Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Baimendutakoez bestelako hondakin geldoak jaso zituen Lemoako harrobiak ez du ingurumen-kutsadurako arriskurik

2014.eko otsailak 19

Eusko Jaurlaritzak ingurumen-kontrolak indartu dizkio Lemoako harrobiko isurketak kudeatzen dituen enpresari. Harrobi horretan, bada, zenbait hondakin geldo isuri dira baimenik gabe, baina, betegarrian egindako analitiketan lortutako emaitzen arabera, ez dago ingurumen-arriskurik, ez eta pertsonen osasunerako arriskurik ere.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik gaur arratsaldean adierazi duenez, "Sailak baimenean aurreikusitakoen osagarri diren kontrolak ezarri dizkio titularrari. Tokiko lurpeko uretan egindako analitikak Holandako araudiaren balio zorrotzekin alderatu ditugu, horiek hartu baititu organo honek erreferentziatzat. Hiru kanpaina egin dira, eta ez da erreferentziako baliorik gainditu".

2006ko urtarrilaren 9an eta 2010eko uztailaren 21ean, Ingurumen Sailburuordetzak Bizkaiko Lemoa udalerriko San Inazio auzoko Lemoatx harrobi zaharrean betegarri bat egiteko baimena eman zion Lemona Industrial, SA enpresari. 2011ko abenduaren 22an, baimena Lurtarri, SL enpresari transmititzea adostu zen.

Baimenen arabera, kutsadura eta agregakinak eragin ditzaketen jarduerak izan ez dituzten lurzoruetan egindako indusketa, erauzketa eta mugimenduetatik datozen lurrak baino ezin dira jarri. 2012an, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jakin zuzenez, baimenik gabeko hondakinak jarri ziren aipatu betegarrian; batetik, zepak, adreiluak eta hareak, eta, bestetik, historikoki azpiegitura linealetako, herri-lanetako eta 1983ko uholdeetako garbiketa-hondakinetako materialak jaso izan dituen toki batetik zetozen lurrak. Toki horretan, bada, etxebizitza-bloke gehiago eraikitzea aurreikusita zegoen, unekoak osatzeko.

Betegarriaren titularrak zepa, adreilu eta hareen hondakinak kendu zituen eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baimendu batera eraman, ingurumen-organoak eskatu ondoren. Oraindik ere jatorrizko tokian bilduta zeuden lurren ezaugarriak adierazteko eskatu zen, eta horri esker zehaztu zen geldoak zirela. Ondorioz, emandako baimenean aurreikusitakoen osagarri ziren lixibiatuen kontrolak egitera behartu zen betegarriaren titularra, kaltea zehazteko eta, kasu honetan, baita irismena ere.

Betegarrian egindako analitiketan lortutako emaitzen arabera, ez dago ingurumenerako arriskurik, ez eta pertsonen osasunerako arriskurik ere. Lurren jatorrizko tokia hiri-lurzorurako egokitzat jo da, lurzoruaren kalitatearen azterlanak egin eta onartu ostean -horretarako akreditatutako erakunde batek egin ditu-. Ingurumen-organoak jarduera guztien berri eman dio Lemoako Udalari, eta, gainera, bi administrazioen ordezkariek lau bilera egin dituzte 2013ko maiatzaz geroztik; izan ere, Udalak ere baimen ditzake mota honetako jarduerak, udal-lizentzien bitartez. Sailak zigor-espediente bat ireki dio betegarriaren titularrari, hondakinei buruzko araudia urratzeagatik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)