Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal gizartearen gehiengoa baikor agertzen da Euskadiren etorkizunari begira

2014.eko martxoak 07

Jaurlaritzak euskal iritzi publikoaren 2013ko urtekaria argitaratu du


Euskal herritarren gehiengo zabalak (%81ek) uste du txarra edo oso txarra izan zela ekonomiaren egoera 2013an; hala ere, biztanleen erdiak (%59k) dio optimista dela etorkizunari begira. Datu horiek Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur argitara eman duen txosten batean jaso dira, Euskal Iritzi Publikoaren Urtekaria 2013 delakoan, hain zuzen. Urtekarian bildu dira 2013an zehar egindako iritzi publikoari buruzko ikerketetan jasotako daturik esanguratsuenak, baita 10.000 elkarrizketa baino gehiagotan jasotako informazioa ere.


Ondoko datuok 2013ko euskal iritzi publikoaren ikuspegi bat eskaintzen digute:


Euskal herritarren gehiengoa optimista da etorkizunari begira
- EAEko biztanleen %59ak dio etorkizunari begira oso edo nahikoa optimista dela.
- Europako Batzordeak egindako Eurobarometer 78ko datuekin alderatuta, euskal herritarren pertzepzioa Europar Batasuneko datuen batez bestekoaren gainetik dago. Zehatzago, EAE 9. lekuan kokatzen da eta España 20. lekuan.

Herritarrek krisiaren ondorio txarrak hautematen dituzte. Lehentasuna Osasungintza eta Hezkuntzari
- Egoera ekonomikoaren pertzepzio txarra inoizko puntu gorenera iritsi da: %81ek uste dute egoera txarra edo oso txarra dela 2013an.
- Gastu publikoa zein arlotan ez litzatekeen murriztu behar galdetuta, herritarren %79k Osasungintza aipatu dute lehenengo edo bigarren lekuan, eta %66k Hezkuntza.
- EAEko herritarrek 0tik 10erako eskalan 5,7 punturekin baloratzen dute beren etxeko diru-sarrerekiko poztasuna. 2003an 6,4koa zen balorazio hori.
- Krisiaren ondorioz, biztanleriaren zati garrantzitsu batek gastuak murriztu ditu hainbat arlotan. Gastuak gehien murriztutako arloak ondokoak dira: %60k aisialdiko ohiturak aldatu dituzte, %59k oporretan, %52k arropa eta oinetakoetan, %45ek energia edo etxeko horniduretan, %36k garraioan, %34k janarian eta %26k tratamendu mediku edo hortzetakoren bat atzeratu dute.
- EAEko biztanleen %20k inoiz pentsatu dute Euskaditik kanpo lana bilatzea, eta %18k Estatutik kanpo.

Norberaren etxebizitzarekiko poztasunak gora egin du, baina aldatu nahiko luketenek ez dute aukerarik ikusten
- Herritarrek 0-10 eskalan 7,9 punturekin baloratu dute bizi diren etxebizitzarekiko poztasuna. 2003an poztasuna txikiagoa zen, 7,4 puntukoa.
- %19k diote hiru urteko epean etxez aldatzeko beharra edo asmoa dutela, baina horietatik %64k horretarako aukera gutxi edo batere ez dute ikusten.

Herritarrek diote prest daudela ingurumenagatik ohiturak aldatzeko, baina gehienek energia alternatiboen alde egiten dute gaur egungo bizimoduari eusteko
- Herritarren %78k diote prest daudela ohitura batzuk aldatzeko, ingurumena gehiago errespetatzeko helburuarekin.
- Gure bizimoduak petrolioarekiko duen dependentzia handia ikusita eta baliabide hori agortzeko perspektibaren aurrean, herritarren %60k gaur egungo bizimoduarekin jarraitu ahal izateko energia iturri alternatiboak bilatzearen alde egiten dute, eta %32k, aldiz, energia kontsumoa murriztearen alde, horretarako gure bizimodua aldatuz.

EAEko hezkuntzari buruzko iritzi ona eta LOMCErekiko kontrakotasuna
- Herritarren %61ek uste dute Hezkuntza hobea dela EAEn Estatuan baino eta %21ek antzeko maila dutela.
- EAEko biztanleriaren iritzia erdibitu egiten da Hezkuntzara bideratutako baliabideak baloratzean: %44k egokiak direla uste dute eta %45ek behar direnak baino gutxiago direla.
- %5 bakarrik agertzen dira LOMCErekin oso edo nahikoa ados, %52 aurka daude. Lege horren inguruko ezjakintasuna altua da, %42k ez dute hari buruz ezer entzun edo ez dute iritzirik eman.

Autogobernu handiagoa ekonomiarako faktore onuragarri bezala
- Herritarren %46k diote autogobernu handiagoa euskal ekonomiarentzat onuragarria litzatekeela, %26k ez litzatekeela ez onuragarria ezta kaltegarria ere eta %14k bakarrik diote kaltegarria litzatekeela.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko