Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Markus Lüpertzen erakusketaren irekiera Bilboko Arte Ederren Museoan

2014.eko otsailak 18

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearekin batera, Markus Lüpertz 1963-2013 erakusketa antologikoaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldean, Bilboko Arte Ederren Museoan. Markus Lüpertz artista bera ere irekiera ekitaldian izango da.

Markus Lüpertz 1963-2013

Markus Lüpertzek (Liberec, Bohemia, Txekiar Errepublika 1941) hirurogeiko hamarkadaren amaieran eman zion hasiera margolari ibilbideari, Alemaniako Errepublika Federal ohian 1948an bizilekua hartu ondoren. 1981ean, pintura zein eskultura uztartzen hasi zen, berrogeita hamar urtetik gorako ibilbide arrakastatsuan zehar. Ibilbide horretan, bere belaunaldiko artista nabarmenenetakoa bihurtu da. Jatorriz Neue Wilder (basati edo espresionista berriak) izena izan zuen talde alemanaren kide aipagarria izanik, espresionismo abstraktutik abiatuta figurazioa egiteko modu pertsonalago baterantz jo zuen, paisaiaren eta giza gorputzarenganako interesa agertuz; hainbat adierazpen kultural hartu zituen inspirazio iturri, hala nola, greziar mitologia, artearen historiako maisuak -Poussin, Goya...- edo musika sinfonikoaren maisuak -Wagner, Mozart...-. Alemaniako panorama garaikideko beste artista batzuen moduan, haren lanean ere bere herrialdearen historia dramatikoari buruzko hausnarketa antzeman daiteke.

Bilboko Arte Ederren Museoak ekoitzi eta Kosme de Barañano historiagilea komisario izan duen Markus Lüpertz 1963-2013 erakusketan 91 lan bildu dira guztira, pinturak eta eskulturak, hirurogeikoen hamarkadaz geroztik gaur egun arte egindakoak. 60 margolan, 19 eskultura eta paperean egindako 12 obra dira.

Lüpertzen ibilbidearen gaineko ikuspegi antologikoa ematea du xede erakusketak. Horretarako, bost mugarritan banatu da, bere interes bilakaeraren arabera. Lehenengo etapak (1963-1973) “motibo alemanen” koadroak erakusten ditu. Horietan, III. Reicharen basakeria salatzen du, eta modu inplizituan kritikatzen du pop amerikarraren azaleko ikuspegia. Hurrengo aldian (1975-1985) giza irudia ikertzen du, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko hizkuntzaz baliatuta, eta Aristide Maillol (1861-1944) eskultorearen lanaren azterketatik abiatuta. 1985 eta 1993. urteen bitarteko pintura eta eskulturek mitologiaren eta tradizio klasikoaren interesa erakusten dute. Garai horretan egin zuen sail enblematikoenetako bat, Nicolas Poussin (1594-1665) margolarian oinarrituta. Hurrengo zazpi urteetan (1993-2000), paisaia berriak, natura hilak eta zuhaitzei buruzko sail bat margotu zituen, aldeen justaposizioaren bitartez eraikita. Amaitzeko, azken hamarkadako lanak biltzen dira (2003-2013). Lüpertzek bere lehenengo lanei begiratzen die berriro ere, bereziki arte klasikoaren transzendentzia hizkuntza garaikidearen bitartez berreskuratzeko interesa islatzen dituztenei.

Markus Lüpertz 1963-2013 erakusketa antologikoa, otsailaren 18tik maiatzaren 19ra bitartean bisitatu daiteke Bilboko Arte Ederren Museoko BBK aretoan.

Gasteizen, 2014ko otsailaren 18an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)