Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritza Kostaldeen Zuzendaritzarekin, Aldundiekin eta udalekin biltzen hasi da, portuak eta azpiegiturak konpontzeko jarduerei lehentasuna emateko

2014.eko otsailak 18

Mundaka eta Bermeo, lehenak
• Martxoaren 3an kalteen ebaluazio xehatua izango dute
• Ruiz de Angulo: «gure helburua hondartzak udarako prest egotea da eta portuak, datorren negua baino lehen»

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila gaur bildu da Kostaldeen Zuzendaritzaren Euskadiko ordezkaritzarekin, Ibon Garate (BFA) eta Bermeoko eta Mundakako udalekin, azken itsaso-denboraleen kalteak aztertzeko eta portuetako, herrietako eta kostaldeko azpiegiturak konpontzeko jardueren lehentasuna zehazteko. «Lehenik eta behin -esan du Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendariak-, herrietako hondartzak eta arrantza- eta kirol-portuak konpondu behar ditugu, udarako lehenak, eta datorren negua baino lehen besteak».

Mundakan eta Bermeon egindako bileretan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Espainiako Gobernuko Kostaldeen ordezkari Fernando Pérez Burgos eta Aitor Egurrola eta Idurre Bideguren alkateak, herritako zinegotziak eta aholkulari juridikoak izan dira. Bizkaiko eta Gipuzkoako kaltetutako herrietako ordezkari guztiekin martxoaren 3a baino lehen bilduko dira, lehentasunak eta eskumenak ezartzeko.

«Erakunde interesdun guztiek egindako lana oso ona da, eta horretan oinarriturik, egoera argi eta garbi aztertuko dugu eta jarduera-plan eraginkorra sortuko dugu, administrazio batek edo batek baino gehiagok beharrezko ekintzak abian jar ditzaten», adierazi du Almudena Ruiz de Angulok. Mundakako eta Bermeoko bileretan portuak, kostaldeko pasealekuak, mendi-hegalak eta hondartzak aipatu dituzte. Horietako batzuek kalte larriak dituzte, adibidez, Aritxatxuk, Talapek eta Arribolak.

«Aurreikusitako beste arazo batzuk ere aztertu ditugu, urteroko denboraleen ondorioz kalteak dituzten lekuenak, adibidez, Gaztelugatxeko eskailera kaltetuena. Zer erakunderen mende dauden zehaztu behar da», gehitu du Azpiegituren zuzendariak. Halaber, zenbait mendi-hegalen egoera ere kezkagarria da, eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak ez izan arren, arreta jarri behar zaie.

Bermeoko portua konpontzeko lanei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak ingeniaritza-lana abiarazi du, babes-lanak zehazteko eta datorren negua baino lehen bukatzeko. «Pentsatzekoa denez, lanek eragozpenak sortuko dizkigute denoi, baina oso beharrezkoak dira. Beraz, herritarrei pazientzia edukitzeko eta kalteak dituzten lekuetan kontuz ibiltzeko eta seinaleei kasu egiteko eskatzen diegu», esan du Almudena Ruiz de Angulok.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Santiberuala
    2014.eko otsailak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El Gobierno Vasco inicia las reuniones técnicas con Diputaciones,Costas y Municipios para priorizar… http://t.co/kL

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)