Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2014.eko martxoak 07

Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernuaren Kontrolerako Osoko Bilkurako galderei eta interpelazioei erantzun die:

3. Galdera, Natalia Rojo Solana Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiko pobrezia energetikoari heltzeko legebiltzar-agindua betetzeari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzari otsailaren 27an onartutako parlamentu-agindua iritsi zaiola baieztatzeko eskatu zaio. Nolanahi ere, Urkullu lehendakariak gaur egun onartzen ari diren neurriak azaldu ditu, adibidez: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentara eta Gizarte Larrialdiko Laguntzetara 435 milioi euro bideratzea. Horien barruan, energiarako laguntzak ere sartzen dira, eta laguntza horiek «Legez, energia-gastuak barne hartzen dituzte», Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legeko 44.2 artikuluari jarraiki.

4. Galdera, Borja Sémper Pascual Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, proposatu den autogobernu-lantaldeari buruz.

Lehendakariak «Euskadiko errealitate nazionala» aintzat hartuko duen hitzarmen bat proposatu du; «autogobernua eguneratzea eta handitzea ahalbidetuko duen eta Estatuarekiko harremanetan berme-sistema bat eta alde bikotasun efektiboa» definituko dituen hitzarmen bat.

5. Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, egiaztatzaile deiturikoei dagokienez lehendakariak izandako jarrerari buruz.

Lehendakariak esan duenez, terrorismoari amaiera ordenatua ematea defendatzen du eta horren alde lan egiten du; «gizarte honentzat eta etorkizuneko bake eta bizikidetzarako funtsezko helburua da». Eusko Jaurlaritzak Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari babesa emateko arrazoia, hain zuzen ere, «helburu horietan laguntzen» ari direla da. Batzordea «itzal handiko nazioarteko pertsonaz» osatuta dago, eta lehendakariaren ustez, «fidagarria eta segurua» da.

Babes horrek, Urkulluren arabera, gizartearen borondateari erantzuten dio, gizarteak «bukaeraranzko bide bat» nahi duelako. Gainera, «Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren iritziari» ere erantzuten dio; zehazki, ordezkarien % 85enari. Batzorde horrek bere konpromisoari «eusten dio», eta lehendakariaren arabera, «ETAren erabateko desarmea eta desegite oso eta baldintzarik gabekoa» lortzeko pausoak ematea ahalbidetuko du.

8. Interpelazioa, Txarli Prieto San Vicente Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2014ko martxoaren 3an eta 4an Bilbon egingo den Espainia 2014 Foro Globalaren ondorioei buruz.

Lehendakariak parte hartu izanaren komenigarritasuna berretsi du. Horrez gain, lehendakariak «gure etorkizun ekonomikorako funtsezkoak» diren lau auziak aipatu ditu: ETEentzako kreditua aktibatzeko beharra, Alemaniako eredua erreferentziatzat hartuta; gazteentzako bermeen Europako programari lehentasuna ematea; energia-kostuen arazoak eta industrian daukaten eragina; eta ekonomiak eta enpresak kanpora irekitzeko eta nazioartekotzeko daukaten beharra. Lehendakariaren arabera, «auzi horiek Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren parte dira».

9. Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak Etxerat elkarteari emandako diru-laguntzari buruz.

Lehendakariak adierazi duenez, Etxerat elkarteen erregistroan dago, eta beraz, «bere proiektuak planteatzeko eskubidea dauka». Hain zuzen ere, kalifikazio-epaimahaiak elkarte horrek aurkeztutako lau proiektuetatik bik deialdian zehaztutako baldintzak betetzen dituztela ondorioztatu du. Lehendakariak esan duenez, «Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza deialdi guztiak deialdiarekin batera argitaratzen diren onarpena gardena izateko oinarriei lotuta daude».

Beste alde batetik, Barrio jaunaren adierazpenei erantzunez, lehendakariak esan du «espetxe-politika malguagoa» defendatzen duela, «legaltasunaren barruan». Ideia hori «gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da eta inoiz baino justifikatuago dago». Horixe ziurtatu du lehendakariak.

12. Galdera, Igor López de Munain Ganuza EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, inputatuta dagoen Alfredo de Miguel EAJko burukide ohia administrazio publikora lan egitera bueltatzeari buruz.

Urkullu lehendakariak azaldu duenez, De Miguel 2000n hasi zen IKT elkartean lanean. Kargu publiko baterako izendatu zutenean nahitaezko eszedentzia hartu ondoren, 2010ean itzuli zen bere postura De Miguel. Inputatu zutenean, kargudun publiko gisa dimisioa eman zuen eta Euzko Alderdi Jeltzaleko afiliatu-txartela entregatu zuen. Jarrera hori «gutxitan» ikusten da politikan eta eremu publikoan, Urkulluk ziurtatu duenez.

«Zer proposatzen du? Pertsona bat, inputatuta baldin badago, lanpostu bat izateko eskubidea galtzen duela?» , galdetu du lehendakariak. Ideia hau defendatzeak ez dauka batere zerikusirik, Urkulluren arabera, errugabetasun presuntzioa eta lanpostu bat izateko eskubidea defendatzearekin. Bide hori, aplikatuz gero, «sorgin-ehiza» ekarriko luke.

13. Galdera, Idoia Mendia Cueva Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Lanbiden bizitzen ari den gatazka-egoerari buruz.

Lehendakariak «Gobernu honen negoziatzeko borondatea eta enplegu publikoarekiko konpromisoa» berretsi ditu. «Ekintzekin frogatu dugu; izan ere, gaur egun, Lanbidek duela hiru urte baino egiturazko 275 lanpostu gehiago dauzka». Beste alde batetik, lehendakariak zera esan du: «Ziur nago Lanbidek 2011ko urtarrilaren 1ean sortu zenetik lehenengo LPZ izateko akordio batera iritsiko garela».

14. Galdera, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "egiaztatzaileei" Madrilen egindako bisitari buruz.

Lehendakariak adierazi duenez, «duela urte askotatik» ari da Euskadin dauden Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideekin lanean, «ETAren bukaera ordenatua izateko ekarpen bat egiten ahaleginduz».  «Espainiako Gobernuak bere gain hartu ez duen» lan bat da. Urkulluk Jonathan Powellek Espainiako Gobernuaren jarrerari buruz egin dituen adierazpenak gogorarazi ditu: «Munduan ez dago gobernurik erakunde terrorista batek armak uzteko borondatea adierazi duenean ezezkoa eman duenik». Ildo horretan, Alderdi Popularrari jarrera zuzentzeko eta bake prozesuarekin bat egiteko eskatu dio.


2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eajpnvparlament
    2014.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkullu: Gaur Legebiltzarrean izan gara, Gobernuaren kontrol saioan bederatzi galderei erantzunez http://t.co/RlddgoGSr0

  • @iurkullu
    2014.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    Gaur Legebiltzarrean izan gara, Gobernuaren kontrol saioan bederatzi galderei erantzunez http://t.co/RlddgoGSr0

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)