Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: "Euskal Y aurki hasiko da zerbitzua ematen, eta Euskadik trenbidez isolatuta egoteari utziko dio horrenbestez, Europako proiektu nagusietako batera bilduta"

2014.eko otsailak 13

• Ingurumen eta Lurralde Politiketako sailburuak sare berriak Euskal Autonomia Erkidegoari ekarriko dizkion onurak azaldu ditu, xehe, Legebiltzarrean

• "Lurralde-kohesioa hobetuko du eta garapen jasangarriari eta aurrerapen ekonomikoari eta kulturalari mesede egingo die"

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, «Euskal Y zerbitzua ematen hasten denean -alegia, aurki- Euskadik trenbidez isolatuta egoteari utziko dio eta Europako proiektu lehenetsi nagusietako bati bilduko zaio, lurralde-kohesioa nabarmen hobetuta eta garapen jasangarriari eta aurrerapen ekonomikoari eta kulturalari mesede eginda».

Eusko Legebiltzarrean egin duen hitzaldian, Oregik gogora ekarri du Sustapen ministerioa eta ADIF Burgosen eta Gasteizen arteko zati guztietako proiektuak egiten ari direla. «Erakundearteko Batzordeak eginiko bilkuran -dio sailburuak- Ministerioak, Azpiegituretako Idazkariaren ahotik, adierazi zuen "bidezati hori abiadura handiko bide berri batez eraikitzeko asmoa duela". Eraikuntza horrek Euskal Y zerbitzuan hasteak baino luzeago jotzen badu ere, bermatuta egongo da Burgoserainoko lotura, gaur egun Burgos eta Valladolid artean bezalaxe, zati berriak eta zaharrak zabalera-aldagailuen bidez konbinatuta».

Ana Oregik azpimarratu du «Frantziak baduela TGVa eta Hendaiatik Bordelera eta Parisa TGVa hartuta joan daiteke. Baina oraingoz Euskal Y abian ez dugunez, ez dago hala joaterik Bilbotik Parisa edo Donostiatik Baionara. Euskal Y bukatzen denean abiadura handiz konektatu ahal izango gara Europarekin, orain isolatuta baikaude. Frantziak gaur egungo traza hobetu asmo du abiadura komertziala handitzeko eta bidaiak laburtzeko, baina ez du abiadura-sare handi berria egin behar, dagoeneko eginda dauka-eta. Oso bestelakoa da egoera Hendaiatik hegoaldera.»

«Euskal Y UIC zabaleran (nazioarteko neurria) eta trafiko mistorako diseinatu da; hartara, Irungo trenbide-muga eta hark eragiten dituen etenak saihestu ahal izango dira. Gehienez 230-250 km/h-ko abiadurarako diseinatu da tren bizkorrenen kasuan, eta 90-110 km/h-ko abiadurarako salgaien trenen kasuan», azaldu du Oregik.

Oregik, bere hitzaldian, azaldu du «bidaiarien zerbitzua hiru hiriburuetako geltokien inguruan pilatuko dela; haien eremu metropolitarretako biztanleriari -1,6 milioi lagun inguru- zuzenduak direnez irisgarritasun handiko tokietan ezarriko dira, bai hirietako biztanleentzat, bai aldirietako biztanleentzat. Horrez gain beste geltoki bat izango da Ezkio-Itsason, Goierri erdian estrategikoki kokatua; hari esker eskualde funtzional hartako herritarrek aise erabili ahal izango dute eta Iruñearekiko lotura ere bertatik egin ahal izango da».

Bidaiaren iraupenari dagokionez, berriz, sare berria abian ipintzen denean Donostia eta Gasteiz artekoak 34 minutu iraungo du (orain, automobilez 70 minutu dira eta trenez berriz, ordu eta erdi luzea). «Donostiatik Parisako bidaia, berriz, -dio Oregik- gaur egun 5ordu eta 35 minutuko bidaia dugu Hendaiatik Parisa bitartean; ezin dugu, gainera, trena Donostian hartu Parisa joateko. Euskal Y-arekin eta Frantzian egiten ari diren bide-hobekuntzarekin, berriz, trena Atotxan hartu eta 3 ordu eta 53 minututan egon gintezke Parisen».

«Eta salgaien trafikoari dagokionez, tren-autobideak Europan zer bilakaera ari diren egiten ikusten dugu; esaterako, Luxenburgotik Montpellierrera bitartekoak 58.000 kamioi garraiatu zituen 2012an. Halaber ikusi dugu Frantziako administrazioak Lille eta Baiona bitarteko tren-autobidea ustiatzeko emakida esleitu berri duela. Tren-autobide horrek Lille eta Gasteiz bitartekoa behar luke, han Arasur-ko eta Jundizko poligonoak eta Forondarako lotunea egonik, eta hori hala izateko modu bakarra dago: Euskal Y», adierazi du Oregik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)