Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ondarroako arrain-lonja berriaren proiektuak herriarekin integratuko du portu-ingurua

2014.eko otsailak 07

 

• Almudena Ruiz de Angulo: «Energia-kontsumoari dagokionez eraikin jasangarria eta eraginkorra izango da, eta bere jardunak sortzen dituen hondakinak kudeatzeko prestatuta egongo da»

• «Urte osoan egunero erabiltzeko moduko esparru bizia izango da, ez bakarrik arrantzaren araberako sasoi eta ordutegiari lotua»

Iaz hasitako lizitazio-prozesuaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailak «I.A. eta Bazkideak Arkitektura Taldea» arkitektura-estudioari esleitu dio Ondarroako lonja berriaren proiektua idazteko kontratua, 235.600 €-tan gehi BEZA, eta enpresak hamar asteko epea izango du herriko arrantzale, saregin, neskatila, handizkako tratulari, eta armadoreek, arraina behar bezala, kondizio higieniko ezin hobeak bermatuta, manipulatzeko eta hark baliorik ez gal ez zezan, aspalditik premiaz eskatzen zuten esparrua eskura ipintzeko bidean.

Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok azaldu duenez, «idatzi beharreko proiektuak arraina moilara iritsi orduko haren lehen manipulazioa egiteko espazio ergonomiko eta funtzional batez hornitu behar du Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-portu nagusia, hartara produktuaren eskakizun higieniko-sanitarioak betetzeko eta balioari euts dakion. Horrez gain, definitu beharrek espazioak hiri-eremuan harmonikoki integratu beharko du, Portuko Plan Bereziaren xedapenak zein Udalaren eskakizunak errespetatuta».

Ruiz de Angulok gehitu du Ondarroako lonjak «eraikin jasangarria eta energia-kontsumoari dagokionez eraginkorra izan beharko duela, eta jardunak sortzen dituen hondakinak kudeatzeko prestatua, hartara portuko eta inguruko uraren kalitatea hobetzeko aukera emanik. Azkenik, herrian aparkatzeko dagoen beharra antolatu eta hari irtenbide bat ematen saiatu beharko du».

«Lonja berriaren proiektua -azpimarratu du azpiegituren zuzendariak- aukera aparta da portu-ingurua herriarekin integratzeko eta arrantzaz harago doazen beste erabilera zabal eta handi-nahikoago batzuk ere izateko. Lonja berriaren eraikuntzaz baliatuko gara erabilera ugariko espazio bat sortzeko, non herritarrek portuko eta itsas aurreko paisaiaz eta hango jarduerez gozatu ahal izango duten».

Jasangarria
Horretarako, kontratua esleitu zaion eskaintzak «bere barruan arrain-lonja izango duen 8.500 metro karratu inguruko paseatzeko moduko plataforma urbanoa sortuko duen eraikin-multzo bat» definitu du. «Pasaiako lonja berriaren kasuan bezala, plaza publiko berria irabaziko du Ondarroako herriak, Itsas Aurreren luzapen gisa, eta horrek konpentsatu egingo du, nolabait, espazio publikoaren eskasia, eta optimizatu, berriz, udalerrian diren espazio libre apurrak», nabarmendu Almudena Ruiz de Angulok.

Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-portuen arduradunak jo du proiektua idazteko «eraikin hibrido bat proposatzen dela, non arrantza-jarduera erdi-ezkutatuta geratuko baita plataforma urbano zabal baten pean. Handik gorantz aterako diren bi eraikin singularretan egongo dira erabilera urbano eta administratiboak. Eraikin horietan egongo dira, hain zuzen, kafetegia eta jatetxea eta erabilera askoko espazio librea, non erabilera posible ugari koka litezke, hala nola ludikoak, kulturalak eta merkataritzakoak, udalarekin eta herriko eragileekin definitzen den bezala. Erabilera askoko modu hori halako moduan egongo da eginda, non behar izanez gero, handizkako tratularientzako moduluak handitu ahal izango bailirateke. Administrazio-dorrerako herritarrentzako sarbidea ere maila horretan egongo da; profesionalen sarbidea, berriz, behe-solairutik egingo da.»

