak erabiltzen saiatu ondoren egin zituen. Iazko kasu esanguratsuenen artean, Bilboko merkataritza-gune batean erosketa kalitate nahiko handia zeukaten 100 euroko bi billete faltsurekin egiten ahalegindu zen emakume batena dago. Atxilotu ondoren, antzeko beste faltsutze batzuk ere aurkitu zizkion Ertzaintzak.

Esperientziak adierazten duenez, billete faltsuak zirkulazioan jartzeko, batez ere balio handienekoak (200 euro), gaizkileek saltoki txikietara jo ohi dute, eta saltzaileak nahasten ahalegintzen dira, arreta galtzen dutenean benetako billete baten ordez –kasu batzuetan, detektagailua pasatu ere egiten dute– faltsua emateko. Berrogeita hamarrekoak –normalean gehien faltsutzen dituztenak–, eta hogeikoak, detektagailurik ez daukaten saltokietan erabiltzen ahalegintzen dira.

Ertzaintzako Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialeko Unitateak Espainiako Bankuko Ikerketa Brigadarekin polizia-lankidetzan aritzeko mekanismoak garatu ditu. Brigada hori polizia-unitate bat da, eta Estatuan moneta faltsutzearekin lotutako delituzko egintzak jazartzeaz arduratzen da, moneta-faltsutzeen kontra egiteko datu tekniko operatiboak elkartrukatzeko helburuarekin. Horrela, aldizka, Europan exijitutako datuak biltzen dituzten txostenak egiten ditu.

Ertzaintzak gogorarazten du billete faltsuen bidezko iruzurren biktima izan den pertsona orok poliziari berehala jakinarazi behar diola eta billetea entregatu. Egiten ez badute edo merkatuan berriz sartzen saiatzen badira, penalki akusatuak izateko arriskua daukate.

Ertzaintzaren webgunean, www.ertzaintza.net-en, «web-eko zerbitzuak» menuaren barruan, billete bakoitzaren segurtasun-neurriak jasotzen dituen gida oso bat dago, detektagailurik ez daukaten partikular edo saltokientzat oso lagungarria.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko