Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskotren'eko burnibidea- eta tranbia-lineek mugikortasun jasangarria sustatzeko orduan izandako garrantzia nabarmendu du Oregik Eusko Legebiltzarrean

2014.eko otsailak 07


• Eusko Jaurlaritzak 1.300 milioi euro inbertitu ditu hamaika urtean

Euskal trenbide-sare propioa edo Euskotrenek emandako zerbitzua mugikortasun jasangarriaren oinarrietako bat da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritziz, eta 1.300 milioi euro inbertitu dira bertan azken hamaika urteetan. Euskal Autonomia Erkidegoko garraioen eta logistikaren arduradun nagusiak honela azaldu du hori legebiltzarrean egindako agerraldian: «euskal trenbide-sare propioa gure lehentasunetako bat da garraio jasangarri, arin eta erakargarri bat lortzeko, eta lehentasunezko arreta eskaintzen diogu plangintzari, kudeaketari eta mantentzeari dagokionez».

Oregik adierazi duenez, «Jaurlaritza gogotik lan egiten ari da abiadura handiko trenbide-azpiegitura bat garatzeko; autonomia-erkidegoko hiru hiriburuak Irun eta Bordelerekin lotuko ditu horrek, bai eta penintsulako erdialdearekin ere, Ardatz Atlantikoa deitutakoaren barruan. Baina egunez egun beste trenbide-sare batzuk ere kudeatzen, lantzen eta garatzen ditugu gure herrialdean mugikortasun jasangarria ahalbidetzeko; hala, herritarrek egunero erabiltzen dituzten sare horiek Euskotreneko tranbia, metro eta trenetan egindako hiri barneko zein hiriarteko joan-etorrietan».

«2001 eta 2012 urteen artean, gure trenetan eta tranbiatan 1.298.720.347 euro inbertitu dira orotara. % 9 Araban, tranbia baizik ez dugunez; % 40 Gipuzkoan, eta % 51 Bizkaian», zehaztu du sailburuak.

2001 urtean, 52.522.971 euroko inbertsioak egin ziren. 2006an, 62 milioi inbertitu ziren. Urtebete geroago, 77 milioi. 2008an, 125. 2009an, 146. 2010ean, 186 milioiko inbertsioa egin zen, 277koa 2011n eta 158 milioi eurokoa 2012 urtean. Zenbateko horiek ez dituzte barne hartzen Gobernuak kudeatutako beste trenbide batzuk, Bilboko metroaren 1. eta 2. lineak, kasu, ezta euskal trenbide-sare berria ere, Sustapen Ministerioaren menpe dagoenez.

«Orotara, azken hamabi urteotan 1.110 milioi euroko inbertsioa egin dugu trenetan eta 188koa tranbiatan. Azpiegiturak hobetzera 238 milioi euro bideratu ditugu», azaldu du Oregik. «Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen trenbide-sare propioak egunean milaka euskal herritar garraiatzen ditu. Araban, hiriburuko tranbia besterik ez dago gure esku, baina Ministerioak Manzanos, Langraiz eta Gasteiz arteko Renferen aldirietako zerbitzuei eustea lortu dugu».

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza «txartel bakarra lortzeko lanean ari da; jada abian da Ermua eta Elgoibar artean, eta heldu den urtean Bilboko eta Gasteizko tranbietara zabalduko da, bai eta, hala espero dugu, Baiona/Donostia zerbitzuetara ere. Akitania-Euskadi Euroeskualdeko mugikortasunari buruzko lan-bileretan lantzen dute gaia, non Euskotreneko zerbitzuek, eta Donostialdea metroaren/Topoaren zerbitzuek, Hendaiako geltokian, Baionara arteko TER/SNFC zerbitzuekin duten lotura hobetzeko lanean ari diren».

«Hendaiako lotura akasgabea izan behar da: ordutegiak bat etorri behar dira noranzko bateko zein besteko Donostiako Metroaren eta TER zerbitzuaren erabiltzaileei konexioa errazteko, eta, aldi berean, joan-etorri horiek areagotuta, autoaren erabilera murrizteko», zehaztu du Oregik, eta hauxe nabarmendu du ondoren: «euskal trenbide-sare propioa gure lehentasunetako bat da garraio jasangarria, arina eta erakargarria lortzeko. Horregatik, lehentasunezko arreta eskaintzen diogu plangintzari, kudeaketari eta mantentzeari dagokionez».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)