Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Undak I+Gko eta nazioartekotzeko bi lankidetza hitzarmen aurkeztu dizkie erkidego mugakideei

2010.eko maiatzak 04

EAEko, Nafarroako, Kantabriako, Gaztela eta Leongo, Errioxako eta Asturiaseko Industria kontseilariek bigarren bilera egin dute Iruñean, 2009an Bilbon egindakoaren ondoren.

Erkidegoek Gobernu zentralari eskatu diote aintzat har ditzan energia-politika aldatzerakoan

Sei kontseilariek hobekuntza ikusi dute industria-jardueraren giroan

 

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jauna Nafarroa, Errioxa, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Asturiaseko erkidekoetako bere homologoekin bildu da gaur. Iruñean egindako bilera horrek joan den irailaren 11n Bilboko Guggenheim Museoan haien artean egin zen eta Unda anfitrioi izan zen lehen bileraren jarraipena ekarri du.

Gaurko bilera CENER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean egin da, Iruñeko kanpoaldean. Honako hauek bertaratu dira: José María Roig Aldasoro, Nafarroako Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria; Juan José Sota Verdion, Kantabriako Industria eta Garapen Teknologikoko kontseilaria; Graciano Torre González, Asturiaseko Printzerriko Industria eta Enplegu kontseilaria; Javier Erro Urrutia, Errioxako Industria, Berrikuntza eta Enplegu kontseilaria; eta Tomás Villanueva Rodríguez, Gaztela eta Leongo Ekonomia eta Enplegu kontseilaria; baita Bernabé Unda jauna ere.

Bileran, euskal sailburuak bi hitzarmen-zirriborro aurkeztu ditu, lehiakortasuna handitzeko funtsezko honako bi arlo hauekin lotuta: I+G eta nazioartekotzea. Horien bitartez autonomia-erkidegoetako enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, baita Espainiaren iparraldeko autonomia-erkidegoen multzoa garatzeko esparru egonkor bat gauzatzea ere. Proposamenek oso harrera ona jaso dute gainerako erkidegoetako kontseilarien aldetik.

Bilerak sei erkidegoen arteko topagune asko eskaini ditu. Alde batetik, denek adierazi dute urtarriletik apirilera bitarte industria-giroa hobetu egin dela, bereziki lauhilekoaren bigarren zatian. Hobekuntza hainbat adierazleren bilakaeran ikus daiteke, hala nola industria-produkzioaren eta manufaktura-produkzioaren indizeetan eta enpresen eskari kopuruan, besteak beste.

Aldi berean, kontseilariek adierazi dute krisialdi ekonomikoaren ondoriozko zalantzak ez direla aldatu nazioarteko mailan. Hortaz, haien ustez, adierazleen hobekuntza hori beste alderdi batzuetan ere sendotu beharko da, hala nola finantziazioan eta kontsumoan, aurrerabide horiek enplegu-sorkuntzan ere ikus daitezen. Erkidego guztiek adierazi dute enpresen lehiakortasuna hobetzeko politika antiziklikoak egiteko premia dagoela.

 

Energia-politika

Kontseilariek sortutako lantaldeak, era berean, Estatu mailako energia-egoera aztertu du, baita Gobernu zentralak proposatutako aldaketak ere, bereziki argindarra sortzeko politikari dagokionez.

Horren ildotik, kontseilariek energia berriztagarrien etorkizunari buruzko kezka adierazi dute. Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Errioxa, Euskadi eta Nafarroako erkidegoek adierazi dutenez, gaur egun sektore horrek energia, industria, lan eta ekonomiaren arloan Espainian suposatzen duen indarra ez galtzea funtsezkoa da.

Kontseilariek adierazi dute Estatu mailako energia politikak autonomia-erkidegoen kokapena kontuan hartu behar duela. Era berean, kontseilariek nabarmendu dute energiaren kostua enpresen lehiakortasunaren gako-faktore bat dela, eta, beraz, Administrazio publikoek euren energia-politikak kudeatzean bereziki kontuan hartu behar duten elementu estrategiko bat dela. Hala, baldintza berdintsuetan lehiatu ahal izango da aldameneko beste herrialde batzuekin.

Gai horiez gain, Bernabé Undak adierazi du berrikuntzaren eta kanpo-merkataritzaren arloko lankidetza-esparru egonkor bat ezarri behar dela sei erkidegoen artean, eta baterako lan-ildo bat hasiko da horretarako.

 

Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 4a 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko