Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak alegazioak aurkeztu ditu Industria eta Energia Ministerioan, baterako sorkuntza eta erregimen berezian diharduten energien erreformaren aurrean

2014.eko otsailak 24

Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendariak, Javier Zarraonandiak uste du erreforma honen atzean “ez dago industria politika bat, epe laburreko ikuspegia baizik”, industriaren etorkizunean eragin handia izango duena

Baterako sorkuntzen itxierak murriztu egingo du euskal enpresen ahalmen lehiakorra Europako lehiakide zuzenen aurrean, energia kostu txikiagoak baitituzte azken hauek

Gas merkatuan ere eragina izango du


Eusko Jaurlaritzak zenbait alegazio aurkeztu ditu gaur Industria, Energia eta Turismo Ministerioan, energia berriztagarriak, baterako sorkuntza eta erregimen berezian diharduten gainerako energia ekoizpena saritzearen inguruko erreforma proposamena dela eta. Saritzeko araudi berriak industrian izango duen eragina nabarmendu nahi dute alegazio horiek; izan ere, aurreko sari sistema ordezkatzen duen araudi hori onartuz gero, Euskadiko industria alorreko sektore batzuetan eragin kaltegarri handia izango du; batez ere, ekoizpen prozesuetan baterako sorkuntza integratuak dituzten sektoreetan, lehiakortasuna gutxitzeaz gain, enplegua arriskuan jarri baitezake.

Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendariak, Javier Zarraonandiak kezka azaldu du erreforma elektrikoaren inguruan, haren hitzetan “ez da industria politika batean oinarritzen”, baizik eta defizit elektrikoa konpontzeko saiakera bat, eraginkorrena den industriaren lepotik. Hartara, industriaren etorkizuna ez ezik, enplegua eta herritar guztien ongizatea ere arrisku bizian jarriko da. Erreformak sari edo prima guztiak murrizten baditu ere, haren eragina oso ezberdina da sektore giltzarrietan. Horren aurrean, garapen industriala eta lehiakortasuna sendotu eta sustatzeari begirako ikuspegia nagusitu beharko litzateke.

Aurkeztutako alegazioen gaineko txostenak arreta berezia jartzen du industriako baterako sorkuntzan; izan ere, aldi berean elektrizitate eta bero ekoiztea ahalbidetzen duen  eraginkortasun handiko energia ekoizpen modu horri kalte handia eragin diezaioke erreformak. Ekoizpen mota horrek duen eraginkortasun handiaren ondorioz, energia asko kontsumitzen duten industria ugarietako ekoizpen prozesuetan bertan integratu da baterako sorkuntza. Hala, Euskadin  500 MW inguruko potentzia instalatuta dago baterako sorkuntzan, gehien-gehienak gasa natural bidezkoak eta honako industria edo alor hauetan: paper, kimika, metalurgia, findegi, automozio,  pneumatikoen fabrikazio eta zeramikan.

2013. urtean baterako sorkuntzaren inguruan onartu ziren araudi aldaketek ere eragin negatiboa izan zuten arlo horretan, haren lehiakortasun eta ekoizpen ahalmenari egin baitioten kalte. Oraingo erreforma proposamenak are gehiago murrizten dio saritze sistema baterako sorkuntzari eta bere industria elkartuari. Horrek eragin zuzena du enpresen lehiakortasun eta esportazioetan, Europako enpresa lehiakide zuzenek energia merkeagoa eta lehiakorragoa baitute. Gainera, energia egoera hobetzeko inbertsioetan ere eragin kaltegarria izango du elektrizitatearen araudi berriak. Horren ondorioz, etorkizunean baterako sorkuntza instalazioak itxi daitezke, ekoizpen ahalmena gutxitzearekin batera, lehiakortasun faltaren eraginez. Azken finean, Euskadiko ekonomiarentzako giltzarriak diren sektore horietako enplegu maila handia kolokan jartzen du erreforma elektrikoak.

Aurrekoaz gain, baterako sorkuntzaren kontsumoari lotutako gas naturalaren merkatuari ere eragiten dio erreformak, garrantzi handikoa dena Euskadin; izan ere, urtean 6.500 GWh kontsumitzen dituzte instalazio horiek, Euskadiko gas kontsumo osoaren %21 izanik. Hori horrela, baterako sorkuntza instalazioen itxierak eragin negatibo nabarmena izango du gas naturalaren merkatuan. Hori dela eta, industriek hain garbiak eta lehiakorrak ez diren energiak erabiltzera jo dezakete.

Azkenik, erreforma elektrikoak energia berriztagarriei ekar diezaieken kalteari aurre egin nahi diote  aurkeztutako alegazioek, haien etorkizuna auzitan jartzen baita, eoliko, eguzki eta minihidraulikorako ezarri nahi diren premisa berrien ondorioz. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, erreformak sari minimo batzuk bermatu behar ditu instalazio berriztagarrietarako, beren inguruan merkatu sendo bat duten  energia iturri garbi horiek erabiltzen jarraitzea ahalbidetzeko.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau