Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Euskal gazteriak badu konfiantza etorkizunean eta bere gaitasunetan

2014-02-13

Gazteriaren kezka nagusiak lana eta emantzipazioarekin loturiko gaietan azaltzen dira. Hala jaso du Aurrera Begira 2013 azterlanak 

Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak, Aurrera Begira 2013, Gazteen Aurreikuspenei Buruzko Adierazleak azterlana aurkeztu du gaur goizez Bilbon. Gazteen Euskal Behatokiak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren baitakoa) eta Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak elkarlanean burututako ikerketak, gazteek epe labur edo ertainerako nolako etorkizuna sumatzen duten ezagutzea du helburu, eta aurreikuspenei buruzko hamar adierazle jasotzen ditu horretarako.

Ikerlanak ondorioztatzen du, euskal gazteriak poztasun-maila handia duela bere egoera pertsonalarekiko, bizitzako oinarrizko aspektuei begiratuz gero. Bizitza pertsonalaren poztasun mailan 0-tik 100-era doan eskalan, gazteriak bere egoerari 80 puntu ematen dizkio. (Indize honetan, honako arlo hauek hartu dira aintzat: lana, prestakuntza, etxebizitza, familia, aisia, lagunak, harreman sentimental edo sexualak, osasuna, diru-eskuragarritasuna eta independentzia pertsonala). Era berean, gazteriak egungo egoeraz egiten duen balorazioa ere positiboa da: 60 puntu 100eko eskalan.

Etorkizunarekiko konfiantzari begira jarrita berriz, gazteek uste dute epe ertainean egoerak hobera egingo duela. 100 puntutik 64 punturekin, gazteriak nolabaiteko baikortasuna erakusten du bost urteko epeari begira. Lanik gabeko gazteek, are eta konfiantza handiagoa erakusten dute etorkizunerako. Gainera, euskal gazteek zailtasunei aurre egiterakoan konfiantza dute euren gaitasunetan: 66 puntu jaso ditu indize horrek 0-tik 100-era doan eskalan.

Lana eta emantzipazioa

Haatik, lana eta emantzipazioarekin lotutako puntuetan balorazioak ez dira hain positiboak. Lanean ari diren gazteen %39k lanpostua galtzeko arrisku handia sumatzen dute urtebeteko epean. Hauei gehitu behar zaizkie beste %18, enplegua galtzeko arriskurik ikusi ez arren, lan baldintzetan okerrera egiteko aukerak ikusten dituztenak. Gainerako %43k lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arrisku-maila baxua sumatzen dute. Ikasten ari diren gazteen artean berriz, %46k espero dute ikasketak bukatutakoan euren prestakuntzari lotutako enplegua aurkituko dutela. Bestetik, gazteen %45ek uste dute urtebeteko epean ezin izango dituztela euren emantzipazio proiektuak gauzatu, gurasoen etxetik ezingo direlako irten, edo berriro bertara itzuli beharra izan dezaketelako.

Atxikitako dokumentuetan (PDF) eskura daitezke, datuak xehetasun handiagoz kontsultatzeko, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginiko ikerlan osoa batetik, eta bestetik, hamar adierazleak eta ondorio nagusiak jasotzen dituen txosten laburtua, Gazteen Euskal Behatokiak landua.

Bilbon, 2014ko otsailaren 13an.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko