Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuak lan-ikuskatzailetzaren transferentzia eskatu du

2010.eko maiatzak 06

 

  • Bi administrazioen arteko lankidetza-organoa sortzearen alde hitz egin du

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak lan‑ikuskatzailetzaren transferentzia eskatu du Euskadirentzat; izan ere, orain zerbitzu hori organikoki Lan Ministerioaren mende baitago. Espainiak Europar Batasunaren presidentzia hartu izanaren kariaz Lan Ikuskatzailetzaren goi-arduradunen Europako Batzordea Bilbon egiten ari den jardunaldien inaugurazioan egin du eskaera hori Zabaletak. Jardunaldiak gaur eta bihar  izango dira, eta ikuskatzailetzaren gaineko eskumenak dituzten organoen arteko lankidetzarako tresnei buruz eztabaidatzea dute helburu.

Bere hitzaldian Zabaletak azpimarratu zuenez, Ikuskatzailetzak berebiziko zeregina dauka enpleguaren kalitatea babesteko zerbitzu publiko gisa, iruzurraren, desberdintasunen, diskriminazioen eta lan-ezbeharren aurka gauzatzen dituen jardueren bitartez. Horrez gain, ikuskatzailetza-organoak lan-gatazketan bitartekari gisa eta arauak betetzearen zaintzaile gisa duen inpartzialtasuna goretsi zuen. "Hori kontuan hartu beharreko balioa da, denbora gehiagorik ez galtzeko, lanari ekiteko eta Lan Ikuskatzailetza langileen ongizatearen aldeko tresna bihurtzeko", azpimarratu zuen sailburuak.

Zalaletak Eusko Jaurlaritzaren borondatea adierazi zuen, legegintzaldi honetan Ikuskatzailetzaren transferentzia bere gain hartzeko lan konplexuan aurrera egiten jarraitzeko. "Badakigu ez dela lan erraza. Bateragarri egin behar ditugu, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoak lan‑merkatua kontrolatzeko duen eskubide eztabaidaezina eta, bestetik, Gizarte Segurantzaren kudeaketa eta funtzionamenduaren gaineko ardura guztiak bere gain izaten jarraitzeko Estatuko Administrazioak hartutako erabaki ezeztaezina".

Prozesu horretan aurrera egiteko, bi aldeen lankidetza eskatu zuen Zabaletak. "Gure ustez oztopoa gainditzeko modukoa da, borondate ona baldin badago eta gai bakoitzean erabakitzeko ahalmena zehazten duen lankidetza-organo bat sortzen baldin badugu bi Administrazioen artean. Behar-beharrezkoa da guretzat legegintzaldi honetan Lan Ikuskatzailetza geure esku edukitzea".

Zabaletaren iritziz, Bilboko topaketa aukera egokia da eskarmentuak trukatzeko, ikuskatzailetza-jardueren inguruko gaiak eztabaidatzeko, eta elkartzeko eta lankidetzan lan egiteko guneak bilatu eta zabaltzeko.   "Gai garrantzitsua dugu eskuartean. Lan-arloko arauak behar bezala betetzen laguntzen duten lege-printzipioez, arauez, organoez, funtzionarioez eta baliabide materialez ari gara; baita, besteak beste, arriskuak prebenitzeko neurriez eta langileen segurtasunez, gizarte-babesaz, langabeziagatiko babesaz eta atzerritarren lanaz ere".

"Helburuak hauek dira:", gaineratu zuen, "era guztietako iruzurrei bidea ixtea, langileak biktima egiten duten arau-hausteak amaitzea, diskriminazioa geldiaraztea, desberdintasunaren aurkako zuzeneko lana egitea eta lan‑ezbeharren arazoaren aurka hobeto borrokatzea

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta