Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Ikerbasquek 100 zientzialari gazte kontratatzeko Research Fellow programaren deialdi berria ireki du

2014.eko otsailak 18

 

  • Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak eta IKERBASQUEko presidenteordeak, Itziar Alkortak, IKERBASQUE Research Fellow 2014 deialdia ireki du ikertzaile gazteak erakartzeko.
  • Programaren xedea 2013-2017 aldirako Euskadin 100 ikertzaile gazte kontratatzea da. Aurreko deialdietan 40 lagun kontratatu ziren eta Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lanean hasi dira.
  • Europako Batzordeak 7 milioi euro eman zizkion IKERBASQUEri programa finantzatzeko, 7. Ikerketa Esparru Programaren Marie Curie delako programaren barne.
  • Ikerketa arloan hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten 25 ikertzaile berri kontratatzeko deialdia gaurtik martxoaren 31era arte irekita egongo da.
  • Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskaditik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi du batez ere, goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi» bat sustatzeko helburuarekin.

Donostia / San Sebastián, 2014ko otsailaren 18a - Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak eta IKERBASQUEko presidenteordeak, Itziar Alkortak, Fernando Cossiorekin, erakundearen zuzendari zientifikoarekin, batera Donostian gaur Research Fellow programaren 2014ko deialdia aurkeztu du. Research Fellow programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi» bat sustatu nahi du.

Programa horren helburua 100 ikertzaile gazte kontratatzea da 2013-2017 aldian zehar. Aurrerago bi deialdi arrakastaz burutu eta gero (40 lagun hautatu dira jada eta Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lanean hasi dira), IKERBASQUEk deialdi berria ireki du beste 25 ikertzaile kontratatzeko. «Eusko Jaurlaritzak ikertzaileekin dituen konpromisoak betetzen ditu. Pertsonekin konplitzen duen herria gara», baieztatu du Itziar Alkortak.

Research Fellow programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.

Itziar Alkortaren, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen, arabera: «Euskaditik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi dugu batez ere. Goi mailako ikertzaile gazteen "harrobi" bat sustatzen ari gara».

Guzti hori gaur arte hautatutako pertsonen jatorrizko erakundeetan islatzen da: alde batetik, Estatu Batuetako eta Europako nazioarteko erakunde zientifiko onenak (MIT, Stanfordeko Unibertsitatea edo CNRS bezalakoak) eta bestetik, Euskadiko punta-puntako ikerketa-zentroak (BioDonostia, Materialen Fisika Zentroa, CIC bioGUNE edo Biofisikako Unitatea).

Ikertzaile horiek puntakoak dira beren arloetan eta Itziar Alkortaren iritziz, «bultzada handia emango diote ezagutza-arlo guztietako ikerketari taldeburu gisa».

IKERBASQUEk 7 milioi euro lortu zituen iaz Europako Batzordetik programa honetarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu eta gero, Europa guztiko aurkeztutako 64 proposamenetatik artean. Eusko Jaurlaritzak programa kofinantzatzen du, Euskadin zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle. Honi esker, IKERBASQUE nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatzen da.

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak IKERBASQUE Fundazioaren web gunearen bidez (www.ikerbasque.net) martxoaren 31era arte. Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskaditik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi du batez ere, goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi» bat sustatzeko helburuarekin. Aurreko urteetako deialdiekin, 100 ikertzaile kontratatzeko europar programaren helburua bete ahalko da.

Fernando Cossiok, IKERBASQUEko zuzendari zientifikoak, azaldu duen bezala, «plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio-prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa».

Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki, IKERBASQUEk bost urtetarako ikerketa-kontratuak eskaintzen ditu. Ikerketa amaitu eta gero, IKERBASQUEk ikertzaile produktiboenei eskaintzen dizkien kontratu iraunkorrak lortzeko aukera izango dute ikertzaileek. Horrela, programa Euskadiko etorkizuneko ikerketa-aitzindarien harrobi bihurtzen da.

Hautatutako zientzialariek ezagutzaren arlo guztietan garatuko dute beren lana, Zientzia Esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), Biziaren Zientzietan eta baita Medikuntzan, Matematikan eta Ingeniaritzan, Humanitate eta Gizarte Zientzietan ere.

Horrez gain, Fernando Cossioren hitzetan, «Ikerbasquek maiatzean beste deialdi bat irekiko du ikertzaile seniorrak kontratatzeko, hamar urte baino gehiagoko ikerketa-eskarmentuarekin». 2007an eratu zenetik, IKERBASQUEk munduko zientzia-zentrorik garrantzitsuenetako (MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko Unibertsitateak, CNRS edo Max Planck, besteak beste) eta 20 herrialde baino gehiagotik datozen 136 ikertzaile senior erakarri ditu.

IKERBASQUE Eusko Jaurlaritzaren ikerketa zientifikoaren aldeko apustuaren eta urte batzuetatik hona autonomia-erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek egindako aliantzaren emaitza da. Euskadi I+Gren arloan indar garrantzitsuenetarikoen artean kokatzeko ahaleginean, IKERBASQUEren oinarrizko lan-ildoa ikertzaile adimentsuen erakargune gisa aritzea da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AlexOsg
    2014.eko otsailak 19

    Comentario de Twitter:
    Ikerbasque: Convocatoria para contratar 100 jóvenes científicos. http://t.co/sgGtcYPQOP #Empleo #Investigación

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, Ikerbasqueren zuzendari zientifikoa