Berriak Herrizaingoa
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, AESLEME elkarteak eta AXA konpainiak zirkulazio istripuak saihesteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

2010.eko maiatzak 06

Bilbo, maiatzaren 6an.- Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, AESLEME elkarteak eta AXA konpainiak ''Zuri ere gerta dakizuke'' kanpainaren beste edizio bat egiteko akordioa sinatu dute gaur goizean Bilbon. Hezkuntza zentroetan gazteek zirkulazio istripuen arriskuez kontzientzia hartzea du xede.

Gaur izandako aurkezpen ekitaldian, Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, Javier de Agustin AXAko kontseilari ordezkariak, Maria del Mar Cogollos AESLEME elkarteko zuzendariak eta Maria Luisa Jauregui Gurutzetako Ospitaleko Lesionatu Medularren Unitateko arduradunak hartu dute parte. 

Ekitaldian, instituzioetako ordezkariek 2010ean Euskadiko ikastetxeetan egingo diren jarduerak aurkeztu dituzte eta azkenaldian izandako ekintzen azterketa egin dute. Bide-segurtasunerako egitarauaren barruan, osasun langileek eta bizkarrezur-muineko lesioak dituzten pertsona batzuek Euskadiko ikastetxeak bisitatuko dituzte 12 eta 18 urte arteko neska-mutilak errepideko arriskuez kontzientziarazteko.

Lehenengo aldiz, AESLEME elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren artean egindako ituna AXA aseguru-etxeak ere sinatu du. AXAk "Zuri ere gerta dakizuke" ekimenean parte hartu zuen horren jaioturtean, 1998an, eta orain Unespa ordezkatzen du. Javier de Agustin AXAko kontseilari ordezkariak honela justifikatu du aseguru-etxearen parte hartzea: "Aseguru-etxea garen neurrian, zirkulazio istripuetako biktima askoren ardura daukagu, eta badakigu zein garrantzitsua den gazteek kontzientzia hartzea ezbehar horiek ekiditeko". 

"Zuri ere gerta dakizuke" kanpainak, hamar urte Euskadin

Zirkulazio istripuak ez dituzte hildakoak soilik eragiten. Pertsona ugari zauritu egiten dira, eta, kasu askotan, bizkarrezur-muineko eta garuneko lesio larri eta itzulezinak jasaten dituzte. 

Hori saihesteko, AESLEMEk eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak lankidetza-hitzarmena dute 1998az geroztik. Akordio horren parte da Euskadin egiten den "Zuri ere gerta dakizuke" kanpaina.

Orain arte, Euskadiko ikastetxeetako ia 200.000 neska-mutilek parte hartu dute ekimen horretan (eta beste bederatzi autonomia erkidegotako 2 milioi umek eta gaztek baino gehiagok).

"Zuri ere gerta dakizuke" kanpainak mezu bikoitza dauka: batetik, istripuak eta ezbehar horien ondorio larriak saihesten ahalegintzea; eta, bestetik, pertsona batek halako istripu bat jasan ostean nolako arazoak izaten dituen erakustea. Emaitzak epe laburrera aztertu ezin badira ere, kanpainak abantaila bat dauka; izan ere, bi ordutan mezua zuzenean jasotzen dute haur eta nerabeek euren ikastetxeetan. 2009an soilik Euskadiko Bigarren Hezkuntzako 150 ikastetxetako 15.000 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten hitzaldietan.
  
Mediku batek eta bizkarrezur-muineko lesioa duen pertsona batek parte hartu ohi dute

Zer da "Zuri ere gerta dakizuke"? Osasun langile batek eta zirkulazio istripu baten ondorioz bizkarrezur-muineko lesioa duen pertsona batek emandako heziketa jarduera da. Hitzaldiak ordu eta erdi eta bi ordu artean irauten du, eta eragin handia dauka, neurri batean, ikasleen adinerako oso egokia den ikus-entzunezko materiala erabiltzen delako. "Zuri ere gerta dakizuke" kanpainak lau zati ditu:  

- Istripuen zergatiak eta ezbeharrak saihesteko modua: Segurtasun-uhala eta kaskoa erabiltzea, zirkulazio-arauak betetzea, gidatu behar izatekotan alkohola ez hartzea, arreta galtzea (sakelakoa, musika).

- Zer egin istripu baten ostean? Lesioak ez areagotzeko, medikuak iritsi arte zauritua ez mugitzea oso garrantzitsua dela azpimarratzea.

- Istripuaren ondorioak. Istripua izan duen pertsonak eta horren senideek, besteak beste, bizkarrezur-muineko lesioak (paraplegia eta tetraplegia), burezurreko traumatismoa eta arazo fisikoak, psikikoak eta sozialak jasan behar izaten dituzte.

- Solasaldia - eztabaida bertan bildutako guztiekin.

2010eko lehen hilabete hauetan Estatuko 62.246 ikaslek parte hartu dute kanpaina honetan, horietako 3.209k, Euskadin.

Gainera, hitzarmen honetan, lehenengoz, Donostian egingo diren bi Road Show jasotzen dira:

Road Show-a gazteentzako bide-hezkuntza programa espezifikoa da. Antzoki batean antzezten dute zirkulazio istripu baten benetako protagonistek: poliziak, suhiltzaileak, medikuak, istripua jasan duenak...

IRSA Poliziaren Nazioarteko Akademiak garatu du eta Estatu osoan egiten da AESLEMErekin elkarlanean. 

IRSA Bide Segurtasunerako Nazioarteko Akademiari dagozkio Road Showaren eskubideak. Munduko edozein herrialdetako poliziak prestatzea du xede nagusi, horrela euren bideko politikak hobetzen laguntzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Amparo López, Trafiko Zuxendaria