Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Denboraleek eragindako udalerriek asteartean hasiko dituzte topaketa teknikoak kalteak zehazteko eta jarduerak programatzeko

2014.eko otsailak 14
  • Oregi buru izan da Lakuan Eusko Jaurlaritzaren, alkatetzen, aldundien eta Kostaldeko ordezkaritzaren arteko bileran

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik iragarri duenez, «datorren asteartean hasiko dute bilera teknikoen ziklo bat Eusko Jaurlaritzako ordezkarien, Espainiako Gobernuaren Kostaldeko ordezkaritzaren, foru-aldundien eta Bizkaiko Golkoan izandako denboraleek kaltetutako udalen artean, kalteak zehazteko, beharrezko jarduerak ebaluatzeko eta esleitzeko, eta premiazkoenak lehenesteko, denbora-programazio bat finkatuta».

«Kaltetutako udalerri bakoitzak, hamabost egun baino lehen, bilera tekniko bat egingo du dagokion foru-aldundiarekin, Estatuko Kostaldeen ordezkaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Ondoren, martxoaren 3tik 7ra, lurralde bakoitzean bilera orokorrak egingo dira jarduerak eta egutegia zehazteko», gaineratu du Oregik.

Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan elkartu dira gaur goizean denboraleek eragindako erakundeak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi buru izan da bileran, Josean Galera eta Izaskun Iriarte sailburuordeekin batera. Estatuaren aldetik Espainiako gobernuaren Euskadiko ordezkari Carlos Urquijok, Kostaldeko zuzendariak eta Kostaldeko ordezkari Pablo Saavedrak parte hartu dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa, berriz, Iñaki Rementeria bozeramailea eta Iosu Madariaga diputatua izan dira, eta Gipuzkoako Aldundiaren aldetik, Martin Garitano eta Garbiñe Errekondo. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa ere izan dira URAko zuzendari Iñigo Ansola, Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulo, Ondare eta Kontratazioko zuzendari Nerea Lopez-Uribarri eta Larrialdietako zuzendari Pedro Anitua.

Honako alkate eta zinegotzi hauek ere egon dira bileran: Juan Karlos Izagirre eta Nora Galparsoro (Donostia), Aitor Kerejeta (Hondarribia), Beñat Solaberria (Orio), Juan Luis Illarramendi (Zarautz), Nicanor Lertxundi (Getaria), Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia), Argia Iturrate (Ondarroa), Amaia Agirregabiria (Pasaia), Ioseba Palenzuela (Mutriku), Jesus Mari Anakabe (Mendexa), Maitane Larrauri (Lekeitio), Koldo Olagibel (Elantxobe), Aitor Egurrola (Mundaka), Idurre Bideguren (Bermeo), Aitor Apraiz (Bakio), Imanol Landa (Getxo), Lezo Urreiztieta (Santurtzi), Borja Liaño (Muskiz).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)