Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritza Lurralde Politikako Aholku Batzordeari buruzko Dekretuaren aldaketa izapidetzen ari da

2014.eko otsailak 18

• Izaskun Iriarte, Lurralde Politikako sailburuordea: «Osaketa eguneratu eta adituei parte hartzeko bidea irekiz eraginkortasuna hobetuko dugu»
• Eusko Jaurlaritzaren lurralde-politika eta gizartearen Autonomia Erkidegoko lurralde-antolaketaren arloko inplikazioa koordinatzeaz arduratzen den partaidetza-foro bat da.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Politikako Aholku Batzordeari buruzko Dekretuaren aldaketa izapidetzen ari da; orain, entzunaldi fasean dago, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriartek azaldu duenez, «aldaketa honen bidez, Eusko Jaurlaritzako aholku-batzorde honen eraginkortasuna hobetu egin nahi da, kontsultak egiteko eta informazioa eskatzeko ahalmenak lurralde-politikarekin lotutako edozein interes-arlotara zabalduz eta pertsona adituen partaidetzari bidea irekiz».

«Eguneratze-lan honek -gaineratu du Iriartek- organo arinagoa eta eraginkorragoa bihurtuko du, une bakoitzean egokienak diren adituen sektoreetara edo esparruetara irekita».

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako Aholku Batzordea lurralde-antolaketa arloan eskuduna den sailera atxikitako partaidetza-organo bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren lurralde-politika gizartearen Autonomia Erkidegoko lurralde-antolaketaren arloko inplikazioa koordinatzeko beharrezko zeregina betetzen du. 1990eko urriaren 2ko 272/1990 Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen Batzordea, eta geroztik hainbat araudi-aldaketa egin zaizkio, 1996ko apirilaren 16ko 83/1996 Dekretuaren, 2008ko urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuaren eta 2011ko uztailaren 19ko 169/2011 Dekretuaren bitartez.

Eusko Jaurlaritzak proposatutako aldaketak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako Aholku Batzordeari buruzko 2008ko urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuko 2.1 artikuluari atal bat erantsi dio, eta honela idatzita jasoko da: «d) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-politikarekin zerikusia daukaten gaiei buruzko aholkularitza ematea».

Osaketa berria
Izaskun Iriarte sailburuordeak zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako Aholku Batzordeari buruzko 2008 urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuko 2.2 artikulua ere aldatuko du, eta honela idatzita jasoko da: «2.- Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako txostenak nahitaezkoak izango dira». Gainera, 2008 urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuko 3.1 artikulua berridatziko du, orain adierazten duenaren ordez ondorengoa jasoz: «3.1 artikulua.- Lurralde Politikako Aholku Batzordea Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzeko ordezkari batek eta lurralde-politikako eskumena daukan sailburuak izendatutako aditu kopuru berak osatuko dute, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 1990eko maiatzaren 30eko 4/1990 Legean adierazitakoaren arabera».

Lurralde-antolaketa arloko eskumena daukan sailburua izango da presidentea; lurralde-antolaketa arloko eskumena daukan sailburuordetzako titularra, berriz, bileretara joango da eta hitz egin ahal izango du, baina ez botoa eman. Dena den, beharrezkoa baldin bada, presidentea ordezkatuko du, eta kasu horretan, bozkatzeko eskubidea ere izango du.

Halaber, 2008 urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuko 4. artikulua ere berridatzi egingo da. Ondorioz, zera jasoko du: «Lurralde Politikako Aholku Batzordea, gutxienez, urtean behin bilduko da». Proposamenean 2008 urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuko 5. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzea aurreikusten da, eta orain zera zehaztuko du: «Idazkaritzak bileretarako deialdiak egingo ditu. Deialdi horiek, gai-zerrendarekin eta dagokion dokumentazioarekin batera, kide guztiei jakinarazi beharko zaizkie, bilera egin baino gutxienez 30 egun lehenago, Batzordeko sail eta ordezkari bakoitzak dagokion txostena egin ahal izan dezan».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)