Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Txandakatze irekiari eta bitartekotza zerbitzuari esker, 40 urtetik beherakoak nekazaritza sektorean eta landa indurunean finkatu ahal izago dira

2014.eko otsailak 15

• Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal lehen sektoreko belaunaldi-txandakatzea bultzatzea lehenetsiko du

• Aste honetan argitaratutako estatutua onartzeari esker, gazteek eskura izango dituzte laguntza-planak, nekazaritzako lurzorua, ekoizpen-bitartekoak, prestakuntza-programak eta ustiapenen titulartasunak

GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzak Nekazari Gazteen Estatutua onartu du -aste honetan argitaratu da EHAAan-. Hori abiaraztearekin, bada, gelditu egingo da nekazaritza-sektorearen eta landa-ingurunearen zahartzea. Gainera, gazteek eskura izango dituzte laguntza-planak, nekazaritzako lurzorua, ekoizpen-bitartekoak, prestakuntza-planak eta ustiapenen titulartasunak.
Lehen sektorea eta, oro har, landa-mundua zahartzen ari da; izan ere, Euskadin, nekazarien % 30ek 65 urte baino gehiago dizute eta % 5 baino ez dira jotzen 40 urtetik beherako nekazari gaztetzat. Hori horrela izanik, Eusko Jaurlaritzak estatutu berri hau sustatu du, hiru lurralde-historikoetako administrazioekin lankidetzan. Nekazaritza-sektorearekin lotutako jarduera ekonomiko bati ekin nahi dioten gazteek dituzten zailtasunak -esaterako, lurzoruak eskuratzea eta egin beharreko inbertsio handiak- arintzea da helburua.
Nekazaritza eta Elikadura Politikako Legeak zehazten duenez, euskal administrazioen jarduerek ekintza positiboaren printzipioa jarraitu behar dute. Hori dela-eta egin da Nekazari Gazteen Estatutu hau, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak legegintzaldiaren hasieratik landu duena. Euskal lehen sektoreko belaunaldi-txandakatzea bultzatzeko eta, horretarako, administrazio eskudunekin batera koordinatutako ekintza zehatzak bultzatzeko erabakimena erakusten du.
Berrikuntza nagusiak
Estrategia berrietako bat txandakatze irekia da. Horren arabera, gazteek nekazaritza-ustiapeneko jarduerak egingo dituzte lana utziko duten titularrek gidatuta; hartara, geroago beren ardurapean izango diren ustiapenak kudeatzen irakatsiko diete.
Beste bat azpiegituren eta ekipamenduen bitartekotza-zerbitzua da. Horri esker, errazagoa izango da makinak, biltegiak, eta abar eskuratzea.
Estatutu honetan aurreikusitako beste neurri batzuen helburua lurzoruak eskuratzeko erraztasunak ematea da (lehentasuna Nekazaritzako Lurzoruen Funtsetan -lurzoru-bankuak-, agroaldeetan, mendi publiko eta herri-mendietan, eta abar).
Gainera, estatutuak inbertsioetan laguntzeko berariazko ekintzak barne hartzen ditu (lehen instalazioa, azpisektore-plan eta -programetarako lehentasuna, finantza-erakundeekin sinatzeko hitzarmenak, diru-laguntzak aurreratzea, laguntza fiskalak edo nekazaritzako aseguruetako hobariak).
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak nekazari gazteen alde dituen konpromisoa jasotzen du: erkidegoko legedian biltzen diren gehieneko laguntza-zenbatekoak eta -ehunekoak zehaztea; hobariak finantza-ekarpenetan eta beste uzta-aseguru batzuk; elkarteak eratzeko laguntza-neurriak antolatzea eta aldi baterako ezintasun, opor edo atseden kasuetarako ordezkapen-zerbitzuetan lehentasuna ematea.
Bada irismen ekonomiko txikiagoa duen baina oso garrantzitsua den beste neurririk, esate baterako, nekazaritza arloko ekintzailetasunari erakunde-sariak ematea eta elkarte eta erakunde profesionaletako zuzendaritza-organoetan gazteak egotea sustatzea.
Euskal administrazioek hartuko dituzte beren gain beharrezko finantza-baliabideak.

Honekin batera, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozen adierazpenen soinu-artxiboa dago.

EHAArako esteka
http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-bopv2/eu/bopv2/datos/2014/02/1400652e.pdf

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)