Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

2008-2012ko III. Gazte Justizia Planaren ondorioak

2014.eko martxoak 12

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean 2008-2012ko EAEko III. Gazte Justizia Planaren ondorioak ezagutarazteko.

EAEko Adingabeen Epaitegiek 5.811 neurri ezarri dituzte; % 92,3 irmoak izan dira, eta gainerako % 7,7ak kautelazkoak. Ezarritako neurri kopuruak gora egin du 2008tik 2010era, baina murriztu egin da hortik aurrera.

Neurri gehienak (% 74,8) araubide erdi-irekian bete dituzte; hau da, adingabea etxean gelditzea, eguneko zentroetara joatea, tratamendu anbulatorioa, zaintzapeko askatasuna, gizarte-heziketako zereginak, komunitatearen onerako prestazioak eta asteburuko egonaldiak. Gainerako neurriak (% 25,2) hezkuntza-zentroetan bete dituzte; horrelakoak zentro batean egindako barneratzeak, hezkuntza-taldeko bizikidetzak eta asteburuko egonaldiak izan dira.   

Gehienbat neurriak ezartzea ekarri ohi duten delitu-egitateak indarkeria eta/edo larderia erabiliz egindako lapurretak, indarra erabiliz egindakoak, lesioak eta ebasketak izan dira.

Aurkeztutako txostenetik ondorioztatzen da, halaber, neurrien % 83,5 mutilei ezarri zaizkiela, eta % 16,5 neskei; halere, neurriren bat ezartzen zaien nesken ehunekoak gora egin du aldi horretan.

Adingabe arau-hausleen % 56,3 EAEn jaioak dira, % 6,8 beste autonomia-erkidego batzuetan eta % 36,9, berriz, atzerrian. Horri dagokionez, txostenak ohartarazten du atzerrian jaiotako adingabeak 2008an % 40 izatetik 2012an % 31,7 izatera igaro direla.

Nabarmendu beharra dago bitartekotzako prozesuek emaitza positiboa izan dutela kasuen % 88,5ean.

Ezarritako neurriren bat bete duten adingabeen % 80,4k ez dute horrelakorik berriro egiten. Berrerortze-tasa murriztu egin da pixkanaka 2003tik aurrera.

Azkenik eta ikusitako joerei dagokienez, Josu Erkorekak honako joera hauek nabarmendu ditu, besteak beste: ezarri beharreko neurriak murriztea; neskak gero eta gehiago agertzea Gazte Justiziaren sisteman; beste herrialde batzuetatik etorritakoak gero eta gutxiago izatea; arazo berriak agertzea (osasun mentala, gurasoen eta seme-alaben arteko indarkeria eta bikotekideen artekoa...); askatasunaz gabetzeko neurrien aldean ingurune irekian esku hartzeko ereduak indarra hartzea; bitartekotzako prozesuak sendotzea gatazkak konpontzeko, eta berrerortze-tasa murriztea.

(INFORMAZIO OSOA ETA ZEHATZA, ERANTSITAKO DOKUMENTUAN)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak