Berriak Osasuna
Eu

Zigarreta elektronikoaren erabilera gurean arautu eta mugatzeko agindua abian jarri du Osasun Sailak

2014.eko otsailak 25

 

LABURPENA

OME-REN gomendioen ildotik.

Izapidetze-fasean dagoen aginduak osasun-zentro eta establezimenduetan, ikastetxeetan, herritarrak artatzeko administrazio-bulegoetan eta garraio publikoetan erabiltzea burutik kentzeko neurriak dakartza.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak zigarreta elektronikoaren erabilera hemendik aurrera arautu eta mugatuko duen agindua abian jarri dela eman dio ezagutzera Gobernu Batzordeari . Ez langile publikoek, ez herritarrek osasun-zentro eta establezimenduetan, ikastetxeetan eta EAEko Administrazio Orokorraren egoitzetan, garraio publikoak barne, halakorik ez erabiltzeko neurriak ekarriko ditu izapidetze- fasean dagoen agindu berriak.

Halaber, gomendioa egingo die EAEko gainerako Administrazio Publikoei zeinek bere esparruan ere antzeko neurriak har ditzan.

Neurriak Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraitzen die, zeren produktuak kalterik egiten ez duela frogatu artean halakorik ez erabiltzeko baitio, areago EBn lege-erreferentzia izango den Zuzentaraua onetsi bitartean. Dena den, debekatuta dago zigarreta elektronikoa 18urte baino gutxiago dutenei saltzea.

Aginduaren justifikazio-atalean -zeinak zuhurtasun-printzipioa eta eredugarritasuna aipatzen baititu- gogorarazten denez, ezen produktuaren publizitateak tabakoaren ordezko gisa eta hura erretzeari uzteko artikulu lagungarri gisa aurkeztuagatik ere, oraindik orain ez da frogatu zeregin horretan eraginkorra denik, ez eta kalterik eragiten ez duela ere, ez baitago zuzeneko erabiltzaileen zein inguruan diren zeharkako erabiltzaileen osasunaren gaineko eraginari buruzko ebidentzia zientifikorik.

Izan ere, gailuaren segurtasuna, eraginkortasuna eta izan litezkeen bestelako ondorioak zein diren argituko bada, ikerketa eta azterketa gehiago egin behar dira eta oraingoz ez da zeharo baztergarria zigarreta elektronikoak toki publikoetan erabiltzeak kolokan jartzea tabakoaren kontsumoa arautu zenetik lortu den normalizazioa. Arau horiexek hartuko dira, gainera, erreferentziatzat zigarreta elektronikoaren erabilera arautzeko.
______________________________________________________________________________

■ Osasunaren Mundu Erakundeak halakorik ez erabiltzeko gomendioa zabaldu zuen 2013ko uztailean, harik eta ondo argitzen den arte produktu segurua, eraginkorra eta kalterik gabea den, betiere erakunde arautzaile nazional eskudunak ziurtatuta.

■ Bestalde, Europako Parlamentuak proposamen bat egin zuen 2013ko urriaren 8an, halako produktuak katalogatu aurretik horiek ebaluatuko dituzten azterketak egin daitezela eskatzeko, eta uste da aurten bertan onartuko dela horri dagokion Zuzentaraua, estatuek zeinek bere antolamendu juridikora eramatean errespetatu beharreko printzipio eta neurri orokorrak xedatuko dituen testu estandarra, hain zuzen.

______________________________________________________________________________

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau