Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritza etenik gabe ari da lanean denboraleek Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan egindako kalteak konpontzeko

2014.eko otsailak 26

• Gaur bukatu da erakundeen arteko bilera-txanda kaltetutako udalerrietan.
• Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 28 bilera tekniko sustatu ditu: 19 Bizkaian eta 9 Gipuzkoan.
• Oregi: «Bilerak oso onak izan dira, eta alderdi bakoitzaren eskumen-esparruak zehaztu ditugu».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gaur bukatu du erakundeen arteko bilera-txanda; hilaren 18az geroztik koordinatu ditu bilera horiek Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetan ondoz ondoko sei denboraleek Bizkaiko Golkoko itsasertzean eragin dituzten kalteen berri jasotzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, «Eusko Jaurlaritza etenik gabe ari da lanean lehen unetik denboraleek gure portuetan eragindako kalteak konpontzeko. Kaltetutako udalerri bakoitzean egindako bisitak eta bilera teknikoak Bermeon eta Deban hasi ziren, eta gaur bukatu dira Elantxoben eta Orion».

Oregik zehaztutakoaren arabera, «Bizkaiko bilerak portu-udalerrietan izan dira (Plentzia, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ea, Lekeitio eta Ondarroa), bai eta euskal administrazioak itsasertzean eskumenik ez duen kostaldeko gainerako udalerrietan ere: Muskiz, Zierbena, Santurtzi, Getxo, Sopela, Barrika, Gorliz, Bakio, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Mendexan».

«Gauza bera egin da Gipuzkoan; lurralde honetan Eusko Jaurlaritzaren eskumen-esparrua Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Orio, Donostia eta Hondarribiko portuetara mugatzen da, baina Pasaian eta Zarautzen ere koordinatu dira erakundeen arteko bilerak. Hondarribian lehen unetik lanean ari gara udalarekin eta Aldundiarekin Interlimengo magaleko luiziei baterako irtenbide bat aurkitu ahal izateko», gehitu du Ana Oregik.

Bilera onak
Sailburuaren iritziz, «bilerak oso onak izan dira alderdi guztientzat; izan ere, kaltetutako azpiegiturak oraindik ikuskatzen ari diren eta kalteen balorazioa oraindik behin betikoa ez den arren, alderdi bakoitzaren eskumen-esparruak zehaztu dira, bai eta administratiboki "inoren lurrean" gelditzen diren kalteak ere».

«Udalerriek lehentasunak ezarri dituzte, gehienbat hondartzak eta horien sarbideak eta instalazioak (dutxak edo zerbitzuak, kasu). Donostia, bestalde, kalte handiena pairatu duen udalerria izanik, zubiak eta gainerako hiri-instalazioak konpontzen ari da eta, aldi berean, erakundeen arteko elkarlana eskatzen du konponketen kostu handia dela-eta. Nolanahi ere, bilerok lanon hasiera baino ez dute finkatu, eta ondoren horiek koordinatzen eta jarraitu beharko dira amaitu arte», azaldu du Oregik.

Datorren astean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi berriro bilduko da erakunde guztiekin zeregin horien bide-orria finkatzeko, Antonio Aiz, Josean Galera eta Izaskun Iriarte sailburuordeekin batera; bilera horiek martxoaren 5ean eta 6an izango dira Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren.

Obra handiak
Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendari Almudena Ruiz de Angulo bihar arratsaldean bilduko da Bermeoko Frantxuako lonjetan kaltetutako arrantzale eta armadoreekin, «eguraldiagatik nahitaez geldirik egon den hilabete batzuen ostean orain berriro hasiko den arrantza-jardueran egoki aritzeko behar eta premia handiena duten konponketei ekiteko». Blokeen bidez babesteko lanak ez dira eten udalerri horretan, eta kaltetutako azpiegiturak berreraikitzeko, konpontzeko eta sendotzeko proiektuak idazteko lana aurrera doa.

Ondarroan martxoan amaituta egongo den proiektu baten bidez konponduko dute bigarren dikea. Donostiako eta Zumaiko bokaleko dikeak konpontzea ere jo da premiazkotzat; larrialdikotzat hartu ziren otsailaren 9ko ebazpenaren bidez, eta haiek konpontzeko lanean ari da Moyua enpresa, «baina eguraldia -zehaztu du Almudena Ruiz Angulok- zeregin hori erritmo egokian egitea zailtzen ari da urpeko eremuetan. Gaur Zumaian, itsasaldi erdian, lana eten behar izan dute olatuek dikea gainditzen zutelako. Gure nahia gorabehera ez dago leku askotan hasterik, lehen minututik gure asmoa izan den moduan».

Orio eta Donostia
Orioko bigarren dikeari dagokionez -larrialdikotzat hartu zen urtarrilaren 20ko ebazpenean eta otsailaren 9an zabaldu zen hura-, Eusko Jaurlaritzako berreraikitzeko proiektu bat edukiko du bi aste barru; TYPSA ingeniaritza-enpresa idazten ari da proiektua, eta obra martxoa amaitu baino lehen esleituko da, udaberri-udaren kanpaina honetan egin dadin.

«Horretaz gain -gaineratu du Ruiz de Angulok-, urpeko zein urgaineko kontrol geometrikoko lanak ere abiarazi dira, eragindako kalteak baloratzeko eta konponketa-proiektuak idatzi ahal izateko. Horri esker, behar diren drainatzeak kontratatu ahal izango ditugu gure portu guztietan beharrezko sakonera berrezartzeko; nolanahi ere, eguraldiak eta itsasaldiek itsas lanetan duten eragin handia ez dugu ahaztu behar. Ezin aurreikusizko faktore horiek markatzen dute itsasertzeko konponketak eta jarduerak gauzatu ahal izatea, gure arrantzaleek eta itsasoko jendeak ongi asko dakiten moduan».

«Azkenik, pantalanei dagokienez, horiek guztiak birjartzeko agindu dugu jada; lantegian eraikitzen ari dira, eta maiatzean guztiak ipinita egongo direla aurreikusten dugu. Donostiako Santa Klara uharteko pantalana ere eskatu dugu eta egiten ari dira, eta gauza bera ontziraleku horretako zura birjartzeari dagokionez; hilabeteko epea dute azken hori emateko», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendariak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)