«Ondarroako lonjaren eraikina urte osoan egunero erabiltzeko moduko esparru bizia izango da, ez bakarrik arrantzaren araberako sasoi eta ordutegiari lotua. Alegia, nahiz eta lonja une batean lanean aritu ez, eraikina, plataforma urbano handi bihurtuta, bere eginkizuna egiten jarraituko du, bestelako jarduerak eta hiriaren eta portuaren arteko benetako fusioa ere eragiten», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendariak.

Barne-funtzionamenduari dagokionez, berriz, arrantza-jarduerak eta gainerako jarduerek eragiten duten zirkulazioaren arteko interferentziarik ez da gertatuko. Hori horrela izateko, arrainarekin lotutako prozedura guztiak, hasi portura iristen denetik eta kamioia irten arte, horizontalki egingo dira, deskargako moilaren maila berean, eta transferentzia bizkorra eta zuzenekoa izango da.

Nortasuna
«Asmoa da -esan du Ruiz de Angulok- ikusizko inpaktua ahalik eta txikiena izatea, eta horretarako plataforma berria zurezko zabalgune handi moduan planteatu da, moilen irudiarekin bat egiten duen harrizko oinarri baten gainean egina. Plataforma haren gainean azalduko dira, lurpetik, handizkarien moduluen pabilioia eta administrazio-dorrea, irudi industrialago batekin, horma zeharrargiekin eta. Horiei esker arintasuna izango dute bolumen biek eta ondorio bisual txikiagoa eragingo diote herriaren ikuspegiaren soslaiari. Etxaurreak horrela tratatzeak aukera ematen du, halaber, bi bolumen gorakor horiek gauez argiztatuta ikusteko, portuko itsas-argi baten moduan, Donostiako Kursaalaren kasuan bezala».

Eusko Jaurlaritzaren arduradunek lonjaren eta herritarren artean partekatutako aparkaleku bat dute buruan, zeinek bere sarbide propioa duela. Sarrera nagusia portuko sarrera murriztuko eremuan legoke; herritarrena, aldiz, kanpoan. Espazioa banatu ere egin liteke, eta aise birdimentsionatu, gortina mugikorrez nahiz bestelako irtenbide batez, erabilera-beharren arabera.

Kontratua esleitu zaion lehiakidearen programak lehiaketako oinarrietan, Plan Berezian xedatutakoa eta erredaktoreek Ondarroako portuan, eragileei egindako kontsultetan bildutako informazioa garatu du. Espazio garden gisa diseinatuko da arrain-lonja berria, arraina banatuko duen ardatz antolatzaile moduan; ezer baino lehen funtzionala, manipulazioa, lehorreratzea, sailkatzea, salmenta, banaketa eta irteera ahalik eta bizkorren egiteko. «Konplexuaren erdian gune zabal bat izango da, gardena eta balio ugarikoa, eta moilarantz irteera zabalak izango ditu. Banatzeko kamioiak kargatzeko sarrera egokia izan beharko du, eta baskula, jela-ontziak, kutxak eta, estrategikoki antolatuta egongo dira», azpimarratu du Ruiz de Angulo zuzendariak.

«Proiektuaren ezinbesteko baldintza zen aretoak klimatizazio ezin hobea izatea, lur hoztailez hornituta eta bolumenak sektorizatuta. Altuera aldatzeko moduko eremuak izango dira, malguak, alegia. Armadoreen eta handizkarien erabilerak eta mugimenduak bereizi eta banandu egingo dira. Beraz, eraikin jasangarria izan beharko du, bai ustiapen-fasean, bai eraikuntza-fasean», gehitu du Ruiz de Angulok.

Elkarlana
Proiektuaren garapen funtzionala arraina lehorreratzeko, erakusteko eta saltzeko behar den espazio-beharraren arabera gauzatuko da. Arrain-bolumena, jakina, ez da beti bera izaten, eta urte-sasoiarekin eta, inoiz, egunarekin ere aldatzen da. «Lan handia dago oraindik egiteko elementu horiek guztiak planoetan eta dokumentuetan egoki islatzeko eta eraikin singular hau eraikitzeko», adierazi du Ruiz de Angulok.

Horiek guztiak behar bezala definitzeko, Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendaritzak lan-mahai bat egiteko deia egingo die Udalari eta arrantzan eta arrainaren manipulazioan, estiban eta deskargan diharduten eragileei. Lan horietan hartuko dute parte Eusko Jaurlaritzako Arrantzako zuzendaritzak eta Hazi eta Azti-Tecnalia enpresek ere.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)