Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek ugatzak, sai zuriak eta sai arreak babestuko dituzte

2014.eko martxoak 01

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek EAEko interes komunitarioko hegazti harrapari nekrofagoak babesteko kudeaketa-plan bat osatu dute, ugatzak (Gypaetus barbatus), sai zuriak (Neophron pernocterus) eta sai arreak (Gyps fulvus) babesteko, hain zuzen. Plana mugagabea izango da, harik eta espezie horiek mehatxatuta ez dauden arte, eta bost urtean behin berrikusiko da.

«Hauek dira Planaren helburuetako batzuk -azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredok-: Populazio heldu nahiz gazteen heriotza ez-naturalaren kausak (pozoitzea, elektrokutatzea eta energia-azpiegituren kontra jotzea) murriztea edo ezabatzea, definitutako babes-eremuetan jakiak egotea erregulatzea, hegazti horien eta abeltzaintza estentsiboaren arteko harremana aztertzea, bai eta horren onurak eta eraginak, eta publikoari, oro har, eta administrazioei espezie horien egoeraz sentsibilizatzearen eta horiei buruzko informazioa ematearen beharra ere».

Barredok azaldu duenez, «Hegazti horien habitatak eta bizimoduak babesteko, plana onartu ondoren, debekatuta egongo da horiek hiltzea, harrapatzea, jarraitzea eta eragoztea xede duen baimenik gabeko edozer jarduera, kumeak eta arrautzak barne, bai eta beren habitata suntsitzea eta aldatzea ere, bereziki habiak eta hazteko, atseden hartzeko eta jateko inguruak».

«Gainera -gehitu du zuzendariak-, ezingo da ale bizi edo hilik eduki, naturalizatu, garraiatu, saldu, erakutsi, inportatu edo esportatu, ez eta heldu basatiak edo beren kumeak elikatu ere, zehaztutako kasuetan izan ezik. Ezingo da, halaber, postu finkorik ipini espezie horiengandik 250 metro baino gutxiagora behatzeko erregistro grafiko eta soinu-erregistrorako, ez eta kokatzeko guneetatik, jateko guneetatik, puskatzeko guneetatik eta habia egiteko balizko guneetatik 500 metro baino gutxiagora ere, berariazko baimendutako pertsonak eta jarduerak izan ezik».

UGATZA (Gypaetus barbatus)

Orain dela berrogeita hamar urtera arte, ugatza ohiko hegaztia zen EAEn. Gaztelaniazko quebrantahuesos eta euskarazko ugatza izenak orokortu arte, levantahuesos, águila chivata (antxume bizarragatik), quebrantón, cascaués edo cascahuesos izenez ezaguna zen gaztelaniaz eta arrano gorria (arrano beltzari kontrajarrita) izenez, berriz, euskaraz. Gaur egun EAEn ugaltzen ez badira ere, neguro, bi eta sei ugatz artean EAEko ekialdera etortzen dira, EAE eta Nafarroa artean. Heriotza-faktore nagusiak pozoien erabilerarekin, linea elektrikoekin talka egitearekin eta legez kanpoko ehizarekin lotuta daude. Ugatza galzoriko espezietzat jasota dago Basoko eta Itsasoko Flora eta Fauna Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.


SAI ZURIA (Neophron pernocterus)

Espeziea oso banatuta dago EAEko lurralde osoan. Populazioaren zati handi bat autonomia-erkidegoko mendebaldean dago eta beste nukleo handi bat Aizkorrin, Aralarren, Urkiolan, Gorbeian eta Gorobelen. Populazioaren gainerakoa hemendik eta handik banatuta dago.

Oro har, sai zuria EAEko inguru menditsu gehienetan dago, eta dentsitate handiagoa dago Enkarterrietan, Arabako mendebaldean eta Arabako Mendialdean. Heriotza- eta mehatxu-faktore nagusiak pozoiak erabiltzearekin, elikagai kopurua murriztearekin -mandotegiak itxi dituztelako-, hazteko guneetako eragozpenekin eta legez kanpoko ehizarekin lotuta daude. Habitata aldatzea eta suntsitzea, linea elektrikoen eta aerosorgailuen kontra jotzea eta nekazaritzako biozidekin intoxikatzea ere mehatxu-faktoreak dira. Sai zuria espezie kalteberatzat jasota dago Basoko eta Itsasoko Flora eta Fauna Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.


SAI ARREA (Gyps fulvus)

EAEko hiru lurralde historikoetako inguru menditsuetan dago. Saitegi nagusiak Valderejoko, Sobrongo eta Gorobelgo mendebaldeko mendilerroetan daude, Araban. Nolanahi ere, bizitzeko eta elikatzeko eremua autonomia-erkidego osora hedatzen da, kostako zerrendara gutxi joaten badira ere.

XX. mendearen lehen erdian, populazioak beherakada handia izan zuen, pozoiaren (batik bat estriknina) erabileragatik. Pozoi hori saiek jaten zituzten beste espezie batzuk hiltzeko erabiltzen zen. Gaur egun, espezieak atzera egitearen kausa nagusiak pozoien erabilera, legez kanpoko ehiza, linea elektrikoak eta aerosorgailuak, eta elikagai kopurua murriztea -nekazaritzako erabilerak aldatu direlako- dira. Sai arrea interes bereziko espezietzat jasota dago Basoko eta Itsasoko Flora eta Fauna Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MiriamUrt
    2014.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    GV y Diputaciones intensifican la protección a quebrantahuesos,alimoches y buitres

    http://t.co/OKcf5dkuGd … vía @Irekia_News #Euskadi

  • @Babaloria
    2014.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek ugatzak, sai zuriak eta sai arreak babestuko dituzte

    http://t.co/9bYyAqHxi6

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)