Berriak Lehendakaritza
Eu

Elkarrizketa Lehendakariari Euskadi Irratiko “Boulevard” programan

2010.eko maiatzak 05

Patxi López Lehendakariari elkarrizketa egin diote gaur goizean Euskadi Irratiko “Boulevard” programan. Lópezek errepaso egin die oraingo egoera politikoaren gai batzuei, bere Gobernuaren lehenengo urtemuga betetzen denean

Patxi López Lehendakariak helburu hau jarri du legegintzaldiaren bigarren urterako: Euskadi “herrialde solidario eta iraunkor” bilakatzea. “Hiritar libreen Euskadiren oinarriak jarri behar ditugu, Euskadi solidario, iraunkor eta lehiakorraren oinarriak”, azaldu du Lópezek Euskadi Irratiko “Boulevard” programan. Bere esanetan, ahaleginak egingo ditu “gizarte-itun berri” honen terminoak PP eta EAJrekin hitzartzeko, zeren “guztiok ukitzen gaituzten” gaiak baitira.

Eusko Jaurlaritzaren aurrean eman duen lehenengo urtearen balantzea atzo egin ondoren, Patxi López Lehendakariak adierazi du bere asmoa dela “ahalegin sendoak egitea” Euskadi “herrialde solidario eta iraunkorra” izan dadin. Lópezek modu positiboan baloratu du bere legegintzaldiaren lehenengo urte hau eta, “errakuntzak egitetik inor ere libratzen ez bada ere”, azpimarratu du krisiari aurre egiteko Jaurlaritzak abiatu dituen neurriak “emaitzak ematen ari direla”. Hala eta guztiz ere, Lehendakariak azpimarratu du “goiz dela ezer ospatzen hasteko; aitzitik, egin behar dena da zuhurtasunez jokatu, joera horri eusteko”. Horregatik, orain hasten den bigarren urteari begira, Lehendakariak nabarmendu du zein den bere Jaurlaritzaren helburua, alegia, hiritar libreen Euskadiren oinarriak jartzea, Euskadi solidario, iraunkor eta lehiakorraren oinarriak jartzea”.

Patxi López Lehendakariak gaur goizean egin ditu adierazpen horiek, Euskadi Irratiaren “Boulevar” programan, bere Gobernuaren lehenengo urtemuga betetzen denean.

Urte honetarako ezarritako beste helburu bat da Gobernu zentralarekin akordio bat lortzea, enplegu politika aktiboei buruzko eskumenaren transferentzia eskuratzeko xedez. Datorren igandean, Lehendakariak gai horretaz hitz egingo du José Luis Rodríguez Zapatero Gobernuko presidentearekin, beronek Euskadi bisitatuko baitu. Dena dela, “aurrera egiteko lekua negoziazio-mahaia da guretzat”, adierazi du. Gainera, Lehendakariak Estatutua osorik betetzearen aldeko apustua egin du, “Estatutua itxi eta zehaztu arte negoziatzen jarraitzeko borondateari eutsi behar diogu, horixe baita dagokiguna eta hemen egin behar dena, beste gai batzuen gainetik”.

Bakerako Heziketa

Halaber, Lehendakariak aipagai izan du Bakerako Heziketaren Plana onartzearen inguruan sortu den “gatazka artifiziala”; bere esanetan, konbentzituta dago “elkarren artean ulertzera iritsi gaitezkeela” EAJ eta PPrekin. “Ez dut ulertzen nola, herrialde honetan, iraingarria izan ote daitekeen inorentzat mahai gainean dugun indarkeria baten biktimek beren lekukotasuna eman ahal izatea, errealitatea kontatzeko eta hori bide okerra dela ohartarazteko gazteei”, nabarmendu du Lehendakariak. Gainera, esan duenez, biktimak ikasgeletan egotearen helburua ez da “biktimismoa egitea”.

Ezker abertzalearen baitan gertatutako azken mugimenduei buruz galdetuta, Lehendakariak ez die “hitzei garrantzirik eman nahi berez duten garrantzitik haratago”; izan ere, esan duenez, “bada garaia ezker abertzaleak agiriak egiteari utzi diezaion” eta “ekintzekin frogatu dezan prest dagoela gainerako hiritarrekin batera lan egiteko, ETA desagerrarazteko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria