Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Eusko Jaurlaritza biodibertsitateari buruzko herri-plataforma zientifiko bat sortzea bultzatzen ari da

2014-02-11

• Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eztabaida-foroak eta lan tailerrak sustatuko ditu
• Josean Galera: «Datuak, askotan, unibertsitatean, ikerketa-zentroetan, aholkularitza-enpresetan, natur elkarteetan eta herri-administrazioan sakabanatuta daude, eta partekatu egin behar dira»

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila biodibertsitatearekin lotutako herri-plataforma zientifiko bat sortzea bultzatzen ari da, akademia, ikerketa, gizarte, enpresa eta administrazio arloetako eragile guztiek sortutako informazioa bateratzeko, eta hala, «biodibertsitatearen zaintza eta erabilpen jasangarriari buruzko ezagutzaren oinarria funtsezko moduan indartzeko».
Josean Galera Ingurumen sailburuordeak honela azaldu du: «Gizarteak espezieen presentziari eta fenologiari buruzko informazioa biltzen eta argitaratzen partaidetza aktiboa izatea sustatzen dugu, biodibertsitatearen zaintzari eta erabilpen jasangarriari buruzko ezagutzaren oinarria funtsezko moduan indartzeko».
«Biodibertsitateari buruzko informazioa konplexua da -gaineratu du Galerak-. Ezagutza zientifikoaren oinarria handia da, oso espezializatua eta askotariko eragileek sortzen dute: unibertsitateak, ikerketa-zentroek, aholkularitza-enpresek, natur elkarteek eta herri-administrazioak. Ondorioz, askotan, datuak eta informazio-baliabideak sakabanatuta daude, askotariko tratamenduak ematen zaizkie, informazioa eskuratzeko baldintzak ere askotarikoak dira eta informazioa modu bateratuan biltzearen eta interpretatzearen falta igartzen da. Horrek, era berean, datuen lorpenean bikoiztasunak sortzen ditu eta sortutako informazio guztia ez ezagutzea».
Sailburuordeak zera gaineratu du: «Biodibertsitatearen inguruko azterketa-proiektu askotan, bertatik bertarako behaketak lanari lotutako boluntarioek egiten dituzte. Herri-ekimen zientifiko horiek kalitatezko datu eguneratuak jasotzeko, eta era berean, herritarrak biodibertsitatea zaintzeko jardueretan parte hartzera bultzatzeko bitarteko baliotsuak dira».
Ekarpenak
Josean Galeraren arabera, «boluntarioen ekarpenari esker, eskala handiko lanak egin daitezke; horretarako profesionalak lortzea, berriz, zaila izango litzateke». «Boluntarioen balioa, lanak izan dezaken eragin-eremuan edo neurrian ez ezik, ia inoiz kuantifikatzen ez den auzi batean datza: boluntario horiek egindako lanari ematen dioten balio ekonomikoan. Gainera, lan horrek dibulgazio eta gizarte-sentsibilizazio arloko funtzio garrantzitsua betetzen du».
2014an, Ingurumen Sailak 0. fasea aurrera eramango du: gaur egungo egoeraren diagnostikoa egingo du, beharrak aztertuz, hala nola etorkizuneko jardueren eragin-eremua eta finantzazio-aukerak definituz.
Parte hartzeko, pertsona interesdunek proiektua ezagutu dezakete eta partaideen zerrendan sartu, galdetegia beteta eta foroan parte hartuz. Maiatzean, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan, horri buruzko tailer-foro bat egingo da.
INFO +: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-u95/eu/contenidos/noticia/onspire/eu_bio/documento.html

 

2 iruzkin
  • @Torremadariaga
    2014-02-13

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Eusko Jaurlaritza biodibertsitateari buruzko herri-plataforma zientifiko bat sortzea... http://t.co/eBMir4GhBF

  • @mirenepalacios
    2014-02-11

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco impulsa una plataforma de ciencia ciudadana en materia de biodiversidad http://t.co/KEZzROzBBG

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)