Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Lanbide-heziketa enpresen premia teknologikoetara hurbilduko dute TKNIKAk eta TECNALIAk

2014.eko otsailak 26

 

Bi erakundeek hitzarmen bat sinatu dute gaur, 30.000 bat ikaslek baliatu ahalko dituzten ekimenak elkarrekin martxan jartzeko

 2014ko otsailak 26. TKNIKA Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak eta TECNALIA Research & Innovation ikerketa aplikatuko zentroak elkarrekin lan egingo dute, etorkizuneko lanbideak identifikatzeko eta lanbide-heziketa industria-sarearen benetako premietara modu optimoan doitzeko.

 Gaur gauzatu dute prestakuntza-alorreko lankidetza TKNIKAk eta TECNALIAk, hitzarmen bat sinatu baitute TKNIKAko zuzendari Iñaki Mujikak eta TECNALIAko zuzendari nagusi Joseba Jauregizarrek. Hitzarmen horren bidez, prestakuntza, ikerketa aplikatua eta Lanbide Heziketaren berrikuntza pedagogikoa eta teknologikoa hobetzeko plan zehatzak egin ahalko dituzte.

Helburua da prestakuntza-prozesua enpresen benetako premietara egokitzea; azken batean, "etorkizuneko lanbideak" identifikatzea, eta prestakuntza ofizio haietan oinarritzea. Fabrikak eta fabrikazio-prozesuak oso bizkor ari dira aldatzen, eta, horrenbestez, premiazkoa da fabrika horietako langile berrien profilak behar berrietara egokitzea.

Zehazki, Lanbide Heziketako 30.000 ikasle inguru baliatu ahalko dira urtero bi erakundeek elkarrekin egingo dituzten planetaz. Plan horietan sartzen dira: TECNALIAn praktikak egitea; TKNIKAko irakasleentzako ezagutzak eguneratzeko ikastaroak martxan jartzea TECNALIAko ikertzaileekin lankidetzan; baita maila guztietan (prestakuntza teorikoa, praktikoa eta prestakuntza-metodoa) berrikuntzan oinarritutako prestakuntza-modulu propioak ezartzea ere.

 Hitzarmena

TECNALIAren helburua da jakintza BPG bihurtzea pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, enpresetan negozio-aukerak sortuz. Horretarako, bere eguneroko jardunean, teknologia enpresa-sarearen lehiakortasun-tresna gisa erabiltzea sustatzen eta errazten du. TKNIKArekin sinatutako hitzarmenaren bidez, enpresek izan ditzaketen premiei aurre hartu nahi die TECNALIAk eta premia horietara egokitu TKNIKAk ematen duen prestakuntza.

Aliantza horri esker, TKNIKAk bereizgarri teknologikoa lortuko du; hau da, aurrerapen teknologikoei aurre hartuko die ekoizpen-teknologiek aurrera egiten duten prozesu bizkorraren aurrean eta EAEko industriak bilakaera teknologikoak bere sektoreetan duen inpaktuari aurre hartzeko izango duen beharraren aurrean.

Lankidetza horren esparruan, garapen ekonomiko eta sozialerako beharrezkoak diren ezagutzak eta teknologiak sortzeko eta transferitzeko jarduerak, proiektuak eta programak egingo dituzte bi erakundeek. Horrez gain, asmoa da zientziaren eta teknologiaren erabilera handitzea eta zuzenean ekoizpen-jardueretan aplikatzea.

 TKNIKAri buruz

TKNIKA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako zentroa da. Bere ardatza berrikuntza da: Euskadiko Lanbide Heziketa Europan aitzindari izateko lanean dihardu egunero.

Sareko lanaren eta Lanbide Heziketako irakasleen esku-hartzearen bidez, zentro honek, zeinak munduko eredurik aurreratuenak baititu erreferente, teknologiaren, prestakuntzaren eta kudeaketaren alorrekin lotutako berrikuntza-proiektuak egiten ditu.

 TECNALIAri buruz

TECNALIA Research & Innovation estatuko ikerketa aplikatuko lehen zentro pribatua da, baita Europako nagusietako bat ere. Hogeita hamar herrialde baino gehiagotako 1.400 bat aditu ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizimodua hobetzeko, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Eskutik doazen bi kontzepturen sintesia da Inspiring Business: imajinatzea eta gauzatzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jorbe
    2014.eko otsailak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @CyberEuskadi: "TKNIKA y TECNALIA acercarán la formación profesional a las necesidades tecnológicas de las empresas" http://t.co/jmRkf4

Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Mujika, TKNIKAren zuzendaria; Joseba Jauregizar, TECNALIAren zuzendaria