Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregiren ustez, trenbideen interoperabilitateak Europan beste garapen ekonomiko eta sozial bat izaten lagunduko du

2014.eko otsailak 26

• Europako Parlamentuak EBko trenbideen kudeaketa agentzia bakar bati esleitu dio

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, Europako Parlamentuak «trenbideen arloko laugarren arau-sorta» onartzea, hau da, Europan trenbide-eremu bakarra eratzera zuzenduta dauden sei zuzentarau eta araudi, «ona izango da trenbideen sektoreko erabiltzaile, operadore eta enpresentzat, arauak homogeneizatzeko eta Europako lehentasunezko korridoreetako azpiegiturak (TEN-T) eta mugaz gaindikoak definitzeko -adibidez, Euskadi penintsular eta kontinentalekoak- aurrerapauso handia emango delako».

«Gure etorkizuneko garraio arloko garapenari eta gure trenbide-industriari begira funtsezkoa da, hala ibilgailuak eraikitzen dituztenentzat -esaterako, CAF eta Talgo- nola trenbide-azpiegituretan aritzen direnentzat, guztiak puntakoak izanik bai Europan bai munduan. Horregatik, Europako arau horiek Euskadiko enplegurako eta garapenerako onak dira», adierazi du Oregik.

Oregiren arabera, «gaur goizean Estrasburgon eman duten pausoak erabiltzaileentzat hobekuntzak hitzematen ditu, bai bidaiarientzat bai salgaiak garraiatzen dituztenentzat, txartel merkeak, zerbitzu gehiago eta hobeak eta isurketen murrizketa aurreikusten dituelako. Europak ere txartel bakarreranzko bidea egin dezake, eta hiriburuen artean beste garraiobide batzuekin alderatuta prezio lehiakorrean bidaiatzeko aukera eman».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuordeak nabarmendu duenez, trenbideen interoperabilitateari buruzko txostenari jarraiki, datozen urteetan, Europako Trenbide Agentzia ibilgailuak eta ekipo teknikoak ziurtatzeko leihatila bakar bihurtuko da. Atzo arratsaldean Estrasburgoko Parlamentuan izan zen eztabaidaren ondoren, gaur goizean, Europako ganberak trenbideen kudeaketa ERAri (Europako Trenbide Agentzia) esleitzea onartu du, lau urteko epean organismo horrek trenbideko ibilgailuen erregistro osoa sortu eta kudeatu dezan, baita lehentasunezko korridoreetako eta azpiegituren kudeatzaile bakarra duten mugaz gaindiko eremuetako azpiegitura fisikoak baimendu ditzan ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)