Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak urteko bigarren alerta gorria abiarazi du astelehenerako eta astearterako, itsasoko eta itsas bazterreko arriskuengatik eta olatu handiengatik

2014.eko martxoak 03

Marea biziak eta olatu handiak izango dira aldi berean

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak itsasoko eta itsas bazterreko arriskuengatiko alarma gorria abiarazi du gaur, astelehena, martxoak 3, 16:00etatik, bihar, asteartea, martxoak 4, 09:00ak arte.

Alarma gorria abisuen eta alerten sistemako maila gorena da, fenomeno meteorologiko ezohiko eta indar berezikoetara lotuta dagoena. Segurtasun Sailak otsailaren 2an abiarazi zuen itsasoko eta itsas bazterreko arriskuengatiko azkeneko alarma.

Euskalmeten, Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, atlantiar depresio sakon batek eta haizearen indarrak eta iraupenak olatu handiak sortuko dituzte euskal kostaldean. Olatuen tamainari beste ezaugarri bat batuko zaio; izan ere, mareak oso biziak izango dira, bereziki astearte goizaldean (martxoak 4).

Euskalmetek eginiko iragarpenen arabera, bihar, astelehena, hilak 3, olatuen tamainak gora egingo du; goizaldean 4 metro inguru izango dituzte, eguerdian 6-7 metro inguru, eta arratsaldean eta gau partean 9-10 metro neurtzera helduko dira. Era berean, hondoko itsasoa ere hazten joango da, 4 metroetatik 6 metroetara eguerdian, eta 9 metrora arte arratsalde-gauean. Olatualdiaren tartea 12 segundotik 18-19 segundora igoko da.

Asteartean, hilak 4, olatuak txikitzen joango dira; 9-10 metroetatik 6-7 metroetara eguerdian, eta 4-5 metrora egunaren amaieran. Era berean, hondoko itsasoak ere behera egingo du, 9 metroetatik 6 metroetara arte, eguerdian, eta 4 metro ingurura arte arratsean. Olatualdiaren tarteak ere behera egingo du, 19-18 segundotatik 16 segundora arratsalde partean.

Marea biziak

Zalantzarik gabe, olatu oso handiak izango dira, eta horri mareak ere oso biziak izango direla erantsi behar diogu. Astelehen arratsaldean, hilaren 3an, itsasgora 18:00ak aldera izango da (Bilboko portuan 18:15ean izango da, 4,63 metrorekin). Une horretan 9-10 metroetara hel daitezkeen olatuak espero dira; hondoko itsasoa 8-9 metro ingurukoa eta 18 segundoko tarteak. Hurrengo itsasgora astearteko, hilaren 4ko, 06:30 aldera izango da (Bilboko portuan 06:33an, 4,83 metrorekin) eta olatuak 8-9 metrora iritsiko dira; hondoko itsasoa 8 metro inguruan izango da eta 18 segundoko tarteak.

Alderdi positibo gisa azpimarratu beharra dago olatu handienak gerta daitezkeen unean, astelehenean, gauerdi aldera, itsasbehera izango dela (Bilboko portuan 00:17an, 0,64 metrorekin).

Olatu handiek eta marea biziek bat egitearen ondorioz alerta gorria abiaraziko da asteleheneko, hilaren 3ko, 16:00etatik astearteko, hilaren 4ko, 09:00ak arte. Unerik zailenak itsasgoretan izango dira.

Azken finean, olatu oso handiek eta marea oso biziek bat egiten dutenean joan den otsailaren 2an izandako denboralearen antzeko zerbait gerta daiteke, latzagoa ez bada.

Denboraleen aurreko gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, denboraleen arriskuak eta eragin ditzakeen kalteak prebenitzeko edo arintzeko,

honako gomendio hauek egiten dizkie herritarrei:

Prebentzio-neurri gisa:

Bete agintaritza eskudunek emandako jarraibideak eta aholkuak.

Ez bainatu itsasoan.

Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (arrokak, kai-muturrak, moilak).

Ez joan itsas-pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara. Itsasoak eraman egin zaitzake.

Ez gidatu kostaldearen ondoko errepidetan.

Ez egin urpeko igeriketa.

Ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela.

Ez ezazu inola ere uretako kirolik egin.

Errespetatu seinaleak eta bete aginte-agenteek emandako jarraibideak.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta egon erreskatatu bitartean.

Olatuek arrastatuz gero, egon lasai; ez egin igeri korrontearen kontra, kostako korronteek indar gutxiagoko zatiak dituzte.

 

Informazioa uneoro, Euskalmeten webgunean: www.euskalmet.euskadi.net edo Twitterren: @Euskalmet. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.


2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Departamento de Seguridad activa la segunda alarma roja en lo que va de año http://t.co/C2y2zFChQW

  • @www_ukberri_net
    2014.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Segurtasun Sailak urteko bigarren alerta gorria abiarazi du astelehenerako eta astearterako, itsasoko eta… http://t

Komunikabideek behera kargatzeko