Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadi-Basque Country Bandera euskal turismoaren singulartasunaren ikur izango da bigarren urtez jarraian Bartzelonan

2014.eko martxoak 05

Mediterraneoan lehiatuko dira aurten ere garaiko 12 traineru onenak


Datorren ekainaren 29an, konde-hiriak hartuko du Estatuko traineru-txapelketa garrantzitsuena den San Miguel Ligaren hasiera, eta Euskadiren turismo-sustapenerako balioko du Bartzelonan eta Gironan.

Iaz San Miguel Liga aurrenekoz Mediterraneoko uretan jokatzeak izan zuen arrakasta dela eta, traineruak berriro itzuliko dira Bartzelonara datorren ekainaren 29an, II. Euskadi-Basque Country Bandera irabaztearren.
Itsaso hartara itzultzea ahalbidetu du Traineru Kluben Elkartearen (ACT) eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren arteko akordioak, Euskadi turismo-gune gisa sustatzen jarraitzeko asmoz.
Iazko esperientzia sendotuko da aurten, euskal eskaintza turistikoa lehentasunezko merkatua den Kataluniara hurbiltzea dela xede. Aurtengoan, gainera, ekitaldiari loturiko sustapen-ekintzak egun gehiagoz luzatuko dira eta ez dira Bartzelonara mugatuko, Gironan ere egingo baitira.

Estropada horrekin hasiko da la Caixa Koroa irabazteko lehia. Horrenbestez, konde-hiriak garaiko 12 traineru onenak hartuko ditu, iaz Urdaibai Umpro Avia talde bizkaitarrak etxera eraman zuen bandera eskuratzeko norgehiagokan. Kirola, kultura eta Euskadiren sustapen turistikoa uztartu ziren asteburu bikaina izan zen kirolarientzat eta zaleentzat.

Akordio honetara atxiki da beste kide garrantzitsu bat: Bartzelonako Udala. Bartzelonako udaletxekoak oso gustura geratu ziren iazko udan San Miguel Ligarekin izandako esperientziarekin eta aurten ere bertan hartzearen alde egin dute apustu.

San Miguel Ligaren lehen jardunaldi honetan, iazko estropada-eremu berean ariko dira norgehiagoka; Vela hotelean egongo dira irteera eta helmuga eta kanpoaldeko balizak, berriz, San Sebastian hondartzan. Aurten ere telebistaz emango da eta uda osoan zehar ligarekin batera porturik portu dabilen lantaldea han izango da. «Liga gure esparru geografikotik kanpo hasteko asmoari eusten diogu, gero eta jende gehiagorengana iristeko. Iaz Bartzelonan izandako esperientzia errepikatu ahal izateak ilusio handia egiten digu». adierazi du ACTeko presidente Pedro Anduezak. «Mundu mailan da ezaguna hiria, besteak beste, kirol-ekitaldi garrantzitsuenen egoitza izan denez, Joko Olinpikoena, kasu. Hori dela eta, esker ona adierazi nahi diet Eusko Jaurlaritzari eta Bartzelonako Udalari, haien laguntzarik gabe ezingo genukeelako horrelakorik egin», azpimarratu du Anduezak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)