Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Laudioko krosarekin hasiko dira Euskadiko XXXIII Eskolarteko Kirol Jokoak

2014.eko otsailak 21

 

140 neska-mutiletik gora elkartuko dira igandean Laudioko krosean, Euskadiko XXXIII. Eskolarteko Kirol Jokoen lehen proban

 Laudion igande honetan, otsailaren 23an burutuko den krosarekin emango zaie hasiera Euskadiko XXXIII. Eskolarteko Kirol Jokoei, Laudioko Ellakuri Udal Estadioan eta inguruko berdegunean. Infantil mailako 140 neska-mutiletik gora izango dira parte hartzaile (2000 eta 2001 urteetan jaioak), Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetako selekzioetako partaideak, ikastetxe eta elkarte ordezkarietako taldeak eta eskola kiroleko programetan parte hartu duten elkarteetako kideak.

Goizeko 11:00etatik aurrera, mutilak hasiko dira lehenik lasterka, eta 4.000 metroko ibilbidea egin beharko dute zirkuituan zehar. Ordu erdi beranduago izango da infantil mailako nesken irteera. 3.000 metroko distantzian lehiatuko dira hauek, Ellakuriko zirkuituan. Eguerdiko 12:15etan izango da, azkenik, sari banaketa, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariaren eskutik.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak Euskadiko Atletismo Federazioarekin elkarlanean antolaturik, Eskolarteko Kirol Jokoek lehiaz eta kirol helburuaz harago beste xede bat ere badute: parte hartzaileen adinerako egokia den kirol jardueran ondo pasatzea, eta aldi berean euskararen erabilera sustatzea. Kirola heziketaren zutabe dela jakitun, ikasleen heziketa garapenean osagarri da jarduera fisikoa. Horrela, berdintasun baldintzak aintzat hartuz, haurraren heziketa, bere pertsonalitatearen garapen harmonikoa eta etorkizunean kirolaren praktika ahalbidetzeko baldintza fisiko eta kirol ohitura bultzatzera bideratuta dago eskola kirola.

Euskadiko Eskolarteko XXXIII. Kirol Jokoek maiatzeko azken asteburuan eta ekaineko lehenean izango dute hitzordu nagusia, Gasteizen. Aurreko urteetan bezala, 2.800 gazte elkartuko dira, 20 kirol modalitate ingurutan parte hartu eta ikasturte honetako kirol jokoei amaiera ipintzeko.

 

Gasteizen, 2014ko otsailaren 21ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)