Berriak Osasuna
Eu

Euskadin gripearen aurkako txerkaketa areagotzeko neurri berriak iragarri ditu Osasun Sailak

2014.eko martxoak 05

 

2013-2014 denboraldian gripeak izandako eragina aurrekoen antzekoa izan da

Euskadin griperan aurkako txertaketa areagotzeko neurri berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, datorren neguari begira. Hala aurreratu du gaur Jon Darpón Osasuneko sailburuak, gripearen kontrako lehenengo balantzeari buruzko prentsaurrekoan. Txertatzearen garrantzia azpimarratu du, bai herritar guztiei dagokienez, bai osasuneko profesionalei dagokienez. Gainera, aipaturiko neurri berriak martxan jarriko dituztela iragarri du.

Osasuneko sailburuak adierazi duenez, «Osakidetzako Mediku Jagoleen Sarearen bidez jasotako datuen arabera, arrisku-faktoreak zituztela-eta txertatzeko hautagai ziren pertsonetatik % 62,8 ez zeuden txertatuta». halaber, txertaketa-egoera ezaguna zen ospitaleratuen kasuan, txertatzeko hautagai zirenen % 73,5ek (arrisku-faktoreak zituztelako edo 64 urtetik gorakoak zirelako) ez zuten denboraldi honetako gripearen kontrako txertoa jaso.

Beste datu adierazgarrietako bat da 2013-2014 gripe-denboraldian hildako txertaketa-egoera ezaguneko 22 pertsonetatik % 67 (12 gizon eta 10 emakume) ez zeudela txertatuta, nahiz eta hildakoen kopuru osoaren % 95,5ek arrisku-faktoreren bat zeukan.

Osasun Sailaren arduradunek aurreratu dutenez, hartuko diren neurrien artean, ahalegina egingo da Euskadiko ospitale guztiek gripearen kontrako txertoa eskain diezaieten gripe denboraldian ospitaleratzen dituzten txertatu gabeko gaixo kronikoei.

Era berean, Osakidetzako profesionalak txertatzearen beharraz kontzientziatzeko ekimenak garatuko dira; izan ere, medikuen % 38 eta erizainen % 25 bakarrik txertatzen dira, nahiz eta etengabe gripeak jotako jendearekin harremanetan egoten diren. «Gure profesionalak ere babesteko ahalegin handiagoa egingo dugu, posible bada, batez ere informazio gehiago emanez eta harreman hurbilekoagoa izanez, denon artean gripeak profesionalei ere eragitea saihesteko», adierazi du.

Osasuneko sailburuak berriz ere txertoaren eraginkortasuna aipatu du. «Osasun Sailak, urtero, 1.200.000 euro baino gehiago inbertitzen ditu txerto seguru eta eraginkor honetako 380.000 unitate erosteko. Urtero, OMEk babestuta, gripearen kontrako txerto tribalente inaktibatuak hurrengo neguan zabaltzeko probabilitate handiena duten birusak islatzen dituzten hiru andui barne hartzen ditu (A motako bi eta B motako bat). Beraz, berriz esango dut, txerto eraginkorra da».

Komunikabideen aurreko agerraldian, sailburuarekin batera, Osasun Arretarako zuzendari Antonio Arraiza eta Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsoro izan dira. Dorronsorok azpimarratu duenez, 2013-2014 denboraldia azken lau urteetako denboraldien antzekoa izan da. Hala ere, gaineratu duenez, kasu larriak eragin dituzten birus bakanak aldatu egin dira: A(H1N1)pdm09 2013-2014 denboraldiko kasuetan (% 72) eta 2010-2011 denboraldikoetan (% 92,1) nagusitu da; AH3N2, berriz, 2011-2012 denboraldian (% 78,1) eta B motako birusa 2012-2013 denboraldian (% 73,8).

Osasun Arretarako zuzendari Antonio Arraizak, bestetik, Osakidetzan  egunero egin den jarraipen- eta kontrol-lana nabarmendu du; bai arreta baliabideei, bai birusaren bilakaerari dagokienez. Protokoloa, hortaz, datorren neguari begira ere mantenduko dela baieztatu du.

Vitoria-Gasteiz, 2014-3-5


 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